Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Abenduak 13

Lehendakaritza eta Berdintasuneko Batzordeak bisita egin du Acción Contra la Trata elkartearen zentrora

Lehendakaritza eta Berdintasuneko Batzordeak, PSN talde parlamentarioak eskatuta, bisita egin du gaur Acción Contra la Trata elkartearen zentrora. Elkarte horrek, 2016 urteaz geroztik, laguntza ematen die Nafarroan sexu esplotaziorako salerosketaren eta prostituzioaren egoeran eta arriskuan dauden emakumeei, arreta berezia jarrita Nigeriako emakumeengan.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bertan: Arantza Biurrun (PSN), ekimenaren sinatzailea, Irati Jimenez, Javier Arza (EH Bildu), Blanca Regúlez (Geroa Bai) eta Maribel García Malo (PPN).

 

Parlamentuaren ordezkariei harrera egin diete honako hauek: Alicia Giménez, Acción Contra la Trata elkarteko koordinatzailea, Joy Ogbeide, kulturarteko bitartekaria, Giselle Pelinski, administrazioko eta boluntariotzako teknikaria, Aicha Sam eta Lydia Osigo Festus, aldaketaren eragileak.

 

Arantza Biurrunek hitzaurrean azaldu duenaren arabera, bisitaren xedea izan da elkartearen egitekoa in situ ezagutzea, azaroaren 7an Batzordean izandako lan saioan jasotako informazioa osatze aldera.

 

Alicia Giménez koordinatzaileak elkartearen xede bikoitza nabarmendu du: alde batetik, pertsonen salerosketaren aurka borrokatzea, batez ere sexu esplotazioa helburu duenaren aurka, eta, bestetik, pertsonen arteko harremanetan gizarte eta biztanleria osasuntsua lortzea ahalbidetuko duten berdintasun balioak sustatzea.

 

Horretarako, Acción Contra la Trata elkarteak azken urtean zehar 40 bat emakumeri eman die arreta, batez ere Iruñean eta eskualdean. Zifra hori 2021ean lagundutako hamabost emakumeen ia hirukoitza da.

 

Giménezen iritziz, arretan izan den hazkunde horrek adierazten du “bide onean” daudela eta “emakumeek elkartera jotzeko konfiantza nahikoa eraikitzea lortu” dutela, entitatera jo eta laguntza eska dezaten.

 

Horrez gain, zehaztu du Foru Administrazioaren beraren konfiantza ere badutela, elkartera jotzen baitu “konplexuak diren kasuetan arreta hobea emateko laguntza bila”.

 

Ogbeidek adierazi du entitate sozialak laguntza eta informazioa ematen dituela emakumeei jakinarazteko salerosketa egoeren ostean bizitza bat dagoela. Beren zereginetako bat da emakumeak kontzientziatzea, jakin dezaten “beren kabuz pertsona baliotsuak” direla, eta “beren duintasuna ez dagoela Afrikan beren familien sostengu izatearen menpe”; izan ere, sarritan arrazoi horrengatik jarraitzen dute prostituzio egoeretan, eta berriz erortzen dira. Ezinbestekoa da emakumeei beren eskubideen eta behin beren egoera onartuta eskura dituzten baliabideen berri ematea.

 

Oztopa handiak daude; lehenik eta behin, hizkuntzak izapide administratiboetan aurrera egitea eragozten die, hala nola errolda, legezko bizitegia edota beren esku dagoen sostengu ekonomiko baterako (errenta bermatua, adibidez) izapideak egiteko orduan. Horrez gain, desberdintzen gaituzten askotariko gako kulturalak gainditzea ere zaila izan daiteke. Alicia Giménezek adierazi duenez, desparekotasun larriak bizi diren tokietatik datoz emakume horiek, txikitatik indarkeria bizi izan dute eta “prostituzioan sartzen dituzte bizirauteko bide bakarra balitz bezala”.

 

Bere iritziz, “bitartekari kulturalen zeregina erabakigarria de zentzu horretan, emakumeen sentimenduak interpretatzen laguntzen baitu esperientzia pertsonal erreal eta partekatu batetik”.

 

Aurreko urteetan elkartera iritsi izan diren emakumeek jarraitzen dute beren berrezarpen prozesuetan laguntza jasotzen, eta eskaintzen diren programak aldatzen joaten dira hautematen diren premien arabera. Sentsibilizazioaren ikuspegitik eta konfiantzatik abiatuta eraikitzen dira beti, arreta jasotzen duten emakumeek behar dituzten epeak errespetatuta. Prozesua geldoa da, “urteak iraun ditzake”, eta elkarteko boluntarioek banakako jarraipena egiten dute.

 

Guztira 29 boluntario daude, 22 emakume eta 7 gizon, 19 eta 60 urte artekoak, eta laguntza ematen dute gaztelaniaz hitz egiteko taldeko tailerretan, gaztelaniazko banakako eskoletan, alfabetizazio, informatika eta DBHrako laguntza emateko eskoletan edota aisialdiko tailerretan.

 

Giselle Pelinskik, administrazioko eta boluntariotzako teknikariak, genero indarkeriari buruzko prestakuntzak eta berorien ikuspegi feminista azpimarratu ditu.. “Emakumeek abusua eta indarkeria normalizatuta dituzte”. Osatzeko, gizonentzako ikastaroak ere ematen dira maskulinitate berdinzaleago bat lantzeko.

 

Administrazioaren ikuspegitik, Acción Contra la Trata elkarteak salatzen du oinarrizko gizarte zerbitzuek ez dietela baliabide nahikorik ematen salerosketako egoerak identifikatzea ahalbidetzen duten eskaerei arreta emateko eta itzultzaile aritzeko.

 

Honako hau azaldu du Giménezek: “Emakumeak beren baliabideez gabetzen dituzte beren egoera pertsonala aldatzen denean (amatasunagatik, adibidez), errenta bermatua eten egiten delako inguruabarra ebaluatu arte, eta, hain zuzen ere, horrek emakumeon zaurgarritasuna areagotzen du”.

 

Kasu batzuetan ezinezkoa izaten da norbera berreraikitzeko prozesua salaketa batekin ixtea; izan ere, poliziak salerosketaren biktimaren estatusa ematen du delitua aztertzeko informazioaren truke, eta hori eskuratzea beti ez da posible izaten. Garrantzitsua da polizia kidegoak kontzientziatzea pertsona horiek jasaten duten babesgabeziaren inguruan.

 

Koordinazioko arduradunak parlamentarien galderei erantzun die, eta beste erakunde sozial batzuekin egiten duten baterako lana nabarmendu du, hala nola Gurutze Gorria, Médicos del Mundo eta Ehuleak erakundeekin. Lankidetza horri esker jarraitutasuna ematen zaie finantzaketa amaitzen bukatzen diren programei. Adibidez, Avanzando-Aurrera izeneko programaren erabiltzaileek jarraitzen dute arreta jasotzen emakume migratzaileen laneratzean laguntzeko Plan Camino delakoan..

 

Bisita amaitzeko, Acción Contra la Trata elkarteko arduradunek adierazi dute babes ekonomiko egonkorra izateko beharra dutela, eta hitzarmen bat eskatu diote Parlamentuari (baterako zuzenketa fiskal batetik eratorria), jasotzen dituzten dirulaguntzekin batera azken hiru urteotako lana egiteko aukera eman duenaren parekoa, hain zuzen.

 

Duten berehalako helburua da kulturarteko bitartekari berri bat izatea.

 

Eskaera horren ostean, eta behin beharrezkotzat jotzen dituzten ekimenak martxan jartzeko informazioa eskuratuta, Lehendakaritza eta Berdintasuneko Batzordeak bisita amaitutzat eman du.