Nafarroako Parlamentuko Taldeartekoa Oviedon izan da, "Saharar herriarentzako bake eta askatasuna" XXVIII. Konferentzian
Nafarroako Parlamentua Oviedon bertaratuta egon da gaur, "Saharar herriarentzako bake eta askatasuna" Parlamentuarteko XXVIII. Konferentzian. Nafarroako Parlamentuaren ordezkari gisa bertan egon dira Carlos Guzmán (Zurekin Nafarroa t.p.), Taldeartekoaren koordinatzaile; eta, taldekide gisa, Pedro González (UPN t.p.), Ibai Crespo (PSN t.p.), Eneka Maiz (EH Bildu t.p.), Isabel Aranburu (Geroa Bai t.p.) eta Irene Royo (PPN t.p.) Nafarroako ordezkaritzari Hamdi Aomar Ahmed jauna gehitu zaio, zeina Sahararen ordezkaria baita Foru Komunitatean.
Konferentzia irekitzea Asturiasko Printzerriko Batzar Nagusiko lehendakari Juan Cofiño jaunaren zeregina izan da –horren egoitzan hasi da topaketa aurtengo saioan–.
Ondoren, bertaratuei mintzatu zaizkie bai Saharako Kontseilu Nazionaleko lehendakariorde Abdalahe Laman jauna, bai Fronte Polisarioaren Espainiarako ordezkari Abdulah Arabi jauna.
Gaurko ekitaldi nagusia Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiak aztertzeari eskaini zaio, eta Oviedoko Unibertsitatearen Eraikin Historikoan izan da, Arabi jaunaren beraren eta Nazioarteko Zuzenbide Publikoko katedradun Javier González Vega jaunaren eskutik.
Bihar larunbatez eginen den jardunaldirako, zenbait lan-bilera daude aurreikusita, bai eta Konferentziaren Adierazpena eztabaidatu eta onestea ere.