Noiz argitaratua Osteguna, 2026.eko Martxoak 12

Nafarroako Boluntariotzari buruzko Foru Legea

Osoko Bilkurak onetsi da. 2026ko martxoaren 12an

Gaurkoan, Parlamentuaren Osoko Bilkurak, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek emandako aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioekin eta UPN, PPN, Talde Mistoaren eta atxikigabearen aurkako botoekin, onetsi du Boluntariotzari buruzko Foru Legea. Testu horrek ekintza solidarioko modu berriak biltzen ditu, modu digitala barne, eta plangintza-, prestakuntza- eta koordinazio-tresnak barne hartzen ditu, hala nola Boluntariotzaren Sarea eta Jardun Boluntarioaren Eskola.

 

Gobernuak bultzatutako legearen xedea da Foru Komunitateko ekintza boluntarioaren esparru arautzailea eguneratzea eta antolatzea. Esparru hori orain arte 2/1998 Foru Legeari lotuta egon da, duela bi hamarkada baino gehiagotik indarrean.

 

Horretarako, testu berriak boluntariotzaren erregulazio integrala ezartzen du, eta, horretarako, kontzeptua, printzipioak eta jarduketa-esparruak definitzen ditu, eta, aldi berean, boluntarioen, jarduera hori sustatzen duten entitateen eta xede diren pertsonen eskubideak eta betebeharrak zehazten ditu.

 

Legeak boluntariotzak azken urteetan izandako bilakaera aitortzen du, eta parte hartzeko zenbait modalitate gehitzen ditu, aurrez aurreko boluntariotza eta boluntariotza digitala barne, bai eta formula egonkorrak eta puntualak edo proiektu zehatzei lotutakoak ere.

 

Arau-erreforma horrekin, ikuspegi inklusiboa eta genero-ikuspegia indartzen dira, eta, aldi berean, tradizionalki jardun boluntarioaren hartzaile izan diren kolektiboen parte-hartze aktiboa sustatzen da, gizarte-partaidetzako eragile gisa duten inplikazioa bultzatuz.

 

Esparru horretan, boluntariotzak gizarte-kohesiorako, herritarren partaidetzarako eta komunitate-sarea indartzeko tresna gisa duen zeregina nabarmentzen da, eta administrazio publikoen eta gizarte-entitateen arteko koordinazio- eta lankidetza-printzipioak ezartzen dira.

 

Aurreikusitako tresnen artean, Nafarroako Boluntariotzaren Plana nabarmentzen da, tresna estrategikoa arlo horretako politika publikoak planifikatzeko, bultzatzeko eta bideratzeko.

 

Testuinguru horretan, eta entitateen elkartrukerako mekanismoak, koordinazio instituzionala eta baterako ekimenen garapena optimizatzeko asmoz, Nafarroako Boluntariotzaren Sarea ere sustatzen da, administrazio publikoen, boluntariotza-entitateen eta jardun boluntarioaren sustapenean inplikatutako beste eragile batzuen arteko lankidetza-tresna gisa ulertuta.

 

Legeak boluntarioen prestakuntza eta aintzatespena indartzeko neurriak ere aurreikusten ditu, kasu honetan Jardun Boluntarioaren Eskola sortuz. Entitateak eta boluntarioak gaitzera eta ezarritako programen profesionalizazioa eta kalitatea sustatzera bideratutako entitatea da.

 

Aldi berean, Boluntariotza-entitateen Erregistroa arautzeaz arduratzen da araua, bere jarduera Foru Komunitatean garatzen duen elkarte-sarea antolatzera eta ikusaraztera bideratutako inbentario bat, non Nafarroatik kanpoko boluntariotza-programen sustapena ere sartzen baita.

 

Erregistroak hezkuntza-sistemarekiko lankidetza bultzatzera joko duten neurriak sustatzetik ekinen dio bere misioari, eta boluntariotza korporatiboa sustatzen lagundu beharko du, besteak beste, ekimen solidarioen garapenean gizarte-eremu desberdinen inplikazioa sustatuz.

 

Nafarroako Gobernuak urtebete izanen du erregistro hori arautzeko. Ordura arte, indarrean jarraituko du Ekintza Boluntarioko Entitateen Errolda arautzen duen maiatzaren 13ko 306/2014 Foru Aginduak.

 

Arau berriak bidea ematen dio, halaber, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluaren erregulazioari. Kontseilu hori kontsulta- eta partaidetza-organoa da, eta administrazioen eta gizarte-entitateen arteko lankidetza bideratzea du helburu, bai eta borondatezko parte-hartze zibikoaren eremuko politika publikoen definizioan eta jarraipenean aholkuak ematea ere.

 

Kontseilua genero-orekaren printzipioaren arabera osatuko da (60/40), eta atxikita dagoen departamentuko titularra izanen du buru. Lehendakariorde bat izanen du, Kontseiluaren alderdi sozialak aukeratua, eta 22 kontseilukide, gehi Nafarroako ordezkaritza sindikalaren % 10 gainditzen duen sindikatu bakoitzeko ordezkari bana.

 

Kide gehienak boluntariotzako programak sustatzen dituzten departamentuetako ordezkariak izanen dira (7), baita boluntariotzako entitateetakoak (7) eta boluntarioak ere (5). Azken bi horiek ekitate- eta aniztasun-irizpideen arabera hautatuko dira. Gainera, 2 eserleku egonen dira esparru akademikotik, hezkuntzakotik edo profesionaletik datozen adituentzat, eta bat NUKFentzat. Agintaldia lau urtekoa izanen da.

 

Azkenik, testuak zenbait xedapen iragankor eta azken xedapen ditu, entitateak eta administrazio-egiturak arau-esparru berrira egokitzen direla bermatzeko.

 

Zehazki, Nafarroako Gobernuak urtebeteko epea izanen du, foru-lege hau indarrean jartzen denetik, boluntarioen aldeko neurri publikoak aztertzeko, eta boluntarioen jardun solidario, arduratsu eta altruista ezin izanen da ordaindutako lanagatik ordeztu.

 

Boluntariotza-entitateek epe hori bera izanen dute 14. artikuluan jasotako betebeharrak beren gain hartzeko, besteak beste, irisgarritasunerako eskubidea bermatzea, identifikazio-egiaztapena ematea, koordinatzaile bat izendatzea eta alten eta bajen erregistro eguneratua eramatea. Gainera, jardun boluntarioaren plan bat egin beharko dute urtebeteko epean.

 

Osoko Bilkuraren eztabaidan PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen gehitzeko in voce zuzenketa bat onetsi da, “terrorismo-delitu deuseztatu gabeak direla-eta aurrekari penalak” dauzkaten pertsonei boluntariotzan jarduteko ezintasuna mugatzeko.

 

Hemendik aitzina, onetsi den aldaketarekin, “delituaren izaerarekin zuzenean lotutako” boluntariotza-ekintzetatik soilik egonen dira salbuetsita.

 

Inguruabar horiek “erantzukizunpeko adierazpenaren” bidez egiaztatuko dira.

 

UPN, PPN, Talde Mistoa eta atxiki gabeko foru-parlamentaria aurka azaldu dira.

 

Beste in voce zuzenketa bat onetsi da (talde berberek aurkeztua eta babes berberarekin), 18. artikuluaren 2. apartatua kentzeko; halatan, boluntariotza-entitateek ez dute arestiko apartatuan adierazitako delituak direla-eta aurrekari penalik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpenik aurkeztu beharko.

 

Behin irizpena emanda, Boluntariotzari buruzko Foru Legeak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.