Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra onetsi da
Nafarroako ordenamendura txertatuko dira fiskalitatearen arloko administrazio lankidetzari buruzko 2021/514 Europako Zuzentarauak sartutako aldaketak
Parlamentuko Osoko Bilkurak onetsi du gaur Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorra aldatzea, fiskalitatearen arloko administrazio lankidetzari buruzko 2021/514 Zuzentarauak (EB) sartutako aldaketen transposizioa egiteko asmoz. UPNk, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, Contigo-Zurekinek eta PPNk aldeko botoa eman dute eta Voxek, berriz, aurkakoa.
Zuzentarau horren helburua da Europar Batasunean informazioa trukatzeko eta administrazio-lankidetzarako esparrua hobetzea, ekonomiaren digitalizazioak planteatzen dituen erronkei heltzea eta zergak modu eraginkorragoan biltzen laguntzea. Horretarako, informazioa emateko betebehar berria ezartzen zaie plataforma digitalen operadoreei.
Transposizioak baterako ikuskapenen eta aldibereko kontrolen araubidea arautzeko beharra sortzen duenez, baita Espainian beste estatu kide batzuetako funtzionarioen presentziari –eta alderantziz– dagozkion zenbait gai arautzeko beharra ere, ezartzen da funtzionarioei eta zerga-administrazioari egindako aipuak funtzionarioei egindakotzat joko direla edo, hala badagokio, Nafarroako Tributu-administrazioari, Hitzarmen Ekonomikoan aurreikusitako eskumen eta eskudantzien arabera.
Foru Legearen erreformak modu puntualean eragiten die plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoei; izan ere, behartutako bitartekariei ezartzen zaie pertsona fisikoa den zergapeko orori nahitaez jakinarazi beharra hari buruzko informazioa Zerga-administrazioari emanen zaiola eta 2011/16/EB Zuzentarauaren arabera transferituko dela.
Testuinguru horretan, eta Espainiak ELGAn sinatutako Alde Anitzeko Akordioaren ondorioz, plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoen araubide juridikoa egokitu da Zerga-administrazioak informazioa izan dezan, informazioa komunikatzeko estandar komuna saihesten dituzten mekanismoak eta lurraldez kanpoko egitura opakuak saihesten dituzten mekanismoak trukatze aldera.
Era berean, zerga-plangintzako mekanismo jakin batzuei buruzko informazioa emateko betebeharraren araubidea egokitu egiten da 2011/16/EB Zuzentarauaren (estatu kideen arteko administrazio-lankidetza segurua) 8. artikuluko 5. paragrafoa baliogabetzat jotzen duen Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiaren ondoriozko jurisprudentziara. Izan ere, ulertzen da sekretu profesionalak babestutako bitartekariei sekretu horren erabilera beren bezero ez diren gainerako bitartekariei jakinarazteko betebeharra ezartzeak "urratu egiten duela Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 7. artikulua".
Beraz, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra Nafarroako gainerako ordenamendu juridikoarekin eta EBko zuzenbidearekin koherentea dela bermatze aldera, beharrezkoak diren aldaketak sartzen dira 2021/514 Zuzentarauaren transposizioa eta Espainiak sinatutako Agintaritza Eskudunen arteko Alde Anitzeko Akordioaren inplementazioa gauzatzeko, ELGAren eremuan plataforma digitalen bidez lortutako errentari buruzko informazioa automatikoki trukatzeko.
Zuzenketak egiteko epea amaituta, ez da bat bera ere erregistratu; hori horrela, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra aldatzen duen Foru Legearen eztabaida eta bozketa Osoko Bilkuran egin da zuzenean.
Foru Legea NAOn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean; dena den, 1., 4. eta 2.6. paragrafoei 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeragintasuna ematen zaie.
- www.parlamentodenavarra.es
- Foru lege proiektua (9. NPAO, 2023-09-15ekoa)