Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Urriak 19

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena errenta txiki eta ertainen erosahalmenaren galera arin zezan

Gobernua babesten duten taldeek UPNren asmoa gaitzetsi dute, hau da, neurri fiskalak ezartzea inflazioak eragindako errenta galera arintze aldera

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “neurri fiskalen lehen sorta bat abiaraz dezan errenta txiki eta ertainen erosahalmenaren galera nabarmena leuntzeko, 2023ko urtarrilaren 1etik aitzinako eraginez”.

 

Horrez gain, eskatzen zen “PFEZaren likidazio-oinarriak doitzea, PFEZeko tarifaren deflaktazio progresibo baten bidez, % 7aren eta 9,5aren artekoa, 50.000 eurorainoko errentetarako”.

 

Proposatzen zen, baita ere, “% 5eko deflaktazioa gutxieneko personal eta familiarretan”.

 

Era berean, “% 9ko deflaktazioa” planteatzen zen “lanagatiko kenkarietan, 50.000 eurorainoko lan-etekinetarako”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak duela bi urte hasitako inflazioaren iraupenean justifikatzen du bere ekimena, eta bereziki aipatzen du azpiko inflazio-tasa, % 6tik gertu dagoena. “Datu hori kezkagarria da, erakusten duelako prezioen bilakaerak, faktore iragankor edo koiunturakoak gorabehera, ez duela baretu nahi, eta horrek pentsarazten du berandutuko dela prezioen egonkortasunarekin bateragarri diren balioetara itzultzea”.

 

Testuinguru horretan, eta familien erosteko ahalmenaren galera progresiboaren harira, kasu askotan hipoteken interes-tasen igoerak areagotuta (une honetan % 4,5ean, 2001etik izan den baliorik handiena), Gobernua premiatzen zen errenta eskuragarriaren galera arinduko duen zerga-erreforma sustatzera.

 

Horri dagokionez, “BEZaren nahiz PFEZaren diru-bilketaren areagotzeak, prezioei doitu gabeko datu nominaletan ezarrita dauden oinarriei kargak ezartzean inflazioa zerga gehigarri bat bihurtzen duela” argudiatzen da.