Nafarroako Parlamentuak erabaki du erakundearen sari gorena ematea emakumezkoen kirola hobetu eta bistaratzeko lan egiten duten pertsona, entitate eta taldeei
Nafarroako Taekwondo Federazioko lehendakariak eta ATEDENA-NAKITELen ordezkari batek jasoko dute domina, Nafarroaren Egunaren harira antolatutako ekitaldi batean
Eledunen Batzarrak onetsi duen adierazpen instituzional batean, Nafarroako Parlamentuak erabaki du erakundearen sari gorena ematea Nafarroako kirolaren arloan egiten duten lanaren bidez emakumezkoen kirola gure Komunitatean hobetzen eta bistaratzen lagundu duten pertsona, entitate eta taldeei. Lehendakaritzak aurkeztu du.
Parlamentuaren domina emateko ekitaldia abenduaren 1ean izanen da, osoko bilkuren aretoan (10:00), 2023ko Nafarroaren Eguna dela-eta antolatu den jarduera-egitarauaren barruan. Besteak beste, ate irekiko bi jardunaldi ere eginen dira, azaroaren 27an (18:30 eta 19:30) eta azaroaren 28an (16:30, 17:30 eta 18:30). Interesa duenak 948 209 209 telefonora deituta izena eman dezake.
Honako hau dio onetsitako adierazpen instituzionalak:
“1. Nafarroako Parlamentuak esker ona adierazten die Nafarroako kirolaren arloan egiten duten lanaren bidez gure Komunitatean emakumezkoen kirola hobetzen eta bistaratzen lagundu duten pertsona, entitate eta talde guztiei.
2. Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen du emakumezkoen kirolak Komunitatean duen garrantzia.
3. Nafarroako Parlamentuak azpimarratu nahi du kirol federazioek eta toki entitateek emakumezkoen kirolaren alde egiten duten lana.
4. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du emakumezkoen kirola sustatzen duten politika publikoen garapenean lanean jarraitzea.
5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gure Komunitatean emakumezkoen kirolaren balioa nabarmentzera bideratutako jarduerak garatzeko.
6. Nafarroako Parlamentuak erakunde honen sari gorena den Nafarroako Parlamentuaren Domina emanen die Foru Komunitateko kirol federazioen ordezkariei, ATEDENA-NAKITEL elkarteari eta kirolaren arloko talde eta entitate guztiei, berdintasunaren alde eta erakundeekin elkarlanean jarduteagatik.