Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 9

Parlamentuak Cristina López, Kevin Lucero, Irati Jiménez eta Blanca Regúlez hautatu ditu Nafarroako Gardentasun Kontseiluko kide izateko

Gardentasuna sustatzea helburu duen organo independentea da Kontseilua, publizitate aktiboaren arloko beharkizunak betetzen direla zaindu eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea bermatzen ditu

Nafarroako Parlamentuak Cristina López (UPN), Kevin Lucero (PSN), Irati Jimenez (EH Bildu) eta Blanca Regúlez (Geroa Bai) hautatu ditu Nafarroako Gardentasun Kontseiluko kide izateko, izan ere, Legebiltzarrak organo honetarako lau ordezkari hautatzeko eskubidea dauka.

 

Cristina Lópezek, UPNren hautagaiak, 20 boto lortu ditu, Kevin Lucerok (PSN) 10, Irati Jimenezek (EH Bildu) 9, eta Blanca Regúlezek (Geroa Bai) 7. UPNren kasuan izan ezik, zeinari PPNk eta Voxek eman dioten botoa, gainerako kasuetan, boto kopurua talde bakoitzaren eserleku kopuruarekin bat etorri da. 3 boto zuri erregistratu dira, Contigo-Zurekinen jarrerari dagozkionak.

 

Isilpeko bozketa bidez egin da hautaketa, txartelak erabiliz, eta parlamentari bakoitzak hautagai bakarra bozkatu du, ordezko batekin. Ordezkoak hurrengoak dira: Marta Álvarez (UPN), Maite Esporrín (PSN), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu) eta María Solana (Geroa Bai).

 

Hautatuek Javier Lecumberri (PSN) eta Adolfo Araiz (EH Bildu) parlamentariak eta Cristina Ibarrola (UPN) parlamentari ohia ordezkatuko dituzte, hirurak 2019ko irailaren 26an izendatuak. Blanca Regulezek (Geroa Bai) karguan jarraituko du.

 

Nafarroako Gardentasun Kontseiluko lehendakaria hautatzeke dago oraindik, eta osoko bilkurari dagokio hori ere. Epea luzatu ondoren, hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 16an amaituko da, 17:30ean. Legebiltzarreko talde bakoitzak hautagaitza bat aurkeztu ahal izango du, ospe eta gaitasun profesional handiko pertsona izan beharko duena. Gehiengo osoa behar da. Agintaldia ezin da berritu, eta lau urterako da.

 

Osoko Bilkurak 2016ko apirilaren 21ean Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen aldaketa bat onetsi zuen eta haren ondorioz sortu zen Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua. Organo independentea da, Gobernuaren publizitate aktiboaren arloko betebeharrak eta herritarrek Gobernuaren esku dagoen informazio publikoa jasotzeko duten eskubidea zaindu behar dituena.

 

Nafarroako Gardentasun Kontseiluaren eginkizunak dira, esaterako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoko gainerako entitateek, baita bere lurraldean eta kasuko sektore publikoan sarturik dauden toki entitateek ere, informazio publikoa eskuratzearen arloan emandako berariazko edo presuntziozko ebazpenen kontra aurkezten diren erreklamazioen berri izatea.

 

Horrez gain, Kontseiluak Gardentasunaren arloan Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea garatzen duten edo arlo horrekin loturik dauden arau proiektuei buruzko aginduzko txostenak eman beharko ditu.

 

Gainera, gardentasuna bete behar duten entitate eta erakundeek arlo horretan dituzten beharkizunak noraino aplikatu eta betetzen dituzten ebaluatzea; beharkizun horiek hobeki betetzeko gomendioak ere egiten ahalko ditu.

 

Nafarroako Parlamentuan memoria bat aurkeztu beharko du bere lanei buruz eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legean ezarritako xedapenen betetze mailari buruz.

 

Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakari titularra Nafarroako Parlamentuak izendatuko du, lau urteko epe ez luzagarrirako, erabateko gehiengoaz.

 

Parlamentuak hautatutako lau kideez gain, Kontseilua osatzen dute Gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari batek, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko hiru ordezkarik, Nafarroako Kontseiluaren ordezkari batek, Kontuen Ganberaren ordezkari batek, Nafarroako Arartekoaren ordezkari batek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkari batek.