Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 30

Geroa Bairen mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena eska dezan Gizarte Segurantzako erregimen ekonomikoaren kudeaketa eskualdatzeko

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 54. artikulua aipatzen zen, hizpide den eskumena jasotzen duena, EAEk adostutako negoziazioarekiko paraleloa den beste bat eskatzeko Gobernu zentral berriari

Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena “Estatuko Gobernuari eska diezaion Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa eskualdatzeko, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 54. artikuluak jasotzen duenarekin bat”. UPN, PPN eta Vox taldeek kontrako botoa eman dute eta Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek, berriz, aldekoa. PSN abstenitu egin da.

 

Ez da onartu UPN taldeak planteatutako zuzenketa, Foru Gobernuari eskatzen ziona “hartu gabe dauden eskumen guztiak jasoko dituen azterketa plan bat aurkezteko sei hilabete baino gutxiagoko epean, Parlamentuan ordezkariak dituzten talde guztiek osatutako lantalde bat era dadin, 2025. urtea baino lehen eskualdaketak negoziatzeko egutegi bat egite aldera, I+G+Baren eta beken esparruetatik hasita”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako erabakian Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 54. artikulua aipatzen zen, bertan ezarrita baitago Nafarroari dagokiola “Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa”, eta gogorarazten da 13/1982 Lege Organikoa onetsi eta 41 urte geroago bertan jasotako zenbait eskumen oraindik ez zaizkiola Foru Komunitateari eskualdatu.

 

Chiviteren gobernua babesten duten gainerako indar politikoek “kezka” hori partekatzen dute, eta argi eta garbi islatuta dago 2023-2027 programa-akordioan, “negoziazioak berehala hastearen” alde egiten baita; bada, kezka horretatik abiatuta, Espainiako Gobernu berriaren inbestidura itunak aipatzen ziren, besteak beste Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa, itun horrek ustez “erraztu” eginen baitu Nafarroaren eskakizuna gauzatzea.

 

* EH Bildu talde parlamentarioak bat egin du greba orokor feministarekin, eta, arrazoi horrengatik, ez du parte hartu osoko bilkuran.