Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernuari eskatzen ziona hezkuntzaren esparruan adingabeak ideologikoki doktrinatzeko saio ororekin amaitzeko
PPNren babesarekin, Voxek hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntza-askatasuna aldarrikatu ditu "aktibismo ideologiko antiakademikoa ikasgeletatik eta testuliburuetatik kanpo mantentzeko" eskatuz
Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “hezkuntza-esparruan adingabeen doktrinamendu ideologiko oro berehala amai dezan”.
Baztertutako mozioak bigarren atalea Exekutiboari eskatzen zion “nafar guztiek hezkuntzarako sarbidea baldintza berdinetan izatea eragozten duten oztopoak kentzeko beharrezkoak diren lege-aldaketak susta ditzan, hezkuntzaren neutraltasun ideologikoa bermatuz”. PPN abstenitu egin da atal honetan.
Era berean, eskatzen zuen “gurasoek beren seme-alabentzat beraien sinesmenekin bat datorren heziketa erlijiosoa eta morala aukeratzeko duten eskubidea errespetatzeko eta horrela Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua bermatzeko konpromiso argia har dezan”. UPNk, PPNk eta Voxek atal honen eta hurrengoaren alde bozkatu dute.
Gainera, Gobernua premiatzen zuen “beharrezkoak diren neurriak har ditzan hezkuntza-curriculumen berrikusketa sustatzeko eta adingabeen xalotasunari eragin diezaiokeen edozein doktrinatze edo eduki kaltegarria jasotzen duten testuliburuak eta hezkuntza-materiala berehala erretiratzeko, horrek familiei kalte ekonomikorik ekarri gabe”.
Azkenik, mozioak eskatzen zuen “gurasoek beren seme-alabek ikasgelan jaso dezaketen edozein eduki afektibo-sexual edo ideologiko aldez aurretik ezagutzen eta onartzen dutela berma dezan”. PPN abstenitu egin da atal honetan.
Zioen azalpenean, Vox foru parlamentarien elkarteak sustatutako mozioak bere ekimena justifikatzen zuen "aktibismo ideologiko antiakademikoa ikasgeletatik eta testuliburuetatik kanpo mantentzeko" beharrean. Horren harira, eta "hezkuntzarako eta irakaskuntza-askatasunerako eskubidea" gauza dadin, "Espainiako errealitate historiko, sozial eta politikoari buruzko zehaztasun faltak edo gezurrak” ezabatzeko deia egiten zuen, adieraziz “bereziki larriak” direla “gazteak doktrinatuz espainiarren arteko bizikidetza hausteko ahalegin baimenduak”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (104. NPAO, 2024-09-17koa)