Nafarroako Parlamentuak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua premiatzen du 2027an matchfunding-deialdi pilotu bat sor dezan
Ganberak egungo mezenasgo-sistema eguneratu nahi du, herritarren finantzaketa eta finantzaketa publikoa uztartzen dituen modalitate honen bidez
Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak aho batez onartu du gaur erabaki bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita "2027an matchfunding-eko deialdi pilotu bat sor dezan”.
Zioen azalpenean, Contigo-Zurekin talde parlamentarioak bultzatutako ebazpenak proposatzen du Foru Komunitateko egungo mezenasgo-sistema "birbideratzea edo eguneratzea” eta herritarren laguntza eta laguntza publikoa konbinatzen dituen finantzaketa kolektiboko modalitate hori ezartzea, eta Kultura Departamentua behartzen du lehenbizi plataforma digital baten bidez mikrodohaintza pribatuen gutxieneko ehuneko bat lortzen duten proiektu artistikoak kofinantzatzera.
Proposatzailearen esanetan, "Nafarroako kultura-sektore gero eta dinamikoago baten eskaera gero eta handiagoari erantzuteko sortu da proposamena, sektore horren proiektuek eta premiek sistematikoki gainditzen baitituzte Gobernuaren aurrekontu-partidak eta ohiko norgehiagoka-araubideko deialdiak". Egungo MECNA zigiluak azken urteotan arrakastaz funtzionatu badu ere, ekimenak tresna instituzionalak eguneratzeko beharra defendatzen du, mikromezenasgo digitaleko eredu berrietan oinarrituta.
Katalunia, Gipuzkoa, Madril edo Donostia bezalako lekuetan udal- eta erkidego-mailan izandako "aurrekari arrakastatsuak" balioan jarri ondoren, non ekintzailetzatik jaialdietarainoko alorretan erabilgarriak direla erakutsi baita, proposatzaileak adierazi du proposamenak herritarren ekarpen txikien eragin biderkatzailea nabarmentzen duela, eta, gainera, egungo Mezenasgo Legean aurreikusitako zerga-onura guztiei eutsi ahalko zaiela. Era berean, azpimarratzen da “sektoreak publizitate-erakusleiho instituzional handiagoa izango lukeela, eta Foru Gobernuak tokiko sortzaile askoz gehiago babesteko modua izanen lukeela aurrekontu berarekin”.
Raquel Garbayo (UPN TP) izan da batzordeburu, eta bileran izan dira, orobat, honako hauek: Javier Trigo, Ana Elizalde, Ángel Ansa (PSN TP), Ibai Crespo, Úrsula Pardo, Olga Chueca (PSN TP), Oihan Mendo, Mikel Zabaleta (EH Bildu TP), Itxaso Soto, Isabel Aranburu (Geroa Bai TP), Maribel García Malo (PPN TP) eta Daniel López (Contigo-Zurekin TP).
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioa (35. NPAO, 2026-04-09koa)