Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Urriak 25

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Nafarroako Museoa bisitatu du

Funtsen kontserbazioa, zabalkundea eta jarduerak ezagutzeko eta Europako funtsen bidezko birgaitze proiektuaz informazioa jasotzeko

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordea gaur Nafarroako Museoa bisitatu du. Orotariko museoa da eta Nafarroako ondareko artelan bakanak biltzen ditu, Historiaurretik hasi eta gaur egunera artekoak.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Ana Elizalde, Félix Zapatero (UPN talde parlamentarioa), Ibai Crespo (PSN talde parlamentarioa), Mikel Zabaleta (EH Bildu talde parlamentario), Itxaso Soto (Geroa Bai) eta Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Museoko zuzendari Mercedes Joverrek eta Nafarroako Museoen Zerbitzuko zuzendari Susana Irigarayk.

 

Bisitaren helburua izan da "funtsak kontserbatzeko eta zabaltzeko jarduera ezagutzea, egiten diren ekintzak ezagutzea, Europako funtsen bidezko birgaitze-proiektuari buruzko informazioa lortzea eta Museoaren premien berri ematea".

 

Batzordeko kideek ibilbide gidatua egin dute museoa eratzen duten espazioetan barrena. Museoko funtsek 80.000 pieza baino gehiago dituzte eta horietatik 6.000 daude ikusgai, "historiaurretik XXI. mendera arte Nafarroako ondare aberats eta bereziaren erakusgarri interesgarria".

 

Bisitaldian zehar, Susana Irigarayk azaldu du Nafarroako Museoa erakusketa iraunkorra berritzeko prozesuan murgilduta dagoela azken urteotan, bisitariei diskurtso museologiko berri "erakargarri eta eskuragarriago" bat eskaintzeko helburuarekin. "Publikoari museoa bisitatzeko modu gaurkotuagoak ematea da helburua, XXI. mendeko gizarte berriaren interesekin bat egiten duten beste begirada eta ibilbide batzuk bilatzearen alde eginez", zehaztu du.

 

Eskaintza berria 2017an hasi zen zaharberritze proiektutik sortutakoa da. Eskaintza horrek obraren eta bisitariaren arteko harremanari beste era batean ekitea du xede. Horretarako, aroen eta estiloen ohiko banaketari uko eginda, Erdi Aroko obrak modernoekin nahastu dira, eta espazio berriak zabaldu zaizkie beste arte-alor batzuei (musika, dantza, argazkigintza), interesari eusteko eta publiko berriengana iristeko. Era berean, Nafarroako Museoak irisgarritasun unibertsalean jarri du "fokua", irakurketa errazean eta braillean gidak gaituz eta soinu-begiztak erabiliz.

 

Erakusketa iraunkorra gaurkotzeari dagokionez, azkenaldiko produkzioaren balioa nabarmentzearen alde apustu egiteaz gain, “obrak aurkezteko modua erabat berritzen duen” formula baten bitartez egin da. Hirugarren eta laugarren solairuetako edukiari dagokion aurreikuspen horren osagarri gisa, bi areto berri ireki dira erakusketa luzeetarako. Kapera ere urtero erabiltzen da, bestelako arte-adierazpenak eskaintzeko, hala nola kontzertuak edo dantza-erakustaldiak. Bigarren gunea, jada laugarren solairuan, argazki erakusketetarako erabiltzen da, hilero halako erakusketak eginez.

 

Mercedes Joverren esanetan, “diskurtso aldaketa bat bilatu da, museografia zaharkituta zegoelako bai edukiaren aldetik bai aurkezpenaren aldetik. Diskurtsoa jada ez da kronologikoa eta estankoa. Arte ororen arteko bizikidetza lortu nahi dugu. Gainera, arte garaikiderako leku gehiago hartu nahi genuen, 90eko hamarkadatik eskatzen ari zen moduan. Baditugu proiektu eta ekimen berriak esku artean, baina langile urritasunak mugatzen gaitu oraindik”.

 

Era berean, Museoak bere webgunea berritu du, eta bertatik CER.ESen (Sareko Bildumak) eskuragarri dauden museoko piezak ikus daitezke. Katalogo kolektibo hori online dago, eta Espainiako Museoen Bildumen Sare Digitala osatzen duten museoen kultura-ondasunen aukeraketa garrantzitsu baten informazioa eta irudiak biltzen ditu.

 

Nafarroako Museoko energia-efizientzia hobetzeko obren proiektuari dagokionez, Irigarayk azaldu du proiektuak higiezinaren inguratzaile termikoari ekin nahi diola “haren portaera higrotermikoa –tenperatura eta hezetasun baldintzak– eta energia-efizientzia hobetzeko eta, horrela, karbono aztarna murrizteko”.

 

Hobekuntza horri esker, "gaur egun gordeta dauden obra asko ikusgai egongo dira, beren kontserbazioa egokia izan dadin berariazko baldintza batzuk behar baitira, orain arte betetzen ez zirenak".


Irigarayk azaldu duenez, duela gutxi lizitatu da Next Generation EU funtsez finantzatutako proiektuaren idazketa, eta obren lizitazioa datorren urteko udatik aurrera egitea aurreikusten da, proiektua osorik 2025eko urrian amaitu ahal izateko.

 

Bilera amaitu ondoren, Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeko eledunek azalpenak eskertu dituzte, eta informazioa bildu dute behar diren ekimenak onartzeko, hala egokitzen bada.

 

Nafarroako Museoa (1956) Andre Maria Errukizkoaren ospitalea izandako eraikinean kokatuta dago, eta 25 langile ditu plantillan: 17 aretozain, bi administrari laguntzaile, mantentze-lanetako ofizial bat, bulegoburu bat, atalburu bat eta goi mailako hiru teknikari.

 

Nafarroako Erdi Aroko artelan bikainak ditu ikusgai, esaterako Iruñeko katedral erromaniko zaharreko kapitelak edo Leireko kutxatila, Errenazimentuko, Barrokoko eta geroagoko obra ugarirekin batera.

 

Nafarroako margolaritzan funtsezkoak diren obra batzuk daude Museoan, besteak beste Javier Cigarenak edo Jesús Basianorenak, baita Nafarroarekin lotura duten artisten bilduma garaikidea ere (Martín Caro, Oteiza, Royo, Salaberri, Aquerreta edo Manterola), eta Francisco de Goyaren erretratu onenetako bat, San Adriango markesa.