Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Urriak 20

Jatorri politikoko indarkeria zeharo deslegitimatzeko oinarri izanen den esparru etiko bat finkatzeko ponentzia bat eratzeko proposamena atzera bota dute

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Batzordeak “jatorri politikoko indarkeria –terrorismoa, alegia– zeharo deslegitimatzeko oinarri izanen den esparru etiko komun eta partekatu bat finkatzeko” ponentzia bat eratzeko proposamena ezetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren eta PPNren aldekoekin (Voxek ez du bozketan parte hartu).

 

Zioen azalpenean, UPNk sustatutako ekimenak "hamarkadetan zehar" terrorismoak Nafarroan utzi zituen ondorioen berri ematen du; izan ere, "hilketak, zaurituak, mehatxuak eta estortsioak ugariak izan ziren arren, ez ziren aho batez gaitzetsi", eta, horri dagokionez, aurreko Gobernua (2019-23) sostengatu zuten indar politikoen Akordio Programatikoa aipatzen du, bertan “inoiz eratu ez zen" helburu bereko ponentzia bat sortzeko proposamena agertzen zela adierazteko.

 

Horregatik, "Nafarroan erakunde terrorista aktibo nagusiak (ETAk) bere desegitea iragarri eta bost urtera", eta Alderdien Legea "bete" arren, "laguntza estrategikoa, taktikoa eta politikoa eman zioten alderdien oinordekoek oraindik ez dutenez gaitzesteko pausorik eman", beharrezkoa da "marko etiko komun eta partekatu bat finkatzea", bestela, "gaitzespen esplizitu hori gabe, ezinezkoa baita aurrera egitea, ezta ez errepikatzeko bermerik izatea ere".

 

Aipatzen diren erakunde terroristen artean, ETAz gain, Komando Autonomo Antikapitalistak, Iraultza, A Hirukoitza eta Espainiako Talde Armatuak daude.

 

Itxaso Soto, lehendakari berria

 

Aurretik, Itxaso Soto (Geroa Bai) aukeratu dute Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Batzordeko lehendakari Uxue Barkosen ordez, Foru Erkidegoko senatari hautatu ondoren.

 

Sotok aldeko 8 boto jaso ditu, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo Zurekin alderdien babesarekin. Gainera, 5 boto zuri eta baliogabeko bat erregistratu dira.

 

Batzordeko Mahaia Javier Trigo lehendakariordeak eta Carlos Guzmán idazkariak osatzen dute.

 

Itxaso Soto (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten gainerako parlamentariak izan dira Iñaki Iriarte, María Jesús Valdemoros, Javier Trigo, Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN), Inma Jurío, Javier Lecumberri, Ibai Crespo (PSN), Eneka Maiz, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Mikel Asiáin (Geroa Bai), Javier García (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus