Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Otsailak 7

Parlamentuak “Emakume zientzialari ilustratuak” erakusketa inauguratu du, ADItech-ek antolatuta

Martxoaren 6ra arte ikusgai egonen den bildumak Nafarroako emakume ikertzaile eta zientzialariak omentzea du helburu

Nafarroako Parlamentuko Lehendakari Unai Hualdek gaur eguerdian inauguratu du Emakume zientzialari ilustratuak erakusketa. ADItech Nafarroako I+G+b Sistema-ren (SINAI) entitate koordinatzaileak antolatuta, bildumak Nafarroako emakume ikertzaile eta zientzialariak omentzea du helburu.

 

Hasierako hitzaldian, Unai Hualdek nabarmendu du garrantzitsua dela esparru guztietan berdintasuna lortzeko urratsak ematen jarraitzea, "baita zientzian ere"; izan ere, UNESCOren datuen arabera, "mundu osoko ikertzaileen % 28 baino ez dira emakumeak", eta, Europar Batasuneko herrialdeetan, STEM karreretan graduatutako emakumeen ehunekoa % 20 eta % 30 artekoa da.

 

Testuinguru horretan, eta "oraindik berdintasuna lortzeko bide luzea duen gizarte batean bizi garela” baieztatu ondoren, Hualdek erakusketaren balioa azpimarratu du, "Nafarroan ditugun emakume zientzialariei aurpegia jarriz, astero Parlamentua bisitatzen duten ikasleentzat erreferente izan daitezkeelako".

 

Amaitzeko, Lehendakariak eskerrak eman dizkio SINAIri, artearen bidez, "emakumeak zientzian, bereziki, eta gure gizartean, oro har, duen papera aintzatesten duen" erakusketa garatzeko izan duen ideiagatik.

 

Ondoren, ADItecheko zuzendari nagusi Diego Garridok eskertu egin du bilduma Nafarroako Parlamentuan erakusteko aukera, "gizartearen ordezkari nagusia baita"; izan ere, "gizarteari erakutsi nahi dioguna da Nafarroan emakumeak direla I+G proiektuen buru".

 

"Haiei eta SINAIko emakume ikertzaile guztiei omenaldi bat egin nahi diegu erakusketa honekin. Gizarte-erreferente berri bihurtzea nahi dugu, belaunaldi berriek imitatu nahi izateko eta, horrekin batera, STEM bokazio berriak sustatzeko. Gainera, helburu orokor gisa, SINAIren (Nafarroako I+G+b Sistema) lana beste ikuspegi batetik ezagutaraztea ere lortu nahi dugu, artearen hizkuntzarekin", azaldu du Garridok.

 

Inaugurazioari amaiera emateko, Maruxa Arana I+G+Bko Bikaintasun eta Dibulgazio arduradunak gidatutako ibilbidea egin da.

 

Emakume zientzialari ilustratuak erakusketa Leire Urbeltz artista nafarrak sortutako eskultura-lan batek eta Miren Asiain, Lidia Cao, María Picasso i Piquer, Maite Mutuberria, Alba Casanova, Ana Galvañ, Rebeca Losada, Nuria Riaza, Flavita Banana, Coco Dávez eta Sonia Pulido artista grafikoek sortutako 11 ilustraziok osatzen dute.

 

Honako hauek dira artistekin izandako elkarrizketen bidez obra inspiratu duten SINAIko 14 zientzialariak: Edurne Baroja (CSIC), Maite Herráiz (UNAV), Pilar Herrera y Tania Jorajuría (AIN), Eva Almirón (UNAV), Sandra Hervás Begoña López (CIMA), Cristina Salazar (LUREDERRA), Marisol Aymerich (CIMA), Uxua Pérez de Larraya Maite Aresti (NAITEC), Estíbaliz Larrainzar (UPNA), Idoia Ariz (UPNA) eta Jaione Bengoechea (CENER).

 

Erakusketa Parlamentuaren egoitzako atalondoan egonen da jendearentzat ikusgai, martxoaren 6ra arte, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik; eta larunbatetan, 11:30etik 14:00etara.

 

Ohi bezala, erakusketa hau Kultur Atrio programan kokatzen da, 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak sustatua bere ateak askotariko adierazpen artistiko eta dibulgaziozkoei irekitzeko eta babesa emateko.

 

Erakusketaren hasierako ekitaldi ofiziala Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da. Han izan dira, besteak beste, Ainhoa Unzu, lehendakariorde lehena, Mikel Zabaleta, bigarren idazkaria, Cristina López (UPN), Kevin Lucero (PSN), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), María Solana (Geroa Bai), Daniel López (Contigo-Zurekin), Maite Nosti (Vox) eta Agurtzane Martínez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia.