Nafarroako Gobernua premiatzen da Ondare Historikoaren kontserbazio prebentiborako materialak egunera ditzan
Premiazkotzat jotzen da tokiko erakundeei ondasuna eta haren balioa babesteko gida bat ematea, informazioa eta zabalkundea barne hartzen dituen esku-hartze profesional baterako lehen urrats gisa
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren eta Voxen abstentzioekin, zeinaren bidez Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua premiatzen baitu “Gure ondarea erabili, mantendu eta kontserbatzeko gida" eta kultur ondareko lekuak garbitzeko eta desinfektatzeko gomendioak gaurkotu ditzan, jasangarritasun-irizpideak ezarrita, toki-entitateentzako material didaktiko berriekin”.
Era berean, eskatzen zaio “kontserbazio prebentiboaren dibulgazio-kanpaina bat sor dezan”.
Gainera, Foru Exekutiboa premiatzen da “gidaren eguneraketa aurten garatzeko konpromisoa har dezan”. Atal hau Geroa Baik aurkeztu duen eta PSNk, ekimenaren titularrak, onartu duen gehitzeko zuzenketa baten emaitza da.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentariak sustatutako ebazpenak gizarte osoa "prestatu eta sentsibilizatzeko" beharraz ohartarazten du, "errealitate tekniko eta erreflexibo berriak txertatuz, hala nola, jasangarritasuna, praktikan nola dibulgazioan, Nafarroako ondare historiko eta artistikoaren kontserbazio prebentiborako lana sendotzeko”.
Testuinguru horretan, kontserbazioaren eta leheneratzearen jardunbide onerako ikuskera profesionala izatea “ezinbestekoa” dela adierazten da, ondasuna eta haren balioa arriskuan jar ditzaketen jardunbide okerrak ekiditeko.
Adierazten denez, toki-entitateek berebiziko zeregina dute tokian tokiko ondarearen kontserbazioan; hortaz, beharrezkoak diren tresnak eta informazioa eduki behar dituzte beren ondare historikoa behar bezala tratatzeko, eta horretarako, “gida gaurkotu bat eta dibulgazio-materialak edukitzea da kontserbaziorako lehen urratsa”.
Horregatik, ondare historikoa behar bezala babeste aldera, gai horri buruzko gida eguneratu bat eskatzen da, toki-erakundeek, beren ondarea kontserbatzeko zeregin "garrantzitsua" baitute, "informazioa eman eta zabaldu ahal izan dezaten, kontserbazio egokirako lehen urrats gisa".
- www.parlamentodenavarra.es
- Mozioa (11. NPAO, 2024-01-26koa)
Archivos adjuntos