Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordea UHUNen Tuterako campusera joan da bisitan
Ikastegiaren instalazioak, irakaslana eta etorkizuneko erronkak bertatik bertara ezagutze aldera
Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordea bisitan joan da gaur UHUNen Tuterako campusera, UPN, PSN, EH Bildu, PPN eta Contigo -Zurekin taldeek eskatuta. Campusaren egoitza San Adriango markesaren Jauregian (XVI. mendekoa) dago, eraikin hori 1993an zaharberritu baitzen.
Honako parlamentari hauek bertaratu dira: Ángel Ansa, (UPN talde parlamentarioa), Kevin Lucero, Olga Chueca (PSN talde parlamentarioa), Xebe Txoperena (EH Bildu talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa), Irene Royo (PPN talde parlamentarioa) eta Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).
Parlamentuko ordezkaritzari harrera egin diote honako hauek: Luis Fernández, UHUNeko Tuterako zentroaren zuzendaria; Ana Iturre, idazkari teknikoa; eta José Manuel Ortega, zuzendariordea.
Luis Fernández zuzendariak adierazi duenez, bisitaren helburua izan da Erriberako erakundeak egiten duen heziketa-lana eta etorkizuneko estrategiak ezagutzera ematea. Nabarmendu nahi izan duenez, “gure 25 urte hauetan, parlamentuko ordezkarien lehendabiziko bisita dugu hauxe, eta eskerrak eman nahi dizkiegu”.
Tuterako zentroaren jarduera akademikoa 1989an hasi zen, UHUNen Nafarroako Ikastetxe Elkartuaren (gaur egun, Iruñeko zentroa) hedapen gisa, eta Zuzenbideko eta Psikologiako lizentziak eta Unibertsitatera Sartzeko Ikastaroa baino ez zituen eskaintzen. Garai hartan, Nafarroako Erriberako ikasleek Iruñeraino joan behar zuten haien azterketak egiteko.
1997-98ko ikasturtean, Nafarroako Gobernuak, Tuterako Udalarekin elkarlanean, ikasleen eta irakasleen eskaerei erantzunez eta gizarte-premia nabarmena zela-eta, Tuterako hedapen hori Zentro Elkartu Independente bihurtzea proposatu zion UHUNen Egoitza Nagusiari.
Harrezkero, Tuterako zentroak etengabeko hazkundea izan du. Hain zuzen, gaur egun ia hogeita hamar unibertsitate-gradu ikasteko aukera dago, bai eta graduondoko eta doktoregoko prestakuntza-eskaintza zabala, mikrograduak eta unibertsitate-luzapena ere.
Zentroak ikastetxe elkartu gisa dituen sendotasunak nabarmendu ditu UHUNeko zuzendariak: “Hasieratik oso garbi genuen gradu ofizialetan matrikulatu zitezkeen pertsonen kopurua mugatua zela, eta berdingabe egiten gintuen horretara bideratu behar genuela. Horregatik bideratu ginen honako bi ildo hauetara: kalitatearen kudeaketa eta programa informatikoen garapena”.
Lehenari dagokionez, Tuterak izan zuen kalitatea kudeatzeko azterlanetan eta garapenetan oinarritutako arloan Madrildik kanpo sortutako lehendabiziko unibertsitate-katedra (Tuterako Hiria kalitate-katedra). Gaur egun, Kalitate eta Ziurtapenaren Ebaluazio Agentzia Nazionalarekin (ANECA) batera egiten ditu prestakuntza-, ebaluazio eta egiaztapen-lanak. Amaiera gisa, 2023an –eta bigarren aldiz–, Tuterako UHUNek Iberoamerikako Sariaren Urre maila jaso zuen, kudeaketaren arloko bikaintasunaren saririk gorena, kalitate-sari nazionalak dituztenen artean ematen dena.
Bigarren jarduketa-ildoa egia bihurtzeko, softwarea garatzeko zentro teknologiko bat dago (qInnova), online-kudeaketako aplikazio informatikoez arduratzen dena. Aplikazio horietako asko hainbat administraziok erabiltzen dituzte, hala ministerioek nola UHUNek berak, haien kokaleku desberdinetan.
Joan den ikasturtean, 570 ikasle inguru matrikulatu dira irakaskuntza arautuetan; 50 ikasle doktorego-ikasketetan eta masterretan, eta 65 ikasle Hizkuntzen Urrutiko Unibertsitate Zentroan. Hala ere, lorpenik handiena da unibertsitate-hedapeneko ikastaroetan ia 7.500 matrikulazio egin direla. Ikastaro horietan prestakuntza akademikoan malgutasun handiz sakontzeko aukera ematen da, eta gehienbat online eskaintzen dira.
Ildo berean, Luis Fernándezek adierazi duenez, “mikrotituluak eskaintzen dira; ikasketa arautuak abiapuntu hartuta, unibertsitate-graduetako arlo zehatzetan espezializatzeko aukera ematen dute horiek, eta, aldi berean, izaera ofiziala ematen zaie, ibilbide akademikoak osatzeko kredituak lortzen baitira”.
Era berean, udako ikastaroak eta erakusketak egiten dituzte, bestela lekurik izanen ez luketen kultura- eta gizarte-mugimenduen bozgorailua izateko asmoz.
Luis Fernándezek Sapientia programaren ezaugarrien berri eman die legebiltzarkideei. Programa hori ikasle seniorrei zuzenduta dago, eta beren intereseko arloak hautatzeko aukera ematen die. “Ez da UHUN Seniorra. Ikasturtearen amaieran, ikasleek hurrengo urtean programa horretan emanen diren lau irakasgaien gaiak aukeratzen dituzte. Hain zuzen, berezitasun horri esker mantentzen dute interesa ikasleek”, zuzendariak azaldu duenez.
Amaitzeko, Fernándezek URANIA izan du hizpide. Biltzar horretan, Batxilergoko ikastetxeekin elkarlanean, zientzia eta ikerketa –herrialde baten garapenerako nahitaezko bi zutabe– sustatu nahi dira, eta Espainia osoko zentroek parte hartzen dute.
Zuzendaritza-taldeko –administrazio- eta zerbitzu-lanak egiten dituzten 30 lagun inguruk eta arlo akademikoetan aritzen diren beste 50 inguruk osatua– ordezkariak bat etorri dira esatean azken urteetan pandemiak eta online-prestakuntzaren hedapenak ikasleen ohiturak aldatu dituztela, beti haien kexen artean egon diren espazio-arazoak erlatibizatuz; izan ere, “orain ikasleak nahiago du konektatu ikastetxera joan beharrean, nahiz eta alboko kalean bizi”.
Era berean, teknologiaren eta administrazio-izapidetzeen erronkak indartu dira ikasleak, biderkatzeaz gain, munduko edozein lekutan egon daitezkeelako.
Bilera bukatutakoan, parlamentariek Tuterako UHUN zoriondu dute 25 urte hauetan egin duen prestakuntza-lanarengatik, eta konpromisoa hartu dute lan hori hedatzeko eta errazteko.