Noiz argitaratua Asteartea, 2025.eko Maiatzak 27

Taxiei buruzko Foru legea aldatzeko proiektuari buruzko irizpena onetsi da

Eskaintza handitzea, profesional berrien sarbidea ahalbidetzea eta desgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasun baldintzak betetzea proposatzen da zerbitzua hobetzeko

Lurralde Kohesio Batzordeak Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea aldatzen duen Foru-lege proiektuari buruzko irizpena onetsi du gaur. Zerbitzua hobetzeko xedea du testuak, besteak beste irisgarritasun unibertsalerako baldintzak ezarriz, soldatapeko langileen kontratazioa malgutuz eta urte batetik bi urtera aldatuz ibilgailuen antzinatasuna lizentzia eta baimen berriak eskuratu ahal izateko.

 

Nafarroako Gobernuak sustatutako lege-proiektuaren xedea da erabiltzaileek taxi-zerbitzuarekiko duten pertzepzioa hobetzea, eskaintza handituz, profesional berrien sarbidea ahalbidetuz eta desgaitasunen bat duten pertsonentzako prestazioa erraztuz. Era berean, berrikuntza teknologikoak sartzearen alde egiten du, zerbitzua ordaindu eta fakturatzeko sistema automatikoak eta nabigazio sistemak erabil daitezen, ibilgailuen zarata maila beheratu dadin, erabiltzen diren materialen birziklapena ahalik onena izan dadin eta sektorean agertzen diren beste berrikuntza guztiak aintzat har daitezen”.

 

Legea egungo testuinguru sozial eta normatibora egokitzeko asmoz, proiektuak proposatzen du kontratatutako langileekin taxi-zerbitzua malgutzea, gaur egun dauden mugak kenduz, sektorearen eskaintza handitze aldera. Aldaketa horrekin, kontratatutako langileak edozein ordutegitan lan egin ahal izango du, betiere soldatapeko gidariak urtean guztira egiten duen zerbitzu denbora lizentziaren titularrak egiten duena baino gutxiago denean.

 

Titularraren baliaezintasuna, lanerako ezintasun iragankorra, zerbitzu-ematearen eten behar bezala baimendua, heriotza, erretiroa eta zerbitzu-emate pertsonala ezindu egiten duten gainerako egoera supitu behar bezala frogatuetan, zilegi izanen da langile bat kontratatuz lizentzia aldi baterako ustiatzea. Kontratatu aurretik baimena eman beharko du Baterako Zerbitzurako Eremuan eskumena duen udalerri edo toki entitateak. Langilea kontratatzeko eskaerari baiezkoa eman zaiola ulertuko da baldin eta hilabeteko epean Baterako Zerbitzurako Eremuan eskumena duen udalerri edo toki entitateak ez badu ebazpen espresik ematen eta jakinarazten.

 

Oro har, taxi-lizentzia duten pertsonek kontratatutako gidariekin lan egin ahal izateari dagokionez, kendu egiten dira ordutegi edo data garrantzitsu jakin batzuen inguruan indarrean dauden murrizketak (kontratazio horiek egiteko aukera lan gutxiko orduetara, asteburu, jaiegun eta jaiegun-bezperetara, gertakari berezietara, herriko jaietara eta antzeko aldietara mugatzea). Neurri horri esker, taxi-zerbitzuaren eskaintza handitu ahal izango da, enplegua sortzen eta kontziliazioa bultzatzen laguntzeaz gain.

 

Gainera, taxi-lizentzia eta baimen berriak eskuratzeko ibilgailuen antzinatasuna urtebetetik bi urtera igotzea planteatzen da, eta, horrela, estatuko araudira egokituko da, antzinatasun hori bera aurreikusten baitu hiriarteko taxi-zerbitzuen baimenetarako, lehenengo matrikulaziotik aurrera zenbatuta.

 

Lege-erreformaren arabera, lizentzien titularrek ez ezik, kontratatutako pertsonek ere eskura izango dituzte sektorea artikulatuko duten prestakuntza eta birziklatze profesionaleko programak. Prestakuntza horretan sartuko dira desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko moduluak, irisgarritasun unibertsalari buruzko laguntza bitartekoak eta genero-ikuspegiaren arloko oinarrizko nozioak.

 

Era berean, mugikortasun urria duten pertsonen kolektiboa zabaldu egin da, indarreko legean kontuan hartuta, desgaitasuna duten pertsonak ere barne hartzeko.

 

Bestalde, desgaitasunen bat duten pertsonei taxi egokituak (eurotaxia) aurretiaz hitzartzeko aukera ematen zaie, erreserba bidez, garraio publikoaren erabileran aukera berdintasuna bermatzeko. Zentzu horretan, taxi zerbitzuak hitzartzeko irratietan eta erreserben kudeaketarako beste sistema baliokide batzuetan dauden komunikazio sistemek desgaitasuna duten pertsonendako irisgarritasun unibertsaleko baldintzak bete beharko dituzte. Bi urteko epea ematen da egokitzapen hori egiteko, legea NAOn argitaratu eta hurrengo egunean indarrean sartzen denetik hasita.

 

Azkenik, Baterako Zerbitzurako Eremuan eskumena duten udalerri edo toki entitateek baldintza gehiago ezarri ahal izanen dituzte, egoki irizten badiote, erabiltzaileei zerbitzua behar bezala eginen zaiela bermatzeko. Zehazki, gutxien kutsa tzen duten erregaien erabilerari, segurtasunari, lekuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko baldintzak ezarri ahal izanen dituzte. Nolanahi ere, sei hilabete izango dituzte ordenantzak aldatu eta arau honetan xedatutakora egokitzeko.

 

Batzordearen eztabaidan EH Bilduk aurkeztu dituen bi zuzenketak atzera bota dituzte, Baterako Zerbitzurako Eremuan eskumena duten udalerriek emandako lizentzien eskualdaezintasuna ezabatzera bideratutakoak biak ere (jatorrizko udalerriak 9/2005 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarraren 1. atalean jasota daude). Asmoa zen lizentziak eskualdatu ahal izateko aldez aurretik udalaren edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunaren baimena exijitzea. Horrela, gaur egun indarrean dagoen araubide juridiko "bereiziari" amaiera eman nahi zitzaion, Arartekoak Lurralde kohesiorako Departamentuari egindako gomendioari jarraiki.

 

Inolako babesik gabe, EH Bilduren proposamena bertan behera geratu da, PSN, PPN, Contigo-Zurekin eta Talde Mistoaren kontrako botoekin eta UPN eta Geroa Bai taldeen abstentzioekin. EH Bilduk 12. artikuluaren 1. apartatua aldatu nahi zuen (aurreko paragrafoan adierazitakoaren ildotik) eta 9/2005 Foru Legearen Xedapen gehigarriaren 6. apartatuaren bigarren paragrafoa kendu.

 

UPNk, bere aldetik, Xedapen gehigarriaren 6. apartatuko bigarren paragrafoa kentzea defendatzen zuen zuzenketa erretiratu du, eta Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei txosten bat eskatuko diela iragarri du, gai hori legezkotasunarekin bat datorren ala ez argitzeko.

 

Behin irizpena eman ondoren, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea aldatzen duen Foru-lege proiektua Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, ziurrenik ekainaren 5ean, behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko.

 

Saioan buru izan da Maite Esporrín (PSN), eta bertan izan dira, halaber, honako hauek: Yolanda Ibáñez, Miguel Bujanda, Mario Fabo, Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN), Javier Lecumberri, Arantza Biurrun (PSN), Adolfo Araiz, Mikel Zabaleta (EH Bildu), Pablo Azcona, Itxaso Soto (Geroa Bai), Javier García (PPN) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin).