Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Urtarrilak 9

Hezkuntza Batzordeak Tuterako Huertas Mayores Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa bisitatu du

Tuterako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza eskatu du ikastetxeak, jolastokian estalkirik ez izateak dakartzan arazoetarako soluzioa bilatzeko

Hezkuntza Batzordeak Tuterako Huertas Mayores HLHIPa bisitatu du gaur. Haur Eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea da, 2009-2010 ikasturtean abian jarri zena, eta 500 ikasle baino gehiago ditu. Hezkuntza Departamentuak eremu ez euskaldunean jarri dituen D ereduko erreferentziazko ikastetxeetako bat da.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bisitan: Pedro González, Raquel Garbayo (UPN), Olga Chueca (PSN), Sebe Txoperena (EH Bildu), María Solana (Geroa Bai), Irene Royo (PPN), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).

 

Honako hauek egin diete harrera Parlamentuaren ordezkariei: Paqui Vega, ikastetxeko zuzendaria, Mariano Chueca, ikasketa burua, Isabel Cristóbal, APYMAren ordezkaria, Rosa Domínguez, Eskola Kontseiluaren ordezkaria, Beatriz Briñas, irakaslea, eta Jesús Zubieta, Tuterako Udalaren Hiri Sustapeneko Arloaren zuzendaria.

 

Bisita UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek sustatu dute, eta xede izan du “(ikastetxearen) instalazioak ezagutzea eta Zuzendaritza taldeak berak adieraztea hobetzeko planteatzen dituzten premiak”.

 

Jarraian bilera bat izan dute, eta, bertan, ikastetxearen Zuzendaritza taldeak eta irakasleek agerian jarri dute “premia” nabarmena dagoela eskolako jolastokiaren zati bat estaltzeko, ikastetxeak dituen erronka klimatikoei aurre egin ahal izateko. Azaldu dutenaren arabera, euria ari duen egunetan gimnasioa ez da nahikoa izaten jolastorduan 500 ikasle baino gehiago hartzeko, eta bero handia egiten duen egunetan ez dute babesteko tokirik.

 

Gaineratu dute, halaber, jolastokian estalkirik ez egoteak eta eguraldi txarrak eragin zuzena dutela ikasleen ongizatean eta eskola jarduerengan; izan ere, askotan bertan behera utzi behar izaten dira baldintza klimatologiko gogorrak egonez gero.

 

Paqui Vegak azaldu duenez, neurketak egin dira, eta, emaitzen arabera, ikasturte batek dituen 175 eskola egunetatik, 50 baino gehiagotan (52 egun 2021ean eta 55 2022an) tenperaturak 30 gradutik gorakoak izan ziren ikasgeletan eta jolastokian, eta, hortaz, 775 metro koadroko estalkia eskatu dute jolastokirako.

 

Ildo horretatik, zentrotik proposatzen dute jolastokia zati batean estaltzen duen estalki bat eraikitzeko, gerizpeko gune gehiago izateko eta “olan” baten funtzioa ere izan dezan eguzkia zuzenean jotzen duen ikasgelen leihoetarako, eta euria ari duen egunetan jolastorduaz gozatu ahal izateko ere bai.

 

Alabaina, arazoa da Tuterako Udalak eta Nafarroako Gobernuak jarrera kontrajarriak dituztela obra horien eskumenaren inguruan. Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak adierazten duenaren arabera “(ikastetxea) udalaren titulartasunekoa da, Tuterako Udalaren jabetzakoa, eta, beharrezkotzat jotzen badu, berorrek egikaritu behar ditu jolastokia estaltzeko obrak; izan ere, bere jabetzako ondasunetan inbertitzea da, eta ez du zerikusirik eskolatzeko arrazoiak direla-eta ikastetxea handitzearekin; azken obra horiek egikaritzea bada Hezkuntza Departamentuaren eskumena”.

 

Alabaina, honako hau adierazten du Udalak: “Nafarroako udalen eskumenen barruan eta indarrean den araudiarekin bat, Haur Eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak mantentzeko lanak sartzen dira; beraz, ikastetxe batek obra bat behar badu, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuari dagokio nola finantzatzea hala egikaritzea. Eta, horrenbestez, eskola kontseiluak edota ikastetxeko zuzendaritzak eskatu behar izanen diote Nafarroako Gobernuari obrak egin ditzala”.

 

Hori horrela, ikastetxetik Tuterako Udala:ren eta Nafarroako Gobernuaren arteko adostasuna eta lankidetza eskatzen dituzte soluzio bat aurkitzeko, akordio batera iristeko eta premia horri lehentasuna emateko, jolastokiaren estalkia ahalik eta arinen hezurmamitzeko.

 

Mintzatzeko beren txandan, UPNPSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN, Contigo-Zurekin eta Vox taldeetako eledunek azalpenengatik eskerrak eman dituzte eta informazioa bildu dute, etorkizunean ekimenak abian jartzeko, hala badagokio.

 

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin bat etorri dira Tuterako Udalari dagokiola obrak egikaritzea, udalaren titulartasuneko ikastetxea delako, eta, adierazi dutenez, soluziorik bidezkoena da alderdi guztiek lagun dezatela. “Ikastetxearen eskaerarekin bat gatoz, eta udalak obrak finantzatzeko laguntza behar izanez gero emanen zaio, baina lehenik eta behin konpromisoa hartu behar du, eta erabaki behar du zenbat diru eman dezakeen edo eman nahi duen eskaera horri konponbidea emateko”.

 

UPN taldean, aitzitik, kritikatu dute Tuterari “Gobernuak Huertas Mayores ikastetxeko estalkia finantzatzeko eskaera ukatzen diola, nahiz eta 2020tik 2023ra bitartean milioi bi gastatu Nafarroa osoko ikastetxeetako estalkietan, hori bai, PSNk edo bere kideetako batek gobernatutako udalerrietan beti”. PPN taldearen iritziz, bestalde, Udalak jolastokia estaltzeko obrak egikaritu behar dituela “interpretazio bat” da, eta adierazi dute beste autonomia erkidego batzuetan obra horiek gobernuek hartzen dituztela beren gain. Vox taldeak administrazioen arteko lankidetza akordio bat egon dadila eskatu du egoera hori amaitutzat emateko.

 

Behin bilera amaitu ondoren, parlamentariek bisita egin dute ikastetxeko jolastokira, baita gimnasiora ere, aurrez deskribatutako premiak in situ egiaztatzeko