Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Abenduak 13

Korrikaren ordezkariei harrera egin die Unai Hualdek

Martxoaren 14tik 24ra ospatuko den euskararen aldeko ekimen honen 23.edizioan "parte hartzen eta laguntzen" jarraitzeko gonbitea egin zaio Legebiltzarrari

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Ane Elordi eta Xabier Gartzia Korrikaren arduradunak hartu ditu gaur bere bulegoan. Harro Herri lelopean, AEK-k antolatutako euskararen aldeko ekimena martxoaren 14tik eta 24ra bitartean ospatuko da aurten, Irunen hasi eta Baionan amaituko da.

 

Bilkuran AEK-ko arduradunek lasterketaren nondik norakoak azaldu dituzte eta Legebiltzarra gonbidatu dute euskararen aldeko ekimen honetan parte hartzen eta laguntzen jarrai dezan. 23. edizio honetarako aukeratutako Harro Herri leloak dioen bezala, “aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro Korrikan”.

 

Unai Hualdek, berriz, adierazi du Parlamentuko Mahaiak aurten ere aztertuko duela Legebiltzarrak ekimen honekin duen lankidetza.

 

Korrika AEK-k antolatutako euskararen aldeko ekimena da, eta Euskal Autonomi Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat lurralde zeharkatzen ditu. Helburua euskararen aldeko kontzientziazioa bultzatzea da, baita AEKren euskara ikasteko zentroetan eguneroko lan hori egiteko dirua biltzea ere.

 

Azken 43 urteetan 22 Korrika ospatu dira. Aurten ekimenak Irun eta Baiona lotuko ditu martxoaren 14tik 24ra, 2.500 kilometro eta hamaika egun “Korrikak beti dakarren euskararen aldeko ilusioa berreskuratzeko”.