Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Abenduak 15

Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko eta Europako Eguna dela-eta CERMINek antolatutako ekitaldian parte hartu du Parlamentuko lehendakariak

Unai Hualdek hitzeman du Parlamentuak oso-osorik garatuko duela Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko Foru Legea eta gizarteratzea unibertsalizatuko duela

Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko eta Europako Eguna dela-eta CERMINek antolatutako ekitaldian parte hartu du gaur eguerdian Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek. Ekitaldian, "berdintasunari eta errekonozimenduari buruz" mintzatu da, legegintzaldi honetan "Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko Foru Legea" oso-osorik garatzeko konpromisoa hartu du.

 

Unai Hualdek hori adierazi du, hain zuzen ere, Parlamentuaren, CERMINen eta NUPen arteko lankidetzaren emaitza goraipatzeko izan duen esku-hartzean, horien elkarlanari zor baitzaio lege hori onetsi izana; izan ere, hiru horiek hitzarmen bat sinatu zuten, aztertzeko ea  foru-araudia nola egokitu zekiokeen Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioari.

 

"Lege hau, zeina orain urtebetetze onetsi baitzen, aurrerapauso handia izan zen eskubide horiek aitortzeko orduan, eta orain baliagarri egin behar ditugu eskubideok, oraindik ere badirelako horien errekonozimendua baldintzatzen eta ezbaian jartzen dituzten hainbat oztopo. Ekitaldi honetan agerian jarri duzuenez, oraindik ere bide luzea dago egiteko. Lankidetzari eutsi behar diogu estereotipo negatiboak desagerrarazteko, eta horretarako beharrezkoa da, orobat, abusu nahiz jazarpen egoerei aurrea hartzea, onartezinak direlako, are gehiago biktimak desgaitasunen bat duten pertsonak baldin badira".

 

Bukatzeko, lehendakariak eskertu egin du jasotako gonbita, horrek esan nahi duelako ontzat jotzen dela Nafarroako Parlamentuak egindako lana, eta "gizarteratzea unibertsalizatzeko lanean jarraitu behar dela" azpimarratu du. Azken finean, helburua da inor ere atzean uzten ez dugulako esaldia esaldi huts bat ez izatea".