Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Abuztuak 29

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren ordezkaritza bati

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio gaur goizean Xavier Cazaubon Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioko (FIPV) lehendakariari. Berarekin batera bertaratu dira Ricardo Bizzozero, Javier Trigo eta Claire Bordagaray Federazioko lehendakariordeak, Pablo Lambardi FIPVko idazkari nagusia, Lilou Echeverria Frantziako Pilota Federazioko lehendakaria eta Juan Martínez de Irujo FIPVko Zuzendaritza Batzordeko kidea.

 

Bileran, FIPVko kideak eta Parlamentuko lehendakaria ados agertu dira Iruña "Pilotaren Munduko Hiriburu" izendatzeko prozesuan aurrerapausoak emateko beharrari buruz. Proiektu horrek "katalizatzaile izan nahi du, eta gai izan nahi du Nafarroan pilotarekin zerikusia duten elementu guztiak biltzeko eta haiei balioa emateko, halako moldez non proiektuaren eragina pilotaren mundu osoari helduko baitzaio".

 

Halaber, Cazaubonek Federazioaren datozen urteetarako hedapen-helburuen berri eman dio Legebiltzarreko lehendakariari. Horietako bat da Frontball kirol-diziplina berria sustatzea. "Frontballa eskola- eta komunitate-inguruneetan sustatzeko kirol- eta gizarte-proiektu bat landu dugu, eta helburua da nazioarteko lehiaketak antolatzea, bai gizonen kategorian bai emakumeenean, egunen batean kirol olinpiko bihur dadin".

 

Unai Hualdek, bere aldetik, proposatu du lan-saio bat egitea Parlamentuko Kultura, Kirol eta Turismo Batzordearekin, batzordea partaide egiteko eta gune horretan aztertzeko zer modutan laguntzen ahal duen Legebiltzarrak Iruña Pilotaren Munduko Hiriburu izendatzeko proiektuan.

 

Bisitaren arrazoia da abuztuaren 25etik 31ra bitartean 22 urtez azpiko XI. Euskal Pilotaren Munduko Txapelketa egiten ari dela Iruñean. Nazioarteko topaketa dugu, 30 metroko, 36 metroko eta 54 metroko frontoiko edo trinketeko modalitateetan.