Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen 17/2020 Foru Legearen aldaketa
Osoko bilkurak onetsi du. 2025eko urriaren 30ean
Parlamentuaren osoko bilkurak, UPN, PSN, PPN eta atxiki gabeko parlamentariaren aldeko botoekin eta EH Bildu, Geroa Bai, Contigo-Zurekin taldeen eta Talde Mistoren aurkakoarekin, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur.
Onartutako testua EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin taldeek sustatutako lege proposamenaren artikulu bakarraren alternatiba gisa UPNk eta PSNk adostutako ordezteko in voce zuzenketa baten ondorioa da.
Hala, 12 hilabeteko epe bat ezartzen da Legea indarrean sartzen denetik Nafarroako Gobernuak Foru Erkidegoan biometanoa sortzeko dauden proiektuen garapenaren egoera eta 2030erako Biogasaren Nafarroako Agendaren betetze maila ebaluatu ditzan. Epe horretan, zehazten denez, administrazio publiko eskudunek ez dute proiektu berririk onartuko.
Izapidetze-fasean dauden administrazio-espedienteak kautelaz eten egingo dira, salbu eta informazioa emateko edo agerpen publiko fasea amaitu bada eta, gainera, txosten sektorial lotesle guztiak aldekoak izanik, ebazpen-proposamenaren fasean badago.
Halaber, etenaldi horretatik espresuki kanpo geratuko dira lege hau indarrean sartu aurretik ingurumeneko baimen bateratuaren (IBB) ebazpena lortu duten proiektuak – ingurumen-ebaluazioa eta hirigintza-bateragarritasuna barne – edo, halakorik ezean, Nafarroako Gobernuak foru-intereseko proiektutzat jo dituenak.
Nolanahi ere, kautelazko etetea 2026ko irailaren 30a baino lehen amaituko da, edo eremu kalteberetan ongarritzeari buruzko foru-araudia indarrean sartzen den unean, aldez aurretik bada.
Legea indarrean sartu eta hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak departamentu arteko batzorde tekniko bat eratuko du, Landa Garapenean, Lurralde Kohesioan, Industrian, Trantsizio Ekologikoan eta Osasunean eskumena duten departamentuetako ordezkariek osatua, eta batzorde horrek txosten bateratu bat egiteko ardura izango du. Dokumentu horrek honako hauek jaso beharko ditu: izapidetzen eta gauzatzen ari diren proiektuei buruzko diagnostiko tekniko eguneratua; proiektu horien lurralde-, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-inpaktuaren azterketa; eta beharrezko gomendioak plangintza orekatua, jasangarria eta teknikoki zorrotza bermatzeko, erakundeen eta herritarren parte-hartzearekin.
UPNk eta PSNk aurkeztu duten lege proposamenaren ordezko testuaren helburua "segurtasun juridikoa, proportzionaltasun normatiboa eta berme tekniko-juridikoak" ematea da, jatorrizko idazketak eragin litzakeen "auziak eta kalte ekonomiko larriak" saihesteko, Nafarroako Gobernuak berak emandako "irizpide juridikotik" ondorioztatzen duen gisan. Izan ere, "faseen eta hasitako prozeduren arteko bereizketarik gabeko luzamendua onartuz gero, ondare-erantzukizunetan eta erantzukizun penaletan" erortzeko aukeraz ohartarazten du txostenak.
Irakurketa bakarrean izapidetuta, Foru Legea NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen atzeraeraginezko luzamendua bertan behera geratu da
EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek bultzatutako Lege proposamenaren helburua zen bi urteko moratoria txertatzea urtean 10.000 tonatik gora lantzeko biometanizazio-lantegientzako ingurumen-baimenen espediente berrien izapideak egiteko eta, aldi berean, bertan behera uztea bide administratiboan ingurumen-baimenaren ebazpen irmorik jaso ez duten espedienteen izapideak, 2023ko urtarrilaren 1eko atzeraeraginez.
Zehazten zenez, behin-behineko aurreikuspen horiek indarra galduko lukete Foru Administrazioak halako lantegien ezarpen orekatua bermatzeko gai izanen den plangintza publikoko tresna abian jartzen zuenean, eta haien funtzionamendua bateragarria izaten denean “ingurumen, ekonomia eta gizarte jasangarritasunarekin”, lurralde aurreratu bati dagozkion “lurralde orekaren” printzipioekin bat.
Gauzak horrela, eta Foru Komunitateko hainbat puntutan aurreikusten diren ezarpen-proiektu ugariak kontuan hartuta, hondakinen kontrolerako sistemak eta haien trazabilitatea zehaztearen alde egin zen, exijitu daitezkeen beste baldintza batzuk (gutxieneko distantziak, trafiko astuna, olfatometriak) ezetsi gabe, herritarren ongizatea eta bizi kalitatea zaintzeko.
Bide batez, azpimarratzen zen uztartu egin behar dela larrialdi klimatikoari eta lehen sektorearen estutasunei eman beharreko erantzuna, abeltzaintzako ustiategietan sortzen diren hondakin organiko biodegradagarriak berrerabiltzeko orduan segurtasuna edukitzearekin.
Horregatik nabarmentzen zen prozesu horren ondorioz sortzen den energia-iturri berriztagarria den biometanoaren erabilera arduratsua, araudi xehatu baten babesean eta ezinbesteko kontrol guztiekin. Gai hori arautu behar duen Foru Dekretua izapidetzen ari dira dagoeneko.
Biometanizazio anaerobikoko instalazio berriak izapidetzeko moratoria atzeraeraginez aplikatzetik erator litekeen ondare-erantzukizunari dagokionez, Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak astelehenean aditutzat eman zuten Ganberako zerbitzu juridikoek egindako txostena, inguruabar hori ezetsi egiten duena.
Haren konklusioetan adierazten zenez, etete horrek “ez luke erakarriko kalte antijuridikorik, eraginkorrik, ekonomikoki ebaluagarririk, indibidualizaturik eta botere publikoei egotz dakiekeenik, eta beraz, ez lukeela eraginen, legezkotasun-printzipioaren arabera, haren barnean jasotako aldaketa aplikatzeaz arduratzen den administrazioaren ondare-erantzukizunik”.
Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin taldeak elkarrekin aurkeztutako hiru zuzenketetatik bi atzera bota dituzte. Aho batez onetsi denak Legea argitaratu eta hurrengo egunean indarrean sartuko zela besterik ez zuen jasotzen.
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Foru Legearen proposamenaren argitalpena (NPAO, 109. zk., 2025-09-30)