Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Azaroak 22

Nafarroako Parlamentuak Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunari atxikitzeko ekitaldia eginen du ostegunean

Legebiltzarreko gobernu organoak adierazi du emakumeen kontrako indarkeriaren forma guztien aurka dagoela, eta azpimarratu du konpromisoa duela sentsibilizazio, prebentzio eta jarduketa zereginak gauzatzeko

Nafarroako Parlamentuak osoko bilkura etenen du ostegunean, urtero azaroaren 25ean ospatzen den Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunari atxikitzeko ekitaldi instituzional bat egiteko (atalondoan, 12:00etan).

 

Horixe erabaki du gaur eguerdian Parlamentuko Mahaiak, aurrez hiru testu desberdinetatik abiatuta adierazpen instituzional bat adosteko hiru saiakeratan huts egin ondoren. Alabaina, ez Lehendakaritzak proposatutako testuak, ezta EH Bildu eta Vox talde parlamentarioek proposatutakoek ere, ez dute behar adina adostasunik lortu.

 

Azkenean, Legebiltzarreko gobernu organoak, Mahaiaren erabaki baten bidez, azaroaren 25eko ospakizunari atxikitzeko adierazpen politikoa onetsi du; beraz, ostegunean Nafarroako Parlamentuan egun hori berriro ospatuko da, foru legebiltzarraren gehiengoak hala erabaki baitu.

 

Hau dio Mahaiaren erabakiak:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak emakumeen kontrako indarkeriaren forma ororen aurkako errefusa adierazi nahi du, zeinahi ere diren esparrua eta testuingurua.

 

2. Nafarroako Parlamentuak adierazi nahi du, halaber, konpromisoa duela emakumeen eta gizonen arteko desparekotasunak ezabatzeko lan egiten jarraitzeko, bai eta agenda politikoan neskek eta emakumeek indarkeriarik gabeko bizitza bat izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak sartzeko ere, eta, horretarako, Nafarroako Gobernuarekin, toki entitateekin eta emakumeen, feministen eta gainerako herritarren kolektiboekin eginen du lan.

 

3. Nafarroako Parlamentuak erabaki du lan egiten jarraituko duela sentsibilizazioaren, prebentzioaren, arretaren, esku hartzearen eta erreparazioaren esparruetan.

 

4. Parlamentuak adierazi nahi du konpromisoa duela erasoak jasan dituzten emakume eta neska guztiekin, bai eta eraildakoekin ere, eta indarkeria sexista pairatu duten edota pairatzen duten beren seme-alabekin ere bai.

 

5. Nafarroako Parlamentuak zuzenean interpelatzen ditu adin guztietako gizonak, konpromisoak har ditzaten eta emakumeen aurkako indarkeria ororen kontrako jarrera aktiboa izan dezaten.

 

6. Nafarroako Parlamentuak dei egiten die herritar guztiei, emakumeen aurkako indarkeria errotik kentzeko konpromisoa eta gaitzespena erakusten jarrai dezaten eta indarkeria horren adierazpen guztiak sala ditzaten, hari oinarri eman eta emakumeen eta nesken bizitza eta askatasuna baldintzatzen dituzten jokabideak seinalatuz, eta azaroaren 25aren inguruan antolatzen diren jarduera guztietan parte hartzeko gonbidapena egiten die.