Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Abenduak 20

"Explorando horizontes narrativos: IA y tecnologías emergentes en la producción audiovisual en Navarra", izeneko jardunaldia izan da Parlamentuan, CLAVNA klusterrak antolatuta

Foru Komunitatean ikus-entzunezkoen sektorea sendotzeko lankidetza bideak aztertzearen, ezagutza partekatzearen eta sinergiak ezartzearen alde agertu da Unai Hualde

Nafarroako Parlamentuak Explorando horizontes narrativos: IA y tecnologías emergentes en la producción audiovisual en Navarra izeneko jardunaldia hartu du gaur. CLAVNA-Clúster Audiovisual de Navarra erakundeak antolatu du, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Lidera programaren barruan, eta Nafarroako ikus-entzunezko industriaren teknologiarekin eta I+Grekin lotutako azken aurrerapenak eta berrikuntzak aurkezteko balio izan du.

 

Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualderen esanetan, "sinergiak ezartzeko, ezagutza partekatzeko eta lankidetza bideak aztertzeko modu on bat da, Nafarroako Foru Komunitatean ikus-entzunezkoen sektorea indartzeko"; izan ere, Parlamentua, Foru Komunitateko herritarrak ordezkatzen dituen organoa den aldetik, "sektore ekonomiko guztien garapenean interesatuta dago, eta, ildo horretatik, CLAVNArekin eta ikus-entzunezkoen sektorearekin harremanak estutzen jarraitzea espero dugu, egiten duten lana ezagutzeko".

 

Marko horretan, eta digitalizazioa sektore guztietan eragiten ari den aldaketaren harira, Hualdek gogorarazi du adimen artifizialaren berrikuntza, ikerketa, aplikazioa eta garapena gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari direla Legegintza Ganberaren eztabaidetan, eta ikus-entzunezkoen sektorearen "etengabeko bilakaera" nabarmendu du, "kultura, industria, ikerketa eta prestakuntza bateratzen dituena, baina betiere norbanakoa, publikoa, ahaztu gabe".

 

Amaitzeko, lehendakariak adierazi du Parlamentua prest dagoela Nafarroako Ikus-entzunezkoen Klusterrarekin elkarlanean jarraitzeko eta "ikus-entzunezko edukien ekoizpenean narratzeko eta sormena indartzeko eredu berriak ezagutzeko".

 

Jarraian, Miguel Iturraldek, Clavnako presidenteak, eskerrak eman ditu Legebiltzarrean sektore topaketa hori egiteko aukeragatik, eta Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorearen hazkunde esponentzialari balioa eman dio, "dozena bat enpresa ekoizle txiki izatetik Ikus-entzunezko Kluster bat osatzera eta sektorearen balio kate osoa osatzera iritsi baita".

 

Ildo beretik, Iturraldek adierazi du I+Gn eta adimen artifizialean egindako inbertsio jarraitua "ez dela erabaki estrategiko bat soilik, baizik eta ikus-entzunezkoen munduko industriaren lehiakortasunerako funtsezko elementu bat. Inbertsio horri esker, ikus-entzunezkoen produkzioan kalitatea, eraginkortasuna eta sormena hobetzen dituzten konponbide aitzindariak sor daitezke. Ekonomiaren ikuspuntutik, I+Gn inbertitzeak, enpresa indibidualen lehiakortasuna hobetzeaz gain, sektoreari bere osotasunean hazten ere laguntzen dio”.

 

Jarraian, klusterraren webgune berria, ikertzaileen plantilla eta I+G proiektuak, "Profesor Octopus" ikus-entzunezkoen berrikuntza unitatea eta Iris zerbitzu teknologikoak aurkeztu dira.

 

Jardunaldia amaitzeko, CLAVNAko kide diren enpresek Legebiltzarreko Atarian arte digitalari buruzko punta-puntako erakustaldi teknologikoak egin dituzte IArekin, 3D abatarrekin, errealitate birtualarekin, kamera robotizatuekin, ekoizpen birtualarekin edota superkonputazioarekin.