Legebiltzarreko lehendakariak harrera egin dio Giza Eskubideetarako Zentro Palestinarreko zuzendari Raji Sourani jaunari
Hualdek nafar gizartearen elkartasuna, bere erakundeek Palestinako herriaren egoerarekin duten konpromisoa eta Israelgo gobernuaren genozidioa gaitzesten ditu
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio gaur Raji Sourani Giza Eskubideetarako Zentro Palestinarreko zuzendariari, zeinak, ondoren, Nazioarteko Bizikidetza eta Elkartasun Batzordean agerraldia egin baitu, Nazioarteko Zigor Gorterako palestinar ordezkaritzaren buru ere baden aldetik bere lanaren xehetasunak azaltzeko.
Topaketa horretan, Raji Soraunik Nafarroako herriaren eta bertako erakundeen elkartasuna eskertu du, eta azpimarra jarri du egoeraren larritasunean eta genozidioari, israeldarren okupazioari eta herri palestinarrak determinazio askerako daukan eskubidea erabili ezinari amaiera emanen dien berehalako bakea erdiesteko itxaropen urrietan.
"Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Herriko herriak oso modu berezian erakutsi diote babesa Palestinako herriari. Zehazki euskal herritarren eta, oro har, espainiarren hitzak eta ekintzak genozidioak behartzen zuenaren neurrikoak izan dira, nazioarteko zuzenbidearekiko eta giza eskubideekiko konpromisoari dagokionez. Espainiaren kasua oso da berezia nazioartean. Europan betetzen duen lidergo-posizioa dela eta, azken batean Europar Batasuna ere bere betebehar legal, moral eta politikoen mailara igotzera hartaratu du, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioari jarraituz", adierazi du Raji Souranik.
Ildo horretan, eta adierazi ondoren gustatuko litzaiokeela Espainiak abangoardiako posizioari eustea, besteak beste «ekintza legal eta praktikoen eremuan sakontzeko, Europar Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Akordioari jarraituz – giza eskubideak eta printzipio demokratikoak errespetatzea eskatzen du – eta Genevako Konbentzioari eta Erromako Estatutuari heldurik», Raji Souranik dei egin du Israelen gaineko nazioarteko presioari jarraipena ematearen alde.
"Aparteko izugarrikeria baten aurrean gaude, ia aurrekaririk gabea. Ez dugu ikusten Palestinako herriari okupaziotik libratzeko aukera emanen dion bakezko helmugarik. Beharrezkoa da Espainiak eta Euskal Herriak beren babes-ematea eta ekimena mantentzea genozidio hori geldiarazten saiatzeko eta duintasunezko askatasuna berreskuratzeko", amaitu du.
Unai Hualdek, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Sorauniri, bigarren aldiz azken bi urte hauetan, hainbat talderen eskaerari erantzuteko prest egoteagatik, hain zuzen Nafarroan dagoela aprobetxatuz Legebiltzarrean agertzekoari. Halaber, preziatu egin ditu bai haren lana, bai bere modu berean egoera hori zuzenean bizi izan dutenen edo bizitzen ari direnen testigantzak.
Hualdek Gazako genozidioa gaitzesten duen Akordioa helarazi dio Souraniri. Gaur onetsi du Nafarroako Gobernuak, gatazka larriagotu zenetik bi urte betetzearen kariaz.
Era berean, gogorarazi du orain dela gutxi adierazi zuela Nafarroako Parlamentuko Mahaiak azkenekoz "irmo eta zeharo gaitzesten duela Israelek palestinar herriaren aurka darabilen genozidioa", eta, aldi berean, "behin betiko su-etena" eskatu zuela, eta "segurtasuna berrezarriko duen prozesu politiko" baten alde egin zuela; hori guztia, "bi estatuen konponbidea" gauzatzera bideratuko duen Nazioarteko Bake Konferentzia bat egin aurreko urrats gisa.
Erabaki hori aho batez onetsi zen irailaren 8an, eta oraingo bilkura-aldiko lehen osoko bilkurara eraman zen, lehendakariak irakur zezan, minutu bateko isiltasuna gordetzearekin batera, Gazako zerrendan eraildako milaka palestinarrekiko elkartasun- eta oroitzapen-keinu gisa.
Amaitzeko, Hualdek nabarmendu du Nafarroako Parlamentua jarraipen berezia egiten ari zaiola, Nazioarteko Elkartasun Batzordearen bidez, Gazako sarraski basatiari, eta harro dagoela genozidioaren aurkako ahotsa goratu duten lehen erakundeetako bat hain zuzen Parlamentua izateaz.