Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Azaroak 22

Eskubide Sozialetako Batzordea bisitan joan da Valle de Salazar zahar-egoitzara

Bisitaren xedea da instalazioak birgaitzeko proiektua ezagutzea, zeinari ekiteko Udalak laguntza ekonomikoa eskatzen baitu

Eskubide Sozialetako Batzordea –UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioen ekimenez– bisitan joan da gaur Otsagabiko Valle de Salazar zahar-egoitzara. Otsagabiko Udalaren mendeko erakunde autonomo horrek 34 pertsona har ditzake arreta iraunkorrean, eta 10 pertsona eguneko egonaldian.

 

Honako parlamentari hauek joan dira: Raquel Garbayo (UPN talde parlamentarioa), Olga Chueca (PSN talde parlamentarioa), Javier Arza (EH Bildu talde parlamentarioa), Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).

 

Honako hauek egin diote harrera Legebiltzarraren ordezkaritzari: Elvira Ruiz, zahar-egoitzaren zuzendaria; Mikel Aoiz, Otsagabiko alkatea; Misael Narros, LARESeko kidea; Gustavo Goiena, Zaraitzuko Batzarreko lehendakaria; Karlos Bueno, Aezkoako Batzarreko lehendakaria, eta zahar-egoitzako langileak eta erabiltzaileak.

 

Bisita egitea proposatu duten talde parlamentarioetako eledunek beren lehen hitzetan azaldu dutenez, bisitaren xedea da “bertatik bertara ezagutzea zahar-egoitzaren instalazioak eta egoitza-eredua, bai eta zentro horrek mendekotasunari arreta emateko dituen beharrak ere”.

 

Jarraian egin duten bileran, Valle de Salazar zahar-egoitza barne hartzen duen Egoitzen eta Zaharrei Arreta Emateko Zerbitzuen Elkarte-sektore solidarioko (LARES) kide Misael Narrosek instalazioak berritzeko beharra azaldu du, zerbitzua eta erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzeko, baita irisgarritasuna ere.

 

Zehazki, proiektuak proposatzen du banako gelak sortzea –gaur egun 17 gela bikoitz daude– eta erabiltzaileei ematen zaien arreta hobetzea ahalbidetuko duen telekomunikazio-sistema bat ezartzea. Era berean, bigarren igogailu bat instalatzea jasotzen du, eta bestelako irisgarritasun-hobekuntzak, hala nola sarbideak nibelatzea eta ateak mugikortasun urriko pertsonen beharrizanei egokitzea.

 

Proiektuaren hasierako kostua 494.393 eurokoa zen, eta Nafarroako Gobernuak Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 200.000 euroko dirulaguntza eman zuen proiektuari ekiteko. Alabaina, horniduren kostuen eta KPIaren igoeraren eta “prezioak igotzen dituen” kokalekuaren ondorioz, gauzatze-proiektuaren kostua 734.677 eurora igo da, eta Udalak “ezin du kopuru hori bere gain hartu, ezta Zaraitzuko Batzarraren laguntzarekin ere”. Ildo horretan, Udala birgaitze hori egiteko laguntza ekonomikoa bilatzen ari da, horrela ez galtzeko Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jasotzeko aukera.

 

Bestalde, planteatu dute egoitzaren kudeaketa Zaraitzu, Erronkari eta Aezkoa ibarrek ekarrekin egitea, “Pirinioetako zahar-egoitza” bihur dadin, eta Landa Eremuko Eguneko Zentro bat sortzea Erronkari Ibarrean.

 

Mikel Aoizek adinekoentzako edo mendekotasun moderatua duten pertsonentzako zerbitzu gehiago sortzeko premian jarri du arreta; izan ere, zahar-egoitza adineko askok erabiltzen duten baliabide bihurtu da, beste aukerarik ez dutelako. Ildo horretan, zenbait zerbitzu sortzearen alde egiten dute, hala nola “jantoki sozialak, eguneko zentroak edo tailerrak, zahar-egoitzan sartzea atzeratzen edo, are, bertan sartzea ekiditen dutenak”.

 

Aoizek gaineratu duenez, “despopulazio-arrisku handiko eremu batean gaude, eta, beraz, mendekotasuna duten pertsonentzako zerbitzuak sortzeak lagunduko du, alde batetik, adinekoek beren etxea utzi eta Iruñera edo eremu erosoago batera joan beharrik izan ez dezaten, eta, bestetik, enplegua sortuko du eta gazteak gera daitezen lagunduko du”.

 

Bilera amaiturik, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeetako eledunek eskerrak eman dituzte azalpenengatik eta informazioa bildu dute, inoiz ekimenen bat abiarazi nahi balute ere.