Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Urriak 17

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Atena Fundazioari harrera egin dio

Desgaitasuna duten pertsonen bizi-baldintzak garatu eta hobetzeko Legebiltzarrak duen konpromisoa azpimarratu du Unai Hualdek

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin die gaur goizean Atena Fundazioko ordezkariei. Arantxa Garatea zuzendari kudeatzaileak eta Sandra Ayelo zuzendari artistikoak osatu dute ordezkaritza.

 

Bileran, Garateak eta Ayelok Fundazioaren lana azaldu dute, eta pertsonen eskubideak bermatzearen eta garatzearen garrantzia azpimarratu dute, besteak beste, arterako eta kulturarako sarbide unibertsalari dagozkionak, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Konbentzioan xedatutakoaren arabera.

 

Horri dagokionez, ATENA Fundazioak bere burua eskaini du, abenduaren 3an Nafarroaren Egunarekin bat egiten duen Desgaitasunaren Eguna dela eta, bere azken ikuskizuna Ganberaren egoitzan antzezteko, Parlamentuak urtero horretarako antolatzen duen jarduera-programaren barruan.

 

"Ikuskizun berri bat dugu, Sustraiak, Nafarroako aniztasun kultural, folkloriko eta paisajistikoan barrena bidaia bat egiten duena. Arteak gizarte-aldaketarako tresna gisa duen gaitasunaren eta pertsona askoren bizitzan duen eraginaren erakusgarri ona da ikuskizuna. 15 eta 51 urte bitarteko 17 artistak parte hartzen dute, desgaitasunen bat izan edo ez, eta proiektu hau haz dadin ahalegin handia egiten dute", azaldu du Sandra Ayelok.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, azpimarratu du erakundeak "konpromiso irmoa" duela "desgaitasuna duten pertsonen eskubideekiko", eta prest agertu da "Fundazioaren eta arlo horretan lan egiten duten gainerako erakundeen lana ikusarazten lagunduko duten lankidetza-bideak irekitzen jarraitzeko. Atena ez da berria Parlamentuan, dagoeneko bisitatu gaitu "Nafarroa koloretan" bezalako erakusketekin eta Emakumearen eta Desgaitasunaren Kongresua itxi zuenaren moduko jarduerekin".

 

Jarduera artistikoak ahalmen intelektualak, emozionalak eta psikomotorrak indartzen dituela sinetsita, senide talde batek sortu zuen Atena fundazioa 2001 urtean. Desgaitasuna duten pertsonen garapen integrala sustatzen du. Horretarako, beren bizi-kalitatea hobetzeko eta beren bizi-proiektuan laguntzeko, artea eta pedagogia uztartzen dituen metodologia propioa eta berritzailea erabiltzen dute.