Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Azaroak 7

Nafarroako Gobernuak espero du 2025erako gai izatea administrazioarekin izapideak egiteko WhatsApp bidez

UPNk interpelazio bat egin du adierazteko Gobernuaren ardura dela herritarren arretan izandako “kalitatearen murrizketa erraldoia”, eta ohartarazi du sistema mistoa ez dela konponbidea

Horri erantzuteko, Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari eta lehengo lehendakariorde Félix Tabernak esan du Europako proiektu batean ari direla lanean, aukera emanen duena 2025ean Administrazioarekin izapideak WhatsApp bidez egin ahal izateko.


Nafarroako Gobernuak “herritarrei kalitatezko arreta presentziala bermatzeko” dituen politiken inguruan UPNk egin duen interpelazio bati erantzuteko, Tabernak adierazi du Nafarroako Gobernuaren Herritarren Arretarako lehenengo bulego mugikorra 2025eko otsailean hasiko dela funtzionatzen. Datorren urtean ere bai, Iruñeko eta Tuterako Herritarren Arretarako Bulego biek arreta presentziala emanen dute goizez eta arratsaldez.


Lehendakariordeak azpimarratu duenez, “aurrera egiten ari gara kanal aniztasunean, aurrera egiten ari gara erabilera digitaleko elementuarekin”, baina hori guztia arreta presentzialarekin batera, “elementu garrantzitsua baita ere bai”.


Departamentuak otsailean jarriko du martxan bere lehenengo bulego mugikorra, Administrazioaren zerbitzuak landa ingurunera hurbiltzeko. Espazio ibiltaria izanen da, 650.000 euro baino gehiagoko lehen inbertsio bat izan du eta aukera emanen die 20.000 biztanle baino gutxiagoko herriei Iruñeko eta Tuterako Herritarren Arretarako Bulegoetan egiten diren izapideak haiek ere egiteko.


Horrez gainera, datorren urtean, Iruñeko eta Tuterako Herritarren Arretarako Bulego biek arreta presentziala emanen dute goizez eta arratsaldez. 2024ko lehenengo bederatzi hilabeteetan zehar, bulego horietan 190.000 aldiz baino gehiago eman da arreta.


Bestalde, telefono bidezko arretarako 012 zerbitzua “herritarrei arreta emateko eredu berri batean murgilduta dago eta zerbitzu gehiago sartuko dira”, askotariko kanal integratuak erabiltzea, bot bidez erantzunak automatizatzea eta telefono mugikorretik zerbitzuetara sartzeko aukera ematea jasotzen dituen proiektu baten bitartez.


Halaber, Nafarroako Gobernuak konpromisoa du “izapideak murriztu eta bateratzeko eta behar ez den burokrazia ezabatzeko, herritarren eta enpresen arteko harremana errazte aldera”, eta horretarako bost jarduketa ildotan ari da lanean administrazioa sinplifikatzeari lotuta.

2025aren hasieran administrazioa sinplifikatzeari buruzko autodiagnostikoa aurkeztuko da, non Nafarroako Gobernuaren 100 unitatek baino gehiagok hartu duten parte. Halaber, Foru Gobernuaren departamentu bakoitzaren plan operatiboa ezagutzera emanen da, eta bertan jasoko dira “oztopo burokratikoak murrizteko eta Administrazioaren eta herritarren arteko interakzioa hobetzeko neurri zehatz batzuk”.


Marta Álvarezek (UPN) kontseilariari jakinarazi dionez, "zuek zarete erantzule zuzenak" herritarren arretan izan den "kalitatearen murrizketa erraldoiari" dagokionez, eta egungoa “ez da soilik zuzena ez den sistema; aitzitik, sistema txarra da eta nafar herritar gehienek ez dute nahi". Kritikatu duenez, “konbentzitu nahi gaituzue sistema mistoa dela”, aurretiko hitzordurik gabeko arretarako ordutegi batekin, baina “hori ez da egia”.


Ainhoa Unzuk (PSN) "jendearentzako arretarako askotariko kanalak bateratzen eta aurrera egiten jarraitzearen” aldeko apustua egin du. Alde batetik, esan duenez, arreta presentziala modu “irisgarrian, irekian eta hurbilean” ematen da eta, bestetik, “administrazio digitalaren bitartez egiten ahal diren izapideen inguruan sakontzen jarraitu behar dugu”.


Irati Jiménezek (EH Bildu) Nafarroako Gobernua premiatu du “arreta zerbitzua eraldatzeko eta pertsonak benetan erdigunean jartzeko behar diren neurri guztiak” har ditzaten. “Erabaki horiek lidergo politiko sendoa eskatzen dute, departamentu guztiek benetan batera lan egin dezatela inplikatzen baitute”, azpimarratu duenez.


Blanca Regúlezek (Geroa Bai) defendatu duenez, herritarrentzako arretak “benetako zerbitzu publikoa izan behar du, pertsonek pertsonentzako emana modu horizontal eta integralean; kanal anitzekoa ere izan behar du, arretaren homogeneotasuna bermatzeko zeinahi ere den erabiltzen den kanala. Pozten gaitu Nafarroako Gobernuak herritarrei arreta emateko eredu berri gisa planteatzen duen herritarren arretako kontzeptuarekin bat datorrela”, esan duenez.


Maribel García Malok (PPN) azpimarratu duenaren arabera, nafarrek “jarraitzen dute kontaktua baloratzen eta behar izaten erakundeekin harremanetan jartzen direnean” eta “digitalizazioa tresna ahaltsua eta beharrezkoa da, baina ezin du ordeztu arreta presentzialak herritarrei ematen diena”.


Miguel Garridok (Contigo-Zurekin) “zerbitzuaren bokazioa duen” eredu baten aldeko apustua egin du eta, horretarako “aurretiko hitzordurik gabeko arreta berreskuratu behar da, nahiz eta eredu nagusia ez izan”, eta “etorkizuneko” eredu bat, digitalizazioari dagokionez. Eredua “bat dator” Nafarroako Gobernuak planteatzen duenarekin, nahiz eta “ñabarduraren bat izan”.


Azkenik, Maite Nostik (Vox) adierazi du Nafarroan arreta presentzialak “gabeziak” dituela eta “garrantzitsua dela digitalizazioak arreta presentzialerako sarbidea hobetu dezala, ilarak eta itxarote denborak murrizteko aurrez aurreko arreta jaso nahi dutenentzako”. Haren iritziz, "aurretiko hitzordu digitalak arreta presentzial efizientearekin batera joan behar du, denborak optimizatzeko eta denbora gehiago emateko arreta presentzialean".