Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Abenduak 13

Unai Hualdek harrera egin dio UNRWA España erakundeko zuzendari exekutibo Raquel Martí andreari

Nazio Batuetako Agentziaren zuzendariak eskerrak eman ditu Nafarroako herritarren solidaritateagatik, eta eskatu du Parlamentua inplika dadila su eten bat berehala lortzeko

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur Raquel Martí andreari. UNRWA España erakundeko zuzendari exekutiboa da, eta Nafarroako ordezkaritzan hezkuntzako teknikari den Javier Morenorekin etorri da.

 

Bileran, Raquel Martík lehendakariari jakinarazi dio UNRWA, Nazio Batuen agentzia den aldetik, Gazan bizi den egoera larriaren lekuko izaten ari dela, eta, horren harira, Nafarroako Parlamentuak lagun dezala eskatu du zerrendan su etena lehenbailehen gauzatu ahal izateko.

 

"Izugarrizko hondamendi humanitario baten aurrean gaude. Asko dira galtzen ari diren bizitzak. Ezinbestekoa da zibilen odol isuria amaiaraztea. Guztiz berebizikoa da berehala su etena lortzea, Gazari laguntza humanitarioa emanen zaiola bermatzeko ere bai. Eskerrak eman nahi dizkiegu nafarrei elkartasuna erakusteagatik eta haien Gobernuak gure laguntza humanitarioaren eskaerari erantzuteagatik".

 

Unai Hualdek, bestalde, jakinarazi du "Gazako zerrendan urritik bizi den egoera dramatiko eta larriari lotuta bera buru den erakundeak jarraipen zorrotza" egiten duela. Horren ondorioz, legebiltzarreko ekimenak sortu dira, hala nola osoko bilkuran eztabaidatutako mozioa edo gaur goizean legegilearen Bizikidetza eta Nazioarteko Elkartasun Batzordean egin den lansaioa, UNRWAko zuzendari exekutibo Raquel Martí bertan zela. Interes hori Nafarroako gizartearen markoan du isla, eta "azken asteetan (gizartea) gero eta gehiago mugitzen ari da gatazka honetan jasaten ari garen giza eskubideen eta nazioarteko legezkotasunaren urraketak bertan behera uzteko eskatzeko".

 

UNRWA España Palestinako errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia da Ekialde Hurbilean. 5,9 milioi pertsonak osatzen dute komunitate hori, Sirian, Libanon, Jordanian, Gazan eta Zisjordanian bizi dira, eta munduko errefuxiatuen ia laurden bat dira. Erakundea NBEko estatu kideen borondatezko ekarpenek finantzatzen dute ia osorik.

 

Agentziak proiektu propioak planifikatu eta garatzen ditu, eta, horrez gain, emakumeentzako eta desgaituentzako eskolak, klinikak eta zentroak eraiki eta mantentzen ditu. Gaur egun, UNRWAk mila instalazio baino gehiago ditu, 30.000 langile baino gehiago, eta horietatik % 99k errefuxiatu estatusa du.