Artxiboei, Dokumentu-kudeaketari eta Dokumentu-ondareari buruzko Foru Legea
Osoko bilkurak onetsi du. 2026ko maiatzaren 14an
Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi du, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta Talde Mistoaren eta atxiki gabearen aurkako botoekin, Artxiboei, Dokumentu-kudeaketari eta dokumentu-ondareari buruzko Foru Legea, zeinak ordezten baitu Artxibo eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legea.
Gobernuak bultzatutako Foru Legearen xedea da Nafarroako erregulazioa egokitzea digitalizazio administratiboaren, informazioa publikoa eskuratzearen eta dokumentu-ondarea babestearen ondoriozko erronka berrietara.
Ildo horretan, arau berriak indartu egiten du Nafarroako Dokumentu Ondarearen kontserbazioa, babesa, hedapena eta balioan jartzea, eta dokumentu-kudeaketa integrala bermatzen du, bai euskarri elektronikoan bai ez-elektronikoan, haren aplikazio-esparruan sartzen diren administrazio publiko eta entitate guztietan.
Horretarako, Nafarroako Dokumentu Ondarearen irismena mugatzen da, Nafarroako Sistema Artxibistikoaren egitura eta funtzionamendua arautzen dira, informazio-aktiboen gobernantza-neurriak ezartzen dira eta dokumentu-ondarea osatzen duen dokumentazio publikoa eta pribatua eskuratzeko eta hedapena egiteko arauak ezartzen dira.
Lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak arautuko du titulartasun pribatuko dokumentuak Nafarroako dokumentu-ondare deklaratzeko eta Nafarroako dokumentu-ondaretik kanpo uzteko prozedura.
Berritasun nagusien artean, Nafarroako Sistema Artxibistikoaren definizioa dago: organo, artxibo-zentro, zerbitzu eta beste baliabide artxibistiko batzuen multzo koordinatua, arau eta prozesu komunen mende, Nafarroako Dokumentu Ondarea osatzen duten dokumentuen autentikotasuna, eskuragarritasuna, irisgarritasuna eta kontserbazioa bermatzeko.
Sistemaren zaintzapeko dokumentuak aurkitu eta identifikatzeari dagokionez, horien erakunde titularrek bost urteko epea izanen dute erabiltzaileen kontsultak erraztuko dituzten deskribapen-tresnak bultzatzeko.
Nafarroako Sistema Artxibistikoa osatuko dute, besteak beste, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak, Dokumentu Ebaluaziorako Batzordeak, Nafarroako administrazio publikoetako artxibo-sistemek, toki-entitateek eta hitzarmen bidez sartzen diren artxibo pribatuek.
Testuinguru horretan, artxiboen arloan gaitutako departamentuak bere gain hartuko du sistemaren zuzendaritza, eta artxibo-politika eta -arau teknikoak koordinatu eta onartzeko eginkizunak betetzeaz gain, digitalizazioa, artxibo digital seguruko plataformen ikuskapena, kalitate-adierazleen homologazioa eta Nafarroako Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Errolda egitea bultzatuko du.
Era berean, artxiboetako langileentzako erreferentziazko lanbide-katalogo bat onartzea proiektatzen da, bai eta prestakuntza espezializatua bultzatzea eta Nafarroako administrazio publikoetan artxibo elektroniko bakarra ezartzeko betekizun teknologiko eta funtzionalak definitzea ere.
Dokumentu Ebaluaziorako Batzordeak indartu egiten du Nafarroako administrazio publikoek sortutako dokumentuen balorazio-, kontserbazio-, deuseztatze- eta eskurapen-irizpideak zehazteaz arduratzen den organo tekniko gisa duen eginkizuna. Hala ere, indarrean dagoen osaera, antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduak indarrean jarraituko du, harik eta, urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak foru-dekretu bidez erregelamendu berri bat onesten duen arte.
Organo horrek, besteak beste, funtzio hauek izanen ditu: dokumentuak kontserbatzeari eta ezabatzeari buruzko akordio lotesleak ematea, balorazio- eta sarbide-taulak egitea, artxibo publikoetan gordailututako titulartasun pribatuko dokumentaziorako sarbideari buruzko erreklamazioak ebaztea eta dokumentu eta espediente elektronikoetarako kontserbazio-irizpide espezifikoak ezartzea.
Arauak beste erakunde publiko batzuetara zabaltzen du eredua (Nafarroako Parlamentua, Kontuen Ganbera, Arartekoa, Nafarroako Kontseilua, NUP eta Justizia Administrazioa), eta erakunde horiek beren artxibo-sistemei eutsiko diete, koordinazio teknikoko irizpide komunen arabera. Nolanahi ere, beren araudi espezifikoaren arabera arautuko dira, eta, halakorik ezean, foru-lege honetan xedatutakoaren arabera, antolaketaren eta prozeduraren berezitasunetara behar diren egokitzapenak eginda.
Gainera, araudi berriak dokumentu-funtsen digitalizazio progresiboa bultzatzen du, eta Nafarroako Artxiboen Atariari esleitzen dio Nafarroako Sistema Artxibistikoa osatzen duten artxiboetan gordetako dokumentazioa Internet bidez zabaltzeko oinarrizko tresnaren izaera.
Dokumentu-kudeaketa elektronikoaren eremuan, legeak artxibo digital seguruaren figura txertatzen du amaitutako espediente elektronikoak zaintzeko eta gordetzeko plataforma gisa, Estatuko legeriatik eratorritako administrazio elektronikoaren ezarpen orokorrarekin bat etorriz.
Arau berriak informazio-aktiboen kudeaketan adimen artifiziala erabiltzeari buruzko aurreikuspen espezifikoak jasotzen ditu, eta oinarrizko eskubideen babesa eta erakunde publikoen betebeharrak betetzea bermatzeko mugak eta prozedurak ezartzen ditu.
Era berean, indartu egiten dira dokumentazio publikoaren titular diren administrazioen eta erakundeen betebeharrak: artxibo-sistema propioa izan beharko dute, dokumentu-kudeaketako politikak definitu beharko dituzte eta arriskuak eta kontingentziak kudeatzeko planak ezarri beharko dituzte, bost urteko epean ezari-ezarian ezartzeko.
Toki-entitateei dagokienez, guztiek izan beharko dute foru-ereduan integratutako artxibo-sistema propioa, eta bereziki indartu beharko dira 15.000 biztanletik gorako udalerriak, artxibo-zerbitzu osoak, langile tekniko kualifikatuak eta dokumentuak kudeatzeko, kontserbatzeko eta hedatzeko funtzio aurreratuak izan beharko baitituzte.
Gainerako toki-entitateetarako, sistema egokituak eta laguntza-programak daude, bai eta despopulazio-arriskuan dauden udalerrietarako neurri espezifikoak ere, arreta berezia jarrita dokumentu-ondarearen digitalizazioan eta prebentziozko kontserbazioan.
Nafarroako toki-entitateek, eta bereziki 15.000 biztanle edo gutxiago dituzten udalerriek eta kontzejuek, foru-lege honetan jasotako betebeharrak behar bezala bete ahal izan ditzaten, Nafarroako Aurrekontu Orokorren barruko finantzaketa ziurtatuko duen laguntza-partida bat esleituko du urtero artxiboen, dokumentu-kudeaketaren eta dokumentu-ondarearen arloko eskumena duen departamentuak.
Orobat, Nafarroako Dokumentu Ondarea osatzen duen dokumentaziorako sarbidea arautzen da, publikoa zein pribatua, haren edukia harmonizatuz gardentasunaren, informazio publikorako sarbidearen eta datuen babesaren arloko estatu- eta foru-legeriarekin.
Testuak, lehen aldiz, ikuskapenari eta zehapen-araubideari buruzko titulu espezifiko bat jasotzen du, artxiboak ikuskatzeko zerbitzu bat sortzea aurreikusten duena eta artxiboen arloko arau-hausteak (arinak, astunak eta oso astunak) tipifikatzen dituena.
Zehapenak ezartzeagatik bildutako zenbatekoa Nafarroako Dokumentu Ondarea kontserbatu, babestu, sustatu eta zabaltzeko erabiliko da. Gainera, hertsapen-isunak jartzea erabaki ahal izanen da ezarritako betebeharrak betetzeko, Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean aurreikusitako moduan eta zenbatekoetan.
Bi urteko epean, eta aurrekontu-baliabideek ahalbidetzen badute, departamentu eskudunak egitura organikoari buruzko dagokion foru-dekretua aldatzeko beharrezkoak diren administrazio-prozedurak hasiko ditu, artxiboak ikuskatzeaz arduratuko den administrazio-unitatea sortzeko.
Behin irizpena emanda (19 zuzenketa eztabaidatu ziren eta 14 gehitu zitzaizkion irizpenari), Artxiboei, Dokumentu-kudeaketari eta Dokumentu-ondareari buruzko Foru Legea NAOn argitaratu eta bi hilabetera sartuko da indarrean.
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Foru lege proiektua (25. NPAO, 2026-03-13koa)
- Zuzenketak (47. NPAO, 2026-05-07koa)
- Irizpena (52. NPAO, -2026-05-14koa)