Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Ekainak 14

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Espainiako Zeinu Hizkuntzen Egun Nazionalarekin

Parlamentuaren fatxada kolore urdin turkesaz argiztatuko da gaur gauean, hizkuntza horiek ideien transmisioan, harreman pertsonal eta sozialetan eta ezagutzaren trukean duten funtsezko zeregina aldarrikatzeko

Nafarroako Parlamentuak, ASORNArekin batera, Espainiako Zeinu Hizkuntzen Egun Nazionalarekin bat egiteko ekitaldi instituzional bat egin du gaur. 2014an sortu zen efemeride hau, hizkuntza horiek ideien transmisioan, harreman pertsonal eta sozialetan eta ezagutzaren trukean duten funtsezko zeregina gogora ekartzeko.

 

 Hala, hamarkada bat daramagu egun hau ospatzen, “bai eta zeinu hizkuntzak eta gorren eskubideak nahitaez errespetatu eta sustatu behar direla aldarrikatzen ere”, berretsi du Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek. Halaber, hizkuntza-aniztasuna "hizkuntza-komunitateen erabateko garapena bermatzen duen gizarte ororen aberastasun-ikurra" dela defendatu du.

 

Horrekin lotuta, aurreko legegintzaldian arlo horretan izandako mugarriak gogorarazi ondoren, hala nola Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko Foru Legea eta Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna, lehendakariak adierazi du erakundeek lanean jarraitu behar dutela enpleguaren arloan eta oinarrizko zerbitzu publikoetarako sarbidean dauden oztopoak ezabatzeko, eskubideak bermatzeko eta pertsona guztiei eskubide-berdintasuna aldarrikatzeko.

 

"Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa argia da: inklusioaren alde lan egitea, berdintasunaren alde, eta, horretarako, funtsezkoa da zeinu hizkuntzak babestea eta sustatzea. Beharrezkoa eta ezinbestekoa da aniztasunarekiko errespetuzko jarrerak sustatzea, askatasun osoz aukeratu ahal izan dezagun, inolako inposiziorik eta murrizketarik gabe, gure artean nola komunikatu. Eskerrak eman nahi dizkiogu Asornari ekitaldi hau egiteko Parlamentua aintzat hartzeko agertutako interesagatik. Eskerrik asko”.

 

Jarraian, Nafarroako Pertsona Gorren Elkarteko (ASORNA) idazkari Francisca Pulgarínek joan den gorren kulturari eta zeinu hizkuntzari lotutako adierazpenak kultura-ondare immaterial izendatu zituen otsaileko adierazpen aipatu du, eta gogoratu du ezen, 27/2007 Legeak administrazio publikoei betebehar zehatzak ezartzen dizkien arren, pertsona gorrek oraindik ere beren duintasunaren aurkakoak diren oztopoak aurkitzen dituztela, bereziki enpleguari, informaziorako sarbideari eta hezkuntza-eremuari dagokienez.

 

Hori dela eta, Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioak dei egiten die erakundeei, Espainiako zeinu-hizkuntzak babesteko eta sustatzeko erantzukizuna beren gain har dezaten eta horretarako hizkuntza-irisgarritasuneko neurriak bultzatu ditzaten, pertsona gor orok zeinu hizkuntza erabiltzeko, zeinu hizkuntzan hezkuntza jasotzeko edo zeinu hizkuntzan artatua izateko duen eskubidea askatasunez baliatu ahal izatea bermatuko dutenak.

 

Pulgarín andreak gehitu duenez, “beharrezkoa eta ezinbestekoa da aniztasunarekiko errespetuzko jarrerak sustatzea, askatasun osoz aukeratu ahal izan dezagun gure artean nola komunikatu, inolako inposiziorik eta murrizketarik gabe. Ahaleginak batu behar dira. Izan ere, gure hizkuntzen etorkizuna eta haien oparotasuna ematen zaien babesaren mende daude. Zeinu hizkuntzak lege-hizkuntzak direlako. Eta legea betetzeko dagoelako. Espainiako Zeinu Hizkuntzen Egun Nazional zoriontsua”.

 

Ekitaldira bertaratu dira, besteak beste, Ainhoa Unzu, lehendakariorde lehena, Mikel Zabaleta, bigarren idazkaria, Marta Álvarez (UPN), Maite Esporrín (PSN), Txomin González (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai), Javier García (PPN), Miguel Garrido (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).  

 

Espainiako Zeinu Hizkuntzen Egun Nazionalaren karietara, Parlamentuaren fatxada kolore urdin turkesaz argiztatuko da gaur gauean.