Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Azaroak 13

Parlamentuak urriaren 14an eta 15ean eginen du Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida

Hazkunde ekonomikoari, gizarte-kohesioari eta bizikidetzarekin lotutako politika publikoen arlo guztiei dagokienez gobernuak zer egin duen aztertuko da, autogobernua barne

Nafarroako Parlamentuak azaroaren 14an eta 15ean –osteguna eta larunbata– eginen du Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak gaur onetsi dituzten arauekin bat, eztabaida hilaren 14an hasiko da –osteguna–, 09:30ean, Gobernuko lehendakariaren azalpenarekin. Hori amaitzen denean, bilkura eten eginen da ordu erdiz.

 

Etenaren ondotik, talde parlamentarioen eta foru parlamentarioen elkarteen eledunek hartuko dute hitza –gehienez ere, 30 minutu–, handitik txikira.


Mintzaldiak amaituta, Gobernuko lehendakariak erantzun eginen die, mintzaldi guztiak amaitu ondoren. Jarraian, ihardespen-txanda irekiko da –gehienez ere, 10 minutu–, zeina Gobernuko lehendakari María Chiviteren beste mintzaldi batekin bukatuko baita.


Eztabaida bukatzen denean, 15 minutuko epea irekiko da, talde parlamentarioek eta foru parlamentarien elkarteek Mahaiari bakoitzak gehienez ere bost erabaki proposamen aurkeztu ahal izateko.

 

Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidak ostiralean –hilak 15– jarraituko du, 09:30ean hasita, Mahaiak onartutako proposamenen eztabaidarekin. Erabaki proposamenen eztabaidaren ordena hitzaldien berbera izanen da; hau da, handitik txikira: lehendabizi oposizioko blokea, eta ondoren Gobernuari babesa ematen diotenena.

 

Talde bakoitzak bere proposamenak batera defendatuko ditu, gehienez ere 10 minutuz. Jarraian, aldeko eta aurkako txandak abiaraziko dira, bai eta ihardespen-txanda bat ere (biak ala biak, 5 minutukoak), zeinetan taldeek eta foru parlamentarien elkarteek eztabaidako hurrenkera bera gordeko baitute.

 

Eztabaida bukatutakoan, banaka bozkatuko dira talde bakoitzak aurkeztutako erabaki proposamenak.

 

Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 226.1 artikuluak ezartzen duenez, legegintza-urtearen lehendabiziko bilkuraldiaren hasieran, salbu eta Gobernuko lehendakariaren inbestidura-eztabaida egin izan denetan edo Nafarroan hauteskundeak egiten direnetan, Osoko Bilkura berezia eginen da Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida bat egiteko.

 

Manu horrek orobat ezartzen du ezen, eztabaidarako deialdia egin aurretik, iraileko lehenbiziko hamabost egun baliodunen barrenean, Nafarroako Gobernuak Parlamentuari horri buruzko komunikazio bat igorri ahalko diola.

 

Igorri den komunikazioan esaten denez, legegintzaldiko lehen urte honetan Gobernuak zer egin duen azalduko du Gobernuko lehendakariak hasierako mintzaldi horretan: "oraindik ere pandemiak eta Ukrainiako gerrak baldintzatuta dagoen agertoki mundialetik heldu diren disrupzio eta afekzioak gorabehera, Nafarroako ekonomia hazten ari da, langabezia-tasa txikia da eta gizarte-estaldura zabala daukagu".

 

Etorkizunari begira, eta "bizi-kalitaterik handiena duen autonomia-erkidegoa izan arren", María Chivitek azalduko du bere asmoa dela "urratsak egiten jarraitzea desberdinkeriari eta gizarte-, lurralde-, lansari- nahiz genero-arrakalei aurre egiteko –hor baitiraute oraindik orain–, oparotasuna egiturazkoa izan dadin lortzeko xedez".

 

Arreta politika publikoetan jarri nahi duela aurreratuko du lehendakariak –osasungintzan, etxebizitzan, industrian, digitalizazioan, jasangarritasunean eta indarkeria matxistaren eta gorroto-diskurtsoen aurkako borrokan–, eta orobat erreibindikatuko ditu "erakundeen sendotasuna eta demokraziaren legitimitatea", zertarako eta, besteak beste, "populismoa, desinformazioa eta polarizazioa" borrokatzeko, herritarren "desafekziorako arrisku handia" dakartelako.


Oposizioko taldeek (UPN, PPN eta Vox) edo Gobernu-koaliziokoa (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) ez den taldeak (EH Bildu) Gobernuaren lehentasunak eta giltzarriak ñabartzeko edota horien aurka egiteko baliatuko dute euren mintzaldia. Gobernuak, berriz, Foru Hobetzearen aldaketa ospatu nahi izanen du, horri esker "trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko eskumena" eskuratuko baitu Nafarroak.