Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Azaroak 20

Parlamentuak ez ditu onartu UPNk, PPNk eta Talde Mistoak 2026rako Aurrekontu Orokorrei buruzko proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak

Abenduaren 1etik 12ra bitartean zuzenketa partzialak aztertuko dira eta Batzordearen irizpena Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, hilaren 18an behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak ez ditu onartu UPNk, PPNk eta Talde Mistoak 2026ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko foru-lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioen kontrako botoekin. UPNk, PPNk eta Talde Mistoak elkarren proposamenak babestu dituzte (atxiki gabeko parlamentariak ez du bilkuran parte hartu). 

 

Orain, lege-proiektua Gobernuari itzultzea baztertu ondotik, zuzenketa partzialak aztertuko dira Ekonomia eta Ogasun Batzordean, abenduaren 1etik 12ra bitartean, eta batzorde horren irizpena Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, abenduaren 18an behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko foru-lege proiektua azaroaren 3an onartu zen izapidetzeko, eta azaroaren 5ean argitaratu zen Parlamentuko Aldizkari Ofizialean. Proiektuan jasotako aurrekontua 6.741,5 milioi eurokoa da.

 

Kontuetan jasotako 6.741,5 milioi horietatik 6.318,6 milioi gastu ez-finantzarioari dagozkio (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerako 422,9 milioiak finantza-gastuetarako dira (zorra amortizatzeko eta interesak ordaintzeko).

 

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 5,2 igo da 2025eko aurrekontuaren aldean. Azken horretan 5.986,6 milioikoa izan zen; beraz, termino absolutuetan 332 milioi euroko aldea dago.

 

UPN talde parlamentarioak bere osoko zuzenketa justifikatzeko adierazi du ez dagoela ados proiektuarekin; izan ere, “ez du eskura dauden funts publikoak ongi esleitzea bermatuko duen gutxieneko bermerik”. Dioenez, 2026rako aurrekontuak “aurreko ekitaldietakoetara loturik daude”, “familien-errenten eta enpresa-ehunaren ahalmen ekonomikoa neurriz kanpo oztopatzen duen politika fiskal batean” sostengatzen dira eta, ondorioz, Foru Komunitateak lehiakortasuna galtzea eragiten dute.

 

Horri dagokionez, UPNk kritikatu du Gobernuaren eta EH Bilduren ordezkariek “gastu-maila historikoak” eta proiektuaren “izaera hedakorra” azpimarratzea haren bertute nagusi gisa, eta “ez dute auzitan jartzen, ez eta inolako azterketarik erakusten ere, gastu-zenbateko hori bat ote datorren haren eraginkortasunarekin, bete behar dituen helburuetarako”. Gehitu duenez, gastu-mailak “gezurtatu egiten dira” oinarrizko zerbitzuak (adibidez, osasuna eta etxebizitza) ematearen “arreta-gabeziaren mailekin”.

 

Hori horrela, “azpiegituretan egindako inbertsio-ahalegin kaskarra” aipatu ondotik, UPNk kritikatu du EH Bilduk aurrekontuak egitean duen influentzia “gero eta erabakigarriagoa dela ekitaldi bakoitzean”; izan ere, aurrekontu-zuzenketen bidez proiektua bideratzetik orain proiektuaren jatorrizko definizioan zuzen-zuzenean parte hartzera igaro da. Horrek, gehitu dutenez, Gobernuaren erabaki nagusiak “baldintzatzen” ditu eta “modu negatiboan eragiten dio” Foru Komunitatearen erronken kudeaketari; izan ere, aipatu alderdia “Nafarroarako aurrerapen-proiektu nagusiak blokeatzeagatik eta haiekiko areriotasunagatik nabarmendu da”.

 

Ildo beretik, PPN talde parlamentarioak egindako osoko zuzenketaren oinarrian dago “Nafarroaren hazkundea eta Nafarroako herritarren ongizatea mugatzen dituzten kontu kontinuistak” diren ustea; izan ere, ez diete erantzuten hauen ondoriozko erronkei: “Lehiakortasuna galtzea, pobreziaren gorakada, azpiegituren arloko gabeziak, enpresa-ihesa, langile eta autonomoen zailtasunak, etxebizitza eskuratzearen krisia, osasun-sistemaren narriadura eta hezkuntzaren arloko atzerakada”.

 

Adierazitakoaren ildotik, PPNk nabarmendu duenez, aurrekontuak “bakoitzak bere proiektuei eusteko elkarren beharra duten alderdi politikoen neurrira eginda daude, komunitatearen benetako beharretatik urrun” eta, adierazi duenez, “presio fiskal handia” da “enpresa-jardueraren itomenaren eta inbertsioa galtzearen kausa nagusietako”, baita “autonomoen” arloan ere, non “gazteen ekintzailetza-bokazio txikia” nabarmentzen den. Bere ustez, “enplegua sortzearen alde egiten ez duen” inguruneak baldintzatuta daude horiek.

 

Hori horrela, Gobernuak “ongizate-estatuari eusteko” premisarekin defendatzen duen zerga-politikarekiko desadostasuna agertu ondotik, PPNk baliabide publikoen “kudeaketa ez eraginkorra” azpimarratu du, hauez ohartarazteko: batetik, osasunari dagokionez, “itxaron-zerrendek duten pisua” eta “lehen mailako arreta gainezka egotea”, eta, bestetik, hezkuntzari dagokionez, 0-3 zikloa oraindik ere ez dela benetan unibertsala eta ikastetxea aukeratzeko eskubidea ez dagoela “bermatuta”.

 

PPNk, amaitzeko, lotu egin ditu “pobreziaren gorakada” eta pobrezia enpleguaren, etxebizitzaren, hezkuntzaren, osasunaren eta haurren ikuspegitik jorratuko duen zeharkako estrategia bat ez egotea. Gainera, zalantzan jarri du azpiegitura handien (abiadura handiko trena, Nafarroako ubidea eta A-15aren y A-21en bikoizketak) exekuzioaren atzerapena, eta, etxebizitzaren arloan, berriz esan du neurriak hartu behar direla alokairua sustatzeko, etxebizitzak eraikitzea bultzatzeko, elkarlan publiko-pribatua sustatzeko eta alokatzeko eta erosteko pizgarri fiskalak aurreikusteko, batik bat gazteei eta sektore zaurgarriagoei zuzenduta.

 

Talde Mistoak, bere aldetik, uste du 2026rako aurrekontu-proiektuari lotutako politikak “ekonomia lehiakorra eta oparoa” sustatzeko behar ditugunen antipodetan daudela. Horregatik ez ditu onartu gobernu-koalizioak planteatutako kontuak, bere aburuz, “erauzketako eta diru-bilketako tresna gero eta aktiboagoa” direlako eta “lehentasuna burokrazia hedatzeari” ematen diotelako, “gutxi batzuen interesei erantzutera bideratutako partidak izugarri areagotuta”.

 

Zehazki, Talde Mistoaren ustez, fiskalitatea “erauzlea, harraparia eta pelagikoa” da eta gastu soziala “oso handia da eta ez da eraginkorra”. Honako hauek ere esan ditu: “Diruz laguntzeko apustua egiten da, pizgarriak eman eta inbertsioak egin beharrean” eta gehiegizko “burokrazia” dago eta “behar ez den euskara sustatzeko” politika ere bai. Hori horrela oraindik ere bada “zailtasunik ekoizpen-ehunean” eta ezinbesteko arloetan, besteak beste “osasunean eta azpiegituretan”; beraz, “Nafarroa aurrerabidetik urrundu eginen da eta enplegu- eta aberastasun-aukerak galduko ditu”.

 

PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek hiru osoko zuzenketekiko aurkaritza babestu dute, esanez 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko proiektua “nagusiki soziala” dela eta “% 54,5 osasunean, hezkuntzan, eskubide sozialetan, etxebizitzan edo kulturan inbertitzeko izanen dela”. Gastu sozialerako 3.400 milioi euro dira eta, une honetan, zehazten den bezala, askotariko beharrak batu behar dira, hala nola “osasunaren arloko itxaron-zerrendak murriztea, etxebizitzaren arloko politika publikoetan sakontzea, kalitatezko enplegurako sarbidea sustatzea, ekonomia soziala eta ekintzailetza bultzatzea, industria erakartzea eta, orokorrean, desberdinkeriaren aurka borrokatzea”.

 

Ildo beretik, EH Bilduk gezurtatu egin ditu UPNren, PPNren eta Voxen argudioak eta adierazi du bat egiten duela “batik bat sozialak” diren eta interes alderdikoien gainetik jendea lehenesten duten kontu orokor berrituekin. “Gure ekarpenen helburu nagusia zerbitzu publikoak indartzea izan da. Izan ere, zerbitzu publiko sendoak, kalitatezkoak, unibertsalak eta doakoak behar ditugu, gizarte osoari erantzunen diotenak eta batik bat kolektibo zaurgarriak babestuko dituztenak. Gehiengo sozialen beharrak betetzen dituztenak”, gehitu du.