Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Ekainak 18

Unai Hualde Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren lehendakariarekin bildu da

Elkargoak Parlamentuari helarazi dio osasunari buruzko lege berriaren taxuketan parte hartu nahi duela

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde bere bulego ofizialean elkartu da gaur Maitane Urangarekin eta Roberto Martínezekin (Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren lehendakaria eta lehendakariordea, hurrenez hurren).

 

Bileran, Urangak eta Martínezek osasunari buruzko foru-lege berriaren taxuketa dela-eta elkarteak dauzkan eskariak, kezkak eta erronkak helarazi dizkiote lehendakariari, eta orobat adierazi diote diziplina horren bilakaerari lotutako hainbat hausnarketa korporatibo eginez parte hartu nahi dutela legearen taxuketan, diziplina hori gero eta espezializatuagoa baita.

 

"Gure ustez, garrantzitsua da modu ekitatiboan bermatzea Oinarrizko Osasun-laguntzan fisioterapia jasotzen ahalko dela, horrek, besteak beste, itxaron-zerrendak murrizten lagundu baitezake. Eta hainbat patologiaren tratamenduari begira ere eskaini beharko litzateke (esate baterako, zainketa intentsiboen unitatea, onkologia, pelbis-zorua, geriatria edo neurologia), fisioterapiak izan badituelako horietarako tratamendu-teknika eta -eredu berezituak. Talde parlamentarioei horien berri eman nahiko genieke", azaldu du Urangak.

 

Unai Hualdek konpromisoa hartu du taldeei helarazteko elkargoa prest dagoela bere hausnarketak Osasun Batzordearen lan-bilkura batean zuzenean azaltzeko.