Noiz argitaratua Ostirala, 2025.eko Abenduak 19

Zenbait zerga aldatzeko eta beste tributu neurri batzuk hartzeko Foru-legea

Osoko bilkurak onetsi du. 2025eko abenduaren 18an

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Zenbait zerga aldatu eta beste zerga-neurri batzuk hartzeari buruzko 2026rako Foru Legea onetsi du gaur, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek emandako aldeko botoekin, UPN eta EH Bilduren abstentzioarekin eta PPN, Talde Mistoak atxiki gabeko parlamentariak emandako aurkako botoekin.

 

Foru lege horren helburu nagusietako bat da zerga-sistema egungo errealitate ekonomiko eta sozialera moldatzea, neurriak ezarriz justizia fiskal handiagoa erdiesteko, ekonomia-jarduera suspertzeko eta enpresen gizarte-erantzukizuna sustatzeko. Horrez gain, hobekuntza teknikoak egiten dira segurtasun juridikoa indartu eta zergen kudeaketaren efizientzia areagotzeko.

 

Sistemaren progresibitatean aurrera egin eta ahalmen ekonomiko txikieneko zergadunek duten karga fiskala murrizte aldera, urteko 17.000 euroraino igo da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko betebeharretik salbuesten duen lan-etekin osoen atalasea.

 

Horrekiko koherentziaz eta soldatarik xumeenak dituzten langileek zerga-arloko Administrazioarekin duten harremana errazte aldera, lan-etekinengatiko kenkarien zenbatekoa igo egiten da 17.500 euro baino gutxiagoko errendimendu garbiak dauzkaten zergadunentzat, eta handitu egiten da gutxieneko pertsonalagatiko kenkariaren zenbatekoa 32.000 euroko kopurua gainditzen ez duten errentak dituzten zergadunentzat, eragin berezia izanik errenta-tarterik baxuenetan.

 

Era berean, alargun-pentsioengatiko eta erretiro-pentsioengatiko kenkariaren zenbatekoa igo egiten da, pentsiorik baxuenen osagarri modura, urteko 15.400 euroko kopururaino.

 

Halaber, salbuespen berriak sortu dira egoera sozial ahuleko errealitateei erantzuteko, hala nola talidomidaren eta amiantoaren biktimentzako kalte-ordainetarako, bai eta Eliza Katolikoaren esparruko abusuen biktimentzako konpentsazio ekonomikoen kasuetarako ere. Salbuespena ezarri da, orobat, garraiolariei emandako laguntza batzuetarako, 20.000 euroko mugarekin.

 

Sozietateen gaineko zergan, berritasun nagusia da ehuneko 25eko karga-tasa murriztu bat ezarri dela, ehuneko 28ko tasa orokorrari kontrajarririk, gizarte- eta enplegu-arloarekiko konpromiso nabarmena erakusten duten baldintza jakin batzuk betetzen dituzten entitateentzat. Hauek dira aipatutako baldintzak: plantillari eustea, ekonomi arrazoiengatiko ABEEErik aplikatu ez izana zergaldian, zehapenik jaso ez izana lan-arriskuen prebentzioaren arloko arau-hauste astun edo oso astunengatik, eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko arauak bete izana modu egiaztagarrian.

 

Neurri horren asmoa da “zerga-sistema trakzio-tresna gisa erabiltzea interes publikoko helburuak lortzeko bidean. Izan ere, pizgarriak eman nahi zaizkie aberastasun ekonomikoa sortzeaz gain gizarte-kohesioaren aldeko lan aktiboa egiten duten enpresei. Ulertzen da halako lana egiten dutela kalitate oneko enplegua sortzen eta mantentzen dutenean, lan-inguru segurua bermatzen dutenean eta benetako berdintasuna sustatzen dutenean”.

 

Besteak beste, ibilgailu elektriko industrialetan inbertitzeagatiko kenkaria ere hobetzen da, ikus-entzunezko ekoizpenetan eginiko inbertsioengatiko kenkaria indartzen da, eta gutxieneko zergapetzeari mugak jartzen zaizkio, enpresek egiazko ekarpena egin dezaten bermatzeko.

 

Aldaketak funtsean izaera teknikokoak dira, Ondarearen gaineko Zergari, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari eta Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari egiten zaizkienak. Adibidez, hiru zerga horietan aldi baterako nahiz bizi arteko errentak balioesteko erregelak harmonizatzeari dagokionez, zeinak xede baitu sistemari koherentzia handiagoa ematea eta zergadunari segurtasun juridikoa ekartzea”.

 

Beste aldaketa batzuen jomuga da orokortasunez Foru Komunitateko zerga-araudia doitzea, xede hartuta kudeaketa-tresnak eta iruzurraren aurkako borrokarakoak indartzea eta haien prozedurak modernizatzea. Besteak beste, Europako araudira (DAC 8) egokitzen dira informazio-betebeharrak, halako moldez non hedatu egiten baita kontu finantzarioen eta kriptoaktiboen berri emateko betebeharra. Berrikuntza bezala, enbargatuak izateko moduko ondasun gisa jasotzen dira kriptoaktiboak, eta lehentasun-hurrenkeran eskudiruaren ondoren jarriak dira.

 

Foru-lege proiektuak halaber ezartzen du 2026ko Iruñeko Topaketekin eta 2027ko Jakuetar Urte Santuarekin zerikusia duten kultur-mezenasgoko jardueren eta proiektuen lehentasuna.

 

2027ko Jakuetar Urte Santuari dagokionez, neurri horren bidez elkarlana sustatu nahi da sektore pribatuaren eta Nafarroako erakunde kultural eta turistikoen artean, “bultzada emateko jakuetar ondarearekin eta Done Jakueren bideko herrien garapen kultural eta sozialarekin lotutako proiektuei”. Iruñeko Topaketen hirugarren edizioari dagokionez, sustatu nahi da sektore pribatuak ekitaldiaren finantzaketan parte hartzea, eta, horrela, “Nafarroako ekosistema kultural garaikidea indartzea eta Nafarroak topagune artistikorako eta pentsamendu kritikorako gune gisa nazioartean duen proiekzioari laguntzea”.

 

Legeak jasota dauka Osoko Bilkurak onetsitako in voce zuzenketa (zioen azalpena). Horrez gain, Ekonomia eta Ogasun Batzordean eginiko aurretiazko eztabaidanirizpenari beste hamar txertatu zitzaizkion, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen ekimenez. Ezetsiak izan ziren UPNk aurkezturiko hamabostak eta PPNk aurkezturiko zortziak.

 

  • https://parlamentodenavarra.es/eu
  • Foru-lege proiektua (135. NPAO, 2025-11-13koa)
  • Zuzenketak (141. NPAO, 2025-11-25ekoa)
  • Zuzenketak (143. NPAO, 2025-11-28koa)
  • Irizpena (149. NPAO, 2025-12-18koa)