Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Maiatzak 10

Ideagintza suizidako kasuetarako prebentzioari, detekzioari eta esku-hartzeari heltzeko jardunaldiak Nafarroako Parlamentuan

Ainhoa Unzuk azpimarratu du garrantzizkoa dela hezkuntzako eta osasuneko profesionalak sentsibilizatzea eta aldeztu du ikuspegi integral eta multisektorialeko prebentzioa

Nafarroako Parlamentuan gaur eta bihar jardunaldiak izan behar dira ideagintza suizidako kasuetarako prebentzioari, detekzioari eta esku-hartzeari heltzeko. Eskola Kontseiluak antolatu ditu eta helburu nagusia da hausnarketa egitea hezkuntzako testuinguruak duen eginkizunari buruz, ikasleen artean ongizate emozionala sustatzeko eta osasun mentaleko zailtasunak prebenitzeko eta, halaber, tresna baliagarriak eskaintzea irakasleei arlo horretan jarduteko orientabidea edukitzeko.

 

Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariorde Ainhoa Unzuk eman dio hasiera jardunaldiari eta azpimarratu du garrantzizkoa dela hezkuntzako eta osasuneko profesionalak “arlo fisiko zein mentalkoak” sentsibilizatzea. Halaber, gogorarazi du joan den legegintzaldian Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi zuela zeinetan nabarmentzen baitzen “prebentzioaren garrantzia ideagintza suizidako kasuetan, ikuspegi integral eta multisektorial batetik”.

 

Eskola Kontseiluko lehendakari Manuel Martínek zehaztu du jardunaldiaren helburua dela “hesiak jartzea eta prebentziorako estrategiak bilatzea jokabide horien aurrean, esaterako erresilientziaren eta osasun emozionalaren sustapena”, eta erakundeen lankidetzarako protokoloak ikusgarri egitea edo hobetzea, egoera horien aurrean eraginkortasun handiagoa lortze aldera. Martínek Nafarroako Parlamentuaren lankidetza “ordainezina”eskertu du “hezkuntzako gaietarako bozgorailua delako”.

 

Beste alde batetik, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok balioan jarri du jardunaldien garrantzia “parte hartzen duten adituen konklusioak kontuan hartzen direlako eta gero jarraipena dutelako Hezkuntza Departamentuaren ekintzetan”. Zentzu horretan, gehitu du, datuek iradokitzen dute “politika irmoak” ezartzea eta aldeztu du lankidetza izatea hezkuntza, gizarte eta osasuneko arloetan, “eszenatoki berri bat bilatzeko”, non datuak “itxaropentsuagoak” izanen diren.

 

Jarraian, Parque Taulí Ikerketa eta Berrikuntzako Institutuko psikologo eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle Joaquim Puntí Vidalek honako ponentzia eskaini du: Ikasleen portaera suizidak. Arriskuko faktoreak. Diagnostikoa. Tratamendua Prebentzioa. Beste alde batetik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Osasun Mentaleko Kudeatzailetzako Tarteko Baliabideen Arloko zerbitzuburu David Burgos Mirandak garatu du Nerabeen problematika suizida eta eskolako testuingurua: osasun mentaleko zerbitzuekiko autokudeaketaren lotura gaia eta Nafarroako Psikologia Elkargoko Dekano eta Psikologiako Kontseilu Nagusiko idazkariorde Rosa Ramos Toriok aurkeztu du Hezkuntzako erakundeek duten eginkizuna, ikasleen artean ongizate emozionala sustatzeko eta osasun mentaleko zailtasunak prebenitzeko.

 

Jardunaldiak bihar, larunbata (10.00, erabilera anitzeko aretoa) jarraituko du, hiru ponentzia eta mahai-inguru batekin. Madrilgo Psikologoen Elkargo Ofizialeko dekano-lehendakari José Antonio Luengo Latorrek bere iritzia emanen du honako gaiari buruz: Suizidioaren prebentzioa eta haurren eta nerabeen indarkeria autoezarria: Ikastetxeen eginkizuna. Hezkuntza-sistemaren erronka bat. Protokoloa. Errioxako Unibertsitateko Ikerketarako eta Nazioarteratzerako errektoreorde eta Psikologiako irakasle Eduardo Fonseca Pedrerok azalduko du Ondoez materialarekiko tolerantzia: nola prestatu nerabeak bizitzako arazoei aurre egiteko? Azkenik, Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Berdintasun eta Bizikidetza atalburu Itziar Irazabal Zuazuak azalduko du Jokaera suizidaren arreta hezkuntzaren eremutik.

 

Jardunaldia amaitzeko mahai-inguru bat izanen da (12:45), Osasun mentala eta ongizate emozionala ikastetxeetan gaiaren inguruan. Bertan jardunaldietan parte hartu duten hizlari guztiak egonen dira.

 

Jardunaldian, besteak beste, honako hauek egon dira: Ángel Ansa (UPN), Maite Esporrín (PSN), Javier Arza (EH Bildu) eta Itxaso Soto (Geroa Bai).