1/2026 Foru Lege-dekretua, Ekialde Hurbileko krisiaren ondorio ekonomikoei erantzuteko neurri fiskalei buruzkoa
Osoko bilkurak onetsi du. 2026ko apirilaren 30ean
Gaur, Parlamentuaren Osoko Bilkurak, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin alderdien aldeko botoarekin, atxiki gabeko parlamentariaren abstentzioarekin eta talde mistoaren aurkako botoekin, 1/2026 Foru Lege-dekretua, maiatzaren 7koa, 1/2026 Ekialde Hurbileko krisiaren ondorio ekonomikoei erantzuteko Nafarroako Foru Komunitatearen neurri fiskalak onestekoa, onetsi du.
1/2026 Foru Lege-dekretuaren xedea da krisi energetikoak eta lehengaien merkatuen ezegonkortasunak eragindako ondorioei aurre egitea. Zailtasun horiek Estatu Batuek eta Israelek Irani egindako erasoaren ondorioz sortutako testuinguru geopolitikoari lotuta daude.
Horretarako, zerga-karga murriztera, segurtasun juridikoa indartzera eta energia-trantsizioa bultzatzera bideratutako neurriak hartuko dira, helburu honekin: Nafarroako ekonomiak kanpoko faktoreen eraginarekiko duen esposizioa arintzea.
Sozietateen gaineko zergaren esparruan, aparteko mozkinak berrinbertitzeagatiko salbuespena gauzatzeko marjina urtebetez handitzen da, epe hori 2026an amaitzen den kasuetan.
Era berean, 2027ko abenduaren 31ra arte luzatzen da inbertsioetarako erreserba berezia (IEE) gauzatzeko epea, epe hori 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra bitartean amaitzen den kasuetan. Horrela, zerga-onurak galtzea saihestu nahi da, zergadunei egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik inbertsioak gauzatzean atzerapenak badaude.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) dagokionez, 2026ko ekitaldira zabaltzen da etxebizitzen energia-efizientzia hobetzeko obrengatiko kenkaria, eta luzatu egiten da energia primario berriztaezinaren kontsumoa edo berokuntza eta hozkuntzarako energia-eskaria murrizteko jarduketak egiteko epea.
Bestalde, energia aurrezkiaren ziurtagirien esparruan, kostu bidezko ondare-eskualdaketen (KOE) modalitatean salbuespen bat ezartzen da, ziurtagiria eman aurretik sortutako energia-aurrezkiei lotutako zerga-karga ezabatzeko. Neurri garrantzitsua da «energia-efizientziaren merkatua dinamizatzeko, funtsak energia aurrezteko proiektuetara bideratuta».
1/2026 Foru Lege-dekretua, apirilaren 15ekoa, zeinaren bidez neurri fiskalak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, Ekialde Hurbileko krisiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunean jarri zen indarrean.
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Foru Lege Dekretuaren argitalpena (NPAO, 40. zk., 2026-04-21)