Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea
Osoko Bilkurak onetsi du. 2026ko otsailaren 5ean
Parlamentuaren Osoko Bilkurak onetsi egin du gaur Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen aldaketa; PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN, Contigo-Zurekin eta atxiki gabeak alde bozkatu dute, UPN abstenitu egin da eta Talde Mistoak aurkako botoa eman du.
Zioen azalpenaren arabera, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek bultzatutako Foru Legearen helburua da “etxebizitza hutsak alokairu eskuragarriaren merkaturantz mobilizatzea”, “bizitegi-prekaritateari” erantzuteko; izan ere, “espekulazioaren, jabetzaren kontzentrazioaren eta ostatu turistikoak ugaritzearen” ondorioz, “klase herrikoiek, gazteek eta kolektibo zaurgarriek” jasaten dute egoera hori.
Testuinguru horretan, eta “egiturazko arazo” batengatik, zeina, “etxebizitza publikoaren eskasia kronikoaren” ondorioz, “gizarte-larrialdi” bihurtu baita, toki-entitateen eskumenei hel egiten zaie udalek, beren toki-autonomia baliatuz, “etxebizitza duin” bat eskuratzea bide fiskaletik sustatzeko aukera formaliza dezaten.
Zehazki, hiru suposizio berri sartzen dira 2/1995 Foru Legearen 140. artikuluan, ondasun higiezinen gaineko zergan edo lurralde kontribuzioan % 90era arteko murrizketa egiteko aukera emateko, Nafarroako Gobernuaren alokairu-burtsaren bidez alokatutako ondasun higiezinak direnean, ohiko bizileku iraunkor gisa alokatzen direnean alokatze-araubideko babes ofizialeko etxebizitzetarako ezarritakoa baino prezio txikiagoan edo berdinean, edo elkarteek edo kooperatibek erabilera-lagapenean eraiki/sustatzen dituztenean, betiere bazkideen ohiko bizileku iraunkorrerako erabiltzen badira.
Era berean, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergari dagokionez, % 50era arteko kenkari batzuk gehitzen dira alokairura bideratutako etxebizitzak eraikitzen laguntzeko, baita erabilera-lagapeneko kooperatibek edo elkarteek sustatutakoak ere, eta udal-katalogoak babestutako eraikuntzak birgaitzeko, etxebizitza babestuetara bideratuko badira.
Dena den, birgaitzea lehentasunez zaharberritu beharreko eremuetan eta esku-hartze publikoko planen arloetan txertatutako eraikuntzetan egiten bada, murrizketa % 30ekoa izanen da.
Murrizketa erdira jaisten da (% 25) partzialki BOEetara bideratutako eraikinetan, betiere alokatutako etxebizitzak gutxienez guztizko kopuruaren erdia badira.
Kontsignatutako azken hobaria, eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikoko sistemak txertatzeari buruzkoa (kolektore homologatuak sartzearen mende), % 90era artekoa izan daiteke.
Kasu guztietan, hobariak, alokairura bideratutako BOEak eraikitzera ez ezik, osorik edo zati batean errentamendu babestura bideratutako eraikinetako instalazio edo obretara ere hedatzen dira.
Jasota geratu denez, hobariak metatzea baztertuta geratzen da, eta, beraz, bat baino gehiago eskatuz gero, zenbateko handieneko hobaria jasotzeko eskubidea baino ez da izanen. Hori aplikatzeko, oro har, udal-ordenantzetan berariaz sartu beharko da.
Hobari bakoitzaren gainerako alderdi substantibo eta formalen erregulazioa ordenantza fiskal bidez ezarriko da, eta “gehienez urtebeteko atzeraeragina” aplikatzen ahalko zaie.
Osoko Bilkuran egindako eztabaidan zuzenketa tekniko bat onartu da, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek aurkeztutakoa, testuaren koherentzia mantentzera bideratua. UPN eta PPN abstenitu egin dira eta talde Mistoak eta atxiki gabeak aurkako botoa eman dute.
Aitzitik, PPNk defendatutako aldatzeko bi zuzenketak bertan behera geratu dira. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan aplika daitekeen gehieneko hobaria murriztu nahi zuen, baita legearen indarraldia bost urtera mugatu ere. Talde mistoak bakarrik babestu du PPNren ekimena. UPN eta atxiki gabea abstenitu egin dira eta gainerakoak aurka agertu dira.
Era berean, ez dute aurrera egin UPNren bi zuzenketek, artikulu bakarreko 1. paragrafoko 8. puntua eta 2. paragrafoko C letra kentzea aldarrikatzen zutenak, biak ala biak erabilera-lagapeneko elkarte eta kooperatiben higiezinen sustapenei buruzkoak. PPNk bakarrik bozkatu du alde. Atxiki gabea abstenitu egin da, eta gainerakoak aurka agertu dira.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen aldaketa irakurketa bakarrean izapidetu da, eta NAOn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Foru-lege proposamena (3. NPAO, 2026-01-16koa)
- Zuzenketak (18. NPAO, 2026-02-20koa)
- Irizpena (24. NPAO, 2026-03-11koa)