Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Azaroak 7

Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuak eta NUPek bilera egin dute 2021-2030 Pobreziaren eta Desberdintasunaren aurkako Nafarroako Ituna ebaluatzen duen tresna aztertzeko

Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bilera egin dute gaur goizean, 2021-2030 Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunaren garapena ebaluatzeko diseinatutako tresna metodologikoarekin egin den lana partekatzeko.

 

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Begoña Pérez NUPeko errektoreordearekin eta Javier López Arceiz eta Inazio Irigoien NUPeko ikertzaile-taldeko kideekin batera, Felix Taberna Gobernuko lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariari eta Txerra García de Eulate Analisi eta Prospekzio Bulegoko zuzendariari sortutako tresna eta webgunea aurkeztu dizkie.

 

Bileran, egiaztatu da NUPek proposatutako tresna eta talde parlamentarioen, gizarte-erakundeen eta unibertsitatearen arteko lan koordinatu eta adostua gobernantzarako elementu berritzailea direla. Gobernuak tresna aztertzeko eta hobekuntzak proposatzeko borondatea agertzeko ere balio izan du bilerak.

 

Lehen lehendakariorde Félix Tabernak adierazi du Nafarroako Gobernuak erabateko prestutasuna duela Nafarroako Parlamentuarekin eta NUPekin tresna hori elkarlanean erabiltzeko, Foru Gobernuaren Analisi eta Prospekzio Bulegoak erabileraren egokitzapenean egin ditzakeen ekarpenen bidez.

 

2021eko otsailean sinatutako itunak 2007an hartutako konpromisoak berritu, eguneratu eta zabaldu zituen. Testuak 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak lotzen dituzten adierazle batzuk ezartzen ditu. Unai Hualdek joan den urriaren 17an, Pobrezia Desagerrarazteko Munduko Egunaren esparruan, tresna horren aurkezpenean adierazi zuen bezala, "Legebiltzarraren eta gobernuaren jarduna hobetzen duen tresna da, baita gure Erkidegoko elkarte eta entitateekin lotzen gaituen tresna ere".