Nafarroako Gobernuak aurreratu du ez diola uko egiten legegintzaldi honetan Euskararen II. Plan Estrategikoa izateari
EH Bilduren interpelazio bati erantzun dio, zeinak zonifikazioa eta eskola publikoan euskara ikasteko ezintasuna eremu askotan "galga" izan dela argudiatu duen
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak adierazi duenez, "ez diogu uko egiten legegintzaldi honetan euskararen plan estrategiko bat izateari", nahiz eta bigarren plan honen inguruan "desadostasunak egon", 2019-2023 legegintzaldirako Nafarroako Gobernuaren Programa Akordioan adostu baitzen.
Hala adierazi du EH Bilduk helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen arloko politika orokorrari buruz kontrolerako osoko bilkuran egindako interpelazioari erantzunez.
Ollok hizkuntzaren alorrean indarrean dagoen araudia eta azken Inkesta Soziolinguistikoaren datuak errepasatu ditu, 2021. urteari dagokionez, eta honako hau adierazi du: "Nafarroan euskara ikasten ari diren helduen kopuruari erreparatzen badiogu, azken 8 urteetan % 11ko igoera izan dela ikusiko dugu. Pandemiaren ondorioz izan zen beherakada gainditu dugu, eta gaur egun historiako daturik altuenetan gaude. Aurten 5.277 pertsona ditugu matrikulatuta ", adierazi du.
Era berean, azpimarratu duenez, "azken hiru hamarkadetan Nafarroako euskal hiztunak 40.000 izatetik 75.000 izatera igaro dira", eta hori "posible izan da haurrek hizkuntza ikasi dutelako, gurasoen konpromisoari esker, eta helduen borondateagatik, asko eta asko baitira, gero eta gehiago, hizkuntza ikasi nahi izan dutenak".
Ollok esan duenez, "berreskuratze prozesu honetan erakundeen lana gizarteari laguntza eskaintzea izan da, eta hala izan behar du, erraztasunak eta laguntzak emanez hizkuntza-politika egoki batekin". Gaineratu duenez, "hori ez da baliabide ekonomiko kontua bakarrik, araudian ere aldaketak egin behar dira".
Horri dagokionez, kontseilariak zehaztu duenez, "euskara ikastearen doakotasunaren gaia konplexua da, askotarikoa, eta, horregatik, ikuspuntu desberdinetatik landuko dugu. Aurrerapen handia egin da, izan ere, 2015ean, euskaltegientzako laguntzen deialdian, helduen ikaskuntzarako aurrekontu-partidak zero eurokoak ziren".
Horren harira, Ollok honako hau adierazi du: "uste dut orain gaitasun ekonomikoa dugula, ez nahikoa, baina ahalegin handia egin da. Nolanahi ere, ahalegin horrekin batera araudia ere aldatu behar da. Neurri ekonomiko eta juridikoetan bakarrik zentratzeak ez dio mesede egiten helduen euskalduntzeari. Gobernua lanean ari da "euskararen erabilera sustatzen duten beste ekintza askotan. Horren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, eta finantzaketarako ez ezik, lankidetzarako bideak ere bilatzen jarraituko dugu", azpimarratu du.
Ollok ondorioztatu duenez, "azken urteotan asko aurreratu da helduen euskalduntzeari dagokionez. Oraindik ere egiteke asko dagoen arren, 2015eko erabateko prekarietate egoera iraultzea lortu dugu", aldarrikatu du.
Eneka Maizek (EH Bildu) salatu duenez, "zonifikazioa eta eskola publikoan euskara ikasteko ezintasuna galga izan dira eremu askotan". Bere ustez, "bidezkoa da hala nahi duen herritar orori hizkuntza ezagutzeko eskubidea bermatzea, eta ez da onargarria eskubide horren erabilera herritarrek ordaindu behar izatea. Helduen euskalduntzea berregituratu eta bateratzearen aldeko apustua egiten dugu, oraindik hutsune sakonak daude gai honetan".
Iñaki Iriartek (UPN) Nafarroan euskara ikasten ari diren 5.000 heldu baino gehiagori laguntzak ematea babestu du, baina "ez ditzagun ahaztu, baita ere, arrazoi profesionalengatik edo bestelakoengatik beste hizkuntza batzuk ikasten ari garen milaka nafarrak, euskaldunak eta ez-euskaldunak".
Inma Juríoren (PSN) ustez, "hizkuntzak eta horiei ematen dizkiegun dirulaguntzak kontrajartzea ez da bide egokia. Euskara ikasi nahi duten Nafarroako lurralde osoko pertsona guztiek hala egin dezaten erraztearen" garrantzia azpimarratu ondoren, "Nafarroako Gobernua politika publiko egokiak gauzatzen ari dela” adierazi du.
Mikel Asiainek (Geroa Bai) adierazi duenez, "azken zortzi urteetan % 11 hazi da euskara ikasten ari diren helduen kopurua. Aurten ia 5.300 pertsona izango dira". Bere ustez, "euskarak aurrera egiten duela adierazten duten datu esanguratsuak dira, poliki bada ere".
Javier Garcíak (PPN) adierazi duenez, "ezinbestekoa da Nafarroan euskaraz hitz egiten dutenen hizkuntza-eskubideak aitortzea eta babestea", baina "seriotasunez eta erantzukizunez ekin behar diegu alderdi abertzaleek ohituta gaituzten inposaketari buruzko kezka legitimoei. Gure hizkuntza babesteak ez du esan nahi hitz egiten ez dutenak diskriminatu behar direnik, eta ez du esan nahi hizkuntza-ereduak inposatu behar direnik gutxiengo bati laguntzeko, gehiengo handi baten kaltetan", berretsi du.
Carlos Guzmánek (Contigo-Zurekin) aitortu duenez, "asko aurreratu da azken legegintzaldietan, baina oraindik asko dago egiteko". Bere ustez, "ezinbestekoa da lidergo publikoa izatea, herritar guztientzat euskararen ikaskuntza unibertsalizatzea bermatzeko. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu bai Hizkuntza Eskola Ofizialak bai euskaltegi publikoek euren eskaintza zabaltzea, modernizatzea eta berritzea", baieztatu du.
Maite Nostik (Vox) uko egin dio bere hitz egiteko txanda erabiltzeari.