Hezkuntza Departamentua premiatzen da konponbide bat eman diezaien Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan Gorputz Hezkuntza eta Musika irakasgaiak atzerriko hizkuntzan ematen dituzten irakasleei
Ganberak ezarri beharreko prozedurak ezar daitezen eskatu du, irakasle hauek 2025-2026ko ikasturtean Nafarroako ikastetxe publikoetako lanpostuei euts diezaieten
Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur —UPN, Geroa Bai, PPN, Contigo-Zurekin eta Talde Mistoaren aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta PSNren aurkako botoarekin—, eta haren bitartez Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua premiatzen da “ezarri beharreko prozedurak ezar ditzan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako hizkuntza-proiektuetan eta plantilletan gorputz hezkuntza eta musika irakasgaiak atzerriko hizkuntzan ematen dituzten irakasleek beren lanpostuak mantendu ahal izan ditzaten Nafarroako ikastetxe publikoetan 2025-2026 ikasturtean”.
EH Bilduk aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, UPN ekimena aurkeztu duen taldeak onartu ez duena, ebazpenak aipatzen duen kolektiboan “euskarazko Natura Zientziak eta Gizarte Zientziak ezabatzeak ukiturikoak” ere sartzeko.
Ebazpena aurkeztu duen taldeak, UPNk, gehitzeko in voce zuzenketa bat aurkeztu du baina Talde Mistoak izapidetzearen aurka egin du. Asmoa zuen Foru Exekutiboari eskatzea “behar diren prozedurak egin ditzan zerrenda hauek zerrenda bakarrean bateratzeko: atzerriko hizkuntzako eskakizuna duten Gorputz Hezkuntza eta Musika espezialitateen Lehen Hezkuntzako irakasleak aldi baterako kontratatzeko zerrendak eta hizkuntza-eskakizunik gabeko espezialitateei dagozkien gaztelaniazko eta euskarazko zerrendak. Errespetaturik lanposturik gabe gainditurikoen eta bi zerrenda horien gainerako kideen lehentasuna”.
EH Bilduk eta Geroa Baik aurkeztu duten in voce zuzenketa izapidetzearen aurka ere egin du Talde Mistoak. Helburua zen “zerrenda bakarrean bateratzea Lehen Hezkuntzako irakasleak aldi baterako kontratatzeko zerrendak”.
Era berean, EH Bilduk gehitzeko zuzenketa bat ere aurkeztu du —hori ere ez du onartu ekimenaren titularrak—, hain zuzen Hezkuntza Departamentua premiatzeko “Nafarroako Arartekoak Q25/395 ebazpen bidez eginiko proposamena bete dezan, zeinaren bidez gomendatzen baita atzerriko hizkuntzako irakasgai gehigarriak (Zientziak, kasurako) sartzen badira, atzerriko hizkuntzak ikasteko programak ezartzearen ondorioz, sar daitezela eragotzi gabe ikasleek irakasgaiak euskaraz edo dena delako atzerriko hizkuntzan egin ahal izatea”.
Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak bultzaturiko ebazpenak zalantzan paratzen du Hezkuntza Departamentuaren erabakia, hau da, atzerriko hizkuntzako Gorputz Hezkuntzako eta Musikako curriculum arloak baztertzea Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako hizkuntza-proiektuetatik, horrek baitakar lanpostuak bete dituzten irakasleak kide diren kontratazio-zerrenda zaharkitzea, eta zaildu egiten baitu irakasle-lanposturik eskuratu dezaten.
Ildo horretatik, talde proposatzaileak argudiatzen duenez, Hezkuntza Departamentuaren curriculum-erabakiak “parte hartu zuten hautaketa-prozesuen bitartez eskuraturiko eskubideak ezabatzea dakar”, eta, ondorioz, eskatzen da konponbideak premiaz bilatzeko eta ezartzeko, irakasleek aurrerantzean ere eman ditzaten zerbitzuak Nafarroako ikastetxeetan.
Bilkuraren buru Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa) izan da, eta bertan parte hartu dute, orobat, honako hauek: Pedro González, Isabel Olave, Javier Trigo, Raquel Garbayo (UPN talde parlamentarioa), Kevin Lucero, Ibai Crespo (PSN talde parlamentarioa), Eneka Maiz, Oihana Gallo (EH Bildu talde parlamentarioa), Itxaso Soto, Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Irene Royo (PPN talde parlamentarioa), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Talde Mistoa).
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioaren argitalpena (NPAO, 98. zk., 2025-09-05)