Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordea bisitan joan da Paris 365 jaki-toki eta jangela solidarioetara
Gizakia Herritar Fundazioaren helburua da erabiltzaile diren pertsonen oinarrizko elikatze- eta janzte-premiei erantzun duina ematea, sustatuz tinko parte har dezaten berdintasunezko harremanak lehenesten diren ingurune batean.
Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordeak bisita egin du gaur, EH Bildu, PPN, Contigo Zurekin eta Vox foru parlamentarien elkartearen ekimenez, Paris 365 jaki-toki eta jangela solidarioetara, zeinek Gizakia Herritar Fundazioaren abaroan baitihardute.
Honako parlamentari hauek bertaratu dira: Raquel Garbayo (UPN), Olga Chueca (PSN), Javier Arza, Laura Aznal (EH Bildu), Javier García (PPN), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).
Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote Myriam Gómez García Gizakia Herritar Fundazioaren koordinatzaile-kudeatzaileak, Luis Castro jaki-toki solidarioaren arduradunak, Fundazioko Marta Antoñana eta Jone Arnedo gizarte-laguntzaileek, Fundazioko lehendakari ohi eta egungo boluntario Patxi Lasak, patronatukide Elena García, Sagrario Soto eta José Luis Carrerasek eta zenbait boluntariok.
Bisitaren helburua, Myriam Gómez Garcíak sarrera-modura zehaztu duenez, izan da batzorde parlamentarioari aurkeztea Gizakia Herritar fundazioak aurrera eramaten duen lana, haren eraketaren 15. urteurrena ospatzen delarik aurten.
Bisita jaki-toki solidarioan hasi da, zeina Arrotxapea auzoko Anelier pasealekuan kokatuta baitago. Baliabide hori zuzentzen zaie ardurapean adingabeak edukita sukalde propioa eskueran duten diru-sarrera urridun familiei. Jaki-tokiaren bidez gutxieneko elikagai batzuk helarazi nahi zaizkie, 6 hilabetean zehar lor daitekeen asteroko saski baten bitartez. Jaki-tokian 60 familia artatzen dira aldi berean; alegia, 170 pertsona inguru.
Hurrenez hurren jaki-tokiaren arduradun eta boluntario diren Luis Castro eta Josemi Olaizek esplikatu dutenez, jaki-toki solidarioaren proiektua 2016an sortu zen, betidaniko elikagai-klasikoa "duintzeko" asmoz, horrela "ilarak ekidinez eta arreta pertsonalizatuagoa eskainiz". Era berean, Paris 365en beharrezkotzat jo zen ardurapean adingabeak izanik jangelara joan ohi ziren familiak bereiztea erabiltzaile helduengandik. Halatan erabaki zuten baliabide hau abiaraztea, beren etxeetan sukaldatu ahal izateko moduko azpiegitura gutxieneko bat badaukaten familiei zuzendutakoa.
Ondoren, ordezkaritza parlamentarioa Paris 365 jangela solidariora joan da, San Lorentzo kalean kokatua. Proiektu horrexekin ekin zion fundazioak bere jardunari, eta 2024 honetan 15 urte betetzen ditu. Jangelak gosaria, bazkaria eta afaria eskaintzen die egunean euro baten truk, urtearen 365 egunetan zehar, diru-, osasun- edo gizarte-arrazoiengatik elikadura egokirik lortu ezin duten pertsonei.
Fundazioko lehendakari ohi Patxi Lasak azaldu duenez, Paris 365 da Gizakia Herritar fundazioari jendarteak eman dion izena: "Paris, Iruñean zegoen izen horretako bodega batean ireki zelako; eta 365, haren helburua urtearen egun guztietan elikadura duina bermatzea delako". Jangela 2009an eratu zen herritarren ekimenez, krisi ekonomikoa gehien pairatu zuten pertsonen premiei erantzun bat emateko; izan ere, garai hartan Iruñean ez zegoen gizarte-jangela bakar bat ere.
Myriam Gómez Garcíak agertu duenez, jangelaren eta jaki-tokiaren baliabideak soluzio iragankor modura paratu ziren; aldi baterako baliabide bat, pertsonak behartsutasun-egoeran dauden bitarterako. Izan ere, helburua da pertsonek ahalik eta denbora laburrenez erabil ditzatela baliabide hauek. Alabaina, erantsi du egoera horiek gero eta gehiago luzatzen ari direla, are "kronifikatu" arte. Hori dela-eta, epeak luzatu dituzte.
Eskubide Sozialetako Batzordeko kideek halaber ezagutu dute Txokoa, Paris 365 jangelaren sarreran kokatua: aisialdi- eta heziketa-gune bat da, zenbait baliabide eskueran ipintzekoa erabiltzaile diren pertsonei, hala nola Interneterako sarbidea, prentsa, liburutegia, liburuak, kultur eta aisialdi-jarduerak, haien aurrerabide eta gizarteratzearen lagungarri.
Paris 365en baliabideetarako irispidea lortzen da harrera-taldeko gizarte-langileekin elkarrizketa bat eginda –horiek beharrizana egiaztatu egiten dute–, bai eta entitate publikoek edo irabazi-asmorik gabeko gizarte-entitateek eginiko igorpenen bitartez. Horrez gain, harrerak aukera eskaintzen du informazio, orientazio eta akonpainamendu banakatuko prozesu bati hasiera emateko, elikaduraz haragokoa.
Aipatu baliabideez landa, fundazioak, neguan, "zopa beroa" deritzon baliabidea eskaintzen du: astean hiru egunez salda beroa banatzea gau hotzak bakardadean eta kalean pasatzen dituzten pertsonei. Zopa-banaketaz gain, akonpainamendu-langintza bat egiten da, eta negua kalean pasatzeko lagungarri diren material batzuk eskaintzen dira, hala nola motxila, termoa, estera edo zaku termikoa.
Paris 365ek bigarren eskuko bi denda ere badauzka, jangelaren eta jaki-tokiaren erabiltzaileei modua ematen dietenak premia biziko produktuak dohainik eskuratzeko; batez ere, arropa. Dirubide ere badira, elikadura-baliabideak finantzatzeko eta langabezia edo zaurgarritasun sozialeko egoeran dauden pertsonentzako enplegua sortzekoak.
Myriam González Garcíak gehitu duenez, baliabide guztiak abiarazi ziren "erantzukizun publikoaren osagarriak, eta ez ordezkoak, izateko asmoz". Alde horretatik, Fundazioak, zeina urtero norgehiagokara aurkezten baita Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat lortzeko, eskatzen du baliabide horien finantzaketa berma dadila Gobernuak horiek bere gain hartzen ez dituen bitartean; eta, horretarako, aurrekontu orokorretan partida finko batzuk paratu beharko liratekeela dio.
Bisita bukatzean, batzordekideek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta informazioa bildu dute, kasua izanez gero egoki deritzeten ekimenak abiarazteko.