Noiz argitaratua Asteartea, 2025.eko Abenduak 16

Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Irene Urango Irídia Giza Eskubideen Defentsarako Zentroaren ordezkariari

Legebiltzarrean honako txosten hau aurkeztu dute: "Polizia-kontrolerako mekanismo independenteak: konparazio-azterketa bat eta hainbat proposamen Espainiako Estatuan eraginkortasunez ezartzeko"

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Irene Urango Irídia Giza Eskubideen Defentsarako Zentroaren ordezkariari harrera egin dio gaur bere bulegoan, eta horrek txosten hau aurkeztu dio: Polizia-kontrolerako mekanismo independenteak: konparazio-azterketa bat eta hainbat proposamen Espainiako Estatuan eraginkortasunez ezartzeko.

 

Bilera horretan, Irene Urangok presidenteari helarazi dizkio Irídiak eta Novact Institutuak egindako lanaren ondorioak. Bertan, polizia ikertzeko organo independenteen arteko konparazio-azterketa jasotzen da. Organo horiek hainbat herrialdetan daude, hala nola Erresuma Batuan, Belgikan eta Kanadan, bai eta autonomia-erkidegoetan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, esterako.

 

Irídiaren ustez, txosten honen edukia interesgarria izan daiteke Nafarroako erakundeentzat, batez ere Nafarroako Polizien Jardunbide Onen eta Gardentasunaren Batzordearen sorrerari eta funtzionamenduari dagokienez. Adierazi duenez, helburua da “polizia-kidegoen gardentasuna eta kontu-ematea hobetzen laguntzea”, polizia-agenteek egin ditzaketen giza eskubideen urraketak gainbegiratzeko mekanismo independenteak sortuz eta eraginkortasunez jardunez, giza eskubideen nazioarteko erakunde askok gomendatzen duten bezala.

 

Urangok azaldu duenez, argitalpenaren helburua da “ikasitako ikasgaiak biltzea” eta Estatu osoan horrelako erakunde bat ezartzeari buruzko proposamen zehatz bat gauzatzea. Horretarako, Espainiako esparru juridikoan eta autonomia-erkidegoetan mekanismo independente bat sortzeko eta funtzionatzeko behar den eskumen- eta lege-egokitzapena aztertzen da.

 

Horrela, bada, Irídiak adierazi duenez, "politika publikoan tresnak eta ildoak jarri nahi dira eztabaida politiko, instituzional eta herritarrean, polizia-jarduerak ikertzeko kanpoko organo independente bat sortzeko premiaren inguruan, dauden esperientzietatik eta adituen ekarpenetatik abiatuta, zeinek bere diziplinatik gaiari buruzko ezagutza teknikoa ematen baitute".

 

Irídiako ordezkariak, Laura Pegorekin batera, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Batzordearen lan-saio batean parte hartuko du gaur, txosten hori aurkezteko.

 

Irídia – Giza Eskubideen Defentsarako Zentroa Kataluniako elkarte bat da. Giza eskubideak, batez ere eskubide zibilak eta politikoak, sustatu eta defendatzeko lan egiten du. Elkarteak esku-hartze integrala egiten du eskubide-urraketen aurrean, ukitutako pertsonentzako arreta juridikoa eta psikosoziala uztartuz, giza eskubideen babes-estandarrak handitzeko xedez, indarkeria instituzionalari, arrazakeriari eta migrazioei, memoria historikoari, askatasun-gabetzeari eta protesta-eskubideari dagokienez.