Noiz argitaratua Osteguna, 2026.eko Maiatzak 14

Nafarroako 2024ko Kontu Orokorrei buruzko Foru Legea

Osoko bilkurak onetsi du. 2026ko maiatzaren 14an

Parlamentuko Osoko Bilkurak 2024ko Nafarroako Kontu Orokorrei buruzko Foru Legea onetsi du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin eta UPN eta PPN taldeen, Talde Mistoaren eta atxiki gabekoaren kontrako botoekin. Lege horrek 5.940,38 milioi euroko betebehar onartu garbiak (+% 2,7 2023arekin alderatuta) eta 6.081,24 milioiko (+% 1,9) eskubide onartu garbiak jasotzen ditu.

 

Kontuen Ganberak bere garaian igorritako txostenaren arabera, 2024ko Nafarroako Kontu Orokorrek Foru Administrazioaren egoera ekonomiko-finantzarioari buruzko ikuspegi orokorra ematen dute. Ildo horretan, txostenak Nafarroako Gobernuaren eta haren erakunde autonomoen, Nafarroako Kontseiluaren, sozietate eta fundazio publikoen, Parlamentuaren eta haren mendeko organoen (Kontuen Ganbera eta Arartekoa) kontuak jasotzen ditu.

 

Nafarroako Gobernuaren kontuei dagokienez, 2024an 5.837,39 milioi euro ordaindu ziren (+% 1), eta 6.042,79 milioiko bilketa garbia lortu zen (+% 2,9).

 

Gastuaren kapitulu nagusia transferentzia arruntena da: 2.302,41 milioi (–% 1,4), betebehar onartu guztien % 39. Haren ondotik, pertsonal-gastua dago: 1.849,52 milioi (+% 14,4 ekonomia- eta ondare-kontuan eta +% 4,5 betebehar onartuetan); hau da, gastu osoaren % 31.

 

Ondasun eta zerbitzuetako gastu arruntak 958,68 milioi eurokoak izan ziren (+% 4,1), inbertsio errealak 217,27 milioikoak izan ziren (−% 4,7) eta kapital-transferentziak, 300,02 milioikoak (+ % 15).

 

Sarrerei dagokienez, zuzeneko zergetan 2.970,27 milioi euro lortu ziren (+% 5,5), eta zeharkakoetan, 2.431,25 milioi (+% 2,6). Ekitaldian erregistratutako zorpetzea 49,98 milioi eurokoa izan zen (−% 91,1).

 

Aurrekontuko saldo ez-finantzarioa (diru-sarreren eta gastu ez-finantzarioen arteko aldea) positiboa izan zen —336,62 milioi euro (+% 2)—. Aurrekontuko emaitza doitua 124,08 milioira iritsi zen (+% 28,6), eta gastu orokorretarako diruzaintza-geldikina 412,37 milioikoa izan zen.

 

Urtero bezala, gastu handiena Osasunera bideratutakoa da, eta, haren ondotik, Hezkuntzarena, Hitzarmen Ekonomikoa betez Estatuari eginiko ordainketaren aurretik. Laugarrenik, gizarte-zerbitzuetarako eta gizarte-sustapenerako gastua dago.

 

Gastu osoa % 2,74 handitu da, gastu politika gehienetan islatzen dena. Azaldutako politika ugarietatik, honako hauei dagozkienak murriztu dira: zerbitzu orokorrak; ikerketa, garapen eta berrikuntza; enpleguaren sustapena; izaera ekonomikoko bestelako jarduerak; Estatuarekiko hitzarmen ekonomikoa; garraiorako dirulaguntzak; goi-zuzendaritza, eta azpiegiturak.

 

Eremuaren araberako aldakuntzen banakapenak 11,3 milioiko jaitsiera erakusten du Erroan, eta 1,4 milioiko igoera Hezkuntzan eta 14,9 milioikoa Osasunean. Erroan emandako jaitsiera horren arrazoia hauxe da: 227/2023 Foru Dekretua aplikatuta, Foruzaingoaren ordainsariak erregularizatu ziren 2019tik. Osasunaren igoera aldi baterako langile sanitarioentzako lanbide karreraren aitorpenak azaltzen du, 2023ko aurrekontuetan onetsi zena lau urteko atzeraeraginarekin. Hori bai, ez zen 2024ra arte ordaintzen hasi.

 

Bestalde, 2023arekin alderatuta adierazle ekonomiko-finantzario nagusiek izan duten bilakaera positiboa nabarmendu du Kontuen Ganberak. Horrela, aurrezki gordina 728,82 milioi eurokoa izan zen (+% 6) eta aurrezki garbia, 450,13 milioikoa (+% 7). Era berean, finantza-zorra 2.505,86 milioi eurora jaitsi zen (−% 7).

 

Sarrera arruntei dagokienez, zorra % 43 da, 2023an baino bost puntu gutxiago. Hala ere, organo fiskalizatzaileak ohartarazi du zerga arauak berraktibatu ondotik gastu publikoaren hazkundeari eutsi beharraz.

 

Ildo horretan, txostenak dio exekutatutako gastua 2015ean 3.914 milioi izatetik 2024an 5.940 milioi izatera igaro dela; alegia, % 52ko igoera nominala eta % 22ko igoera erreala izan da, aldiko inflazio metatua kendu ondotik.

 

Kontuen Ganberak, orobat, 2024an gastu arauaren ez betetzean jarri du arreta. Kontu Orokorren memorian jasotako behin-behineko datuen arabera, gastu konputagarria % 9,3 handitu zen aurreko ekitaldiarekin alderatuta, ezarritako gehieneko muga baino 268 milioi handiagoa izanik.

 

Igoera horren zati handi bat (109 milioi euro) 2020-2024 ekitaldietako PFEZaren aitorpenei dagozkien mutualistei egindako itzulketa fiskalekin lotuta dago.

 

Txostenak kontabilitateko eta legezkotasuneko salbuespenez ere ohartarazten du. Besteak beste, adierazi du ez direla guztiz aplikatzen Kontabilitate Publikoko Plan Orokorraren irizpideak, ez dagoela kontabilitate- eta zerga-sistema jakin batzuen arteko integrazio egokirik, eta balantzeak ez dituela jasotzen funtzionarioen montepiotik eratorritako betebehar aktuarialak (2025-2087 aldirako kalkulatutako kostua 1.395,56 milioi eurokoa da).

 

Era berean, kontratu-euskarri egokirik gabe egindako gastua dagoela ohartarazi du. Txostenaren arabera, mugaeguneratutako kontratu edo itunen bidez edo kontratu estaldura nahikorik gabe ordaindutako prestazioei dagozkie, batetik, ondasun eta zerbitzuen kapituluari dagokion gastu arruntaren % 22 (214,26 milioi euro), eta bestetik, inbertsioen 18,32 milioi.

 

Kontratazio publikoari dagokionez, Kontuen Ganberak nabarmendu du Kontratazio Plana argitaratzeak gardentasun handiagoa egoten laguntzen duela eta administrazio- eta enpresa-plangintza hobetzen duela. Nolanahi ere, plangintzak 2024an azkenean egindako lizitazioen % 26 baino ez duela barne hartzen adierazi du.

 

Bestalde, txostenak atal espezifiko bat eskaintzen die Belateko tunela bikoizteko obrei. 2024an zortzi obra ziurtagiri ordaindu ziren (5,52 milioi euro); hau da, adjudikazioaren zenbatekoaren % 7. Gainera, kontratua aldatzeko proposamenez eta obra-unitate berrien ondoriozko kostuak handitzeaz ohartarazten du.

 

Europako Next Generation funtsei dagokienez, 2024ko itxierara arte 326,95 milioi euroko gastuak (+% 49,6, 2023ko metatuarekin alderatuta) eta 613,36 milioiko sarrerak (+% 14,1) aitortu zirela erakusten du txostenak.

 

Aurreko ekitaldietan egindako gomendioei dagokienez, organo fiskalizatzaileak balorazio ona egiten du bi alderdi hauetan izandako aurrerapenen gainean: foru-komunitateko ondasun eta eskubideen inbentario baloratua egitea eta ibilgetua kontabilizatzeko irizpideak hobetzea. Alabaina, gomendio nabariak egin ditu oraindik; lotuta, hain zuzen ere, Kontabilitate Publikoko Plan Orokorra erabat aplikatzearekin, zerga-informazioko sistemak hobetzearekin eta aurrekontu-programen eta dirulaguntzen ebaluazioarekin.

 

Azken batean, Kontuen Ganberak ondorioztatu du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egoera ekonomiko-finantzarioak 2024an bilakaera positiboa izan duela, eta funtsezko zenbait adierazlek hobera egin dutela (kasurako, aurrezkia eta zorraren murrizketa), baina ohartarazi du beharrezkoa dela gastuaren kontrola indartzea, aurrekontu- eta kontratu-plangintza hobetzea eta kontabilitate sistemak sektore publikoaren eskakizunetara erabat egokitzen jarraitzea.