Nafarroako Parlamentuak badu fiskalizaziorako organo tekniko bat: Nafarroako Comptos Ganbera, abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legeaz arautua.
Comptos Ganberaren eginkizuna da Foru Komunitateko sektore publikoaren eta publikotzat jotzen diren funtsen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa fiskalizatzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuak ekitaldi ekonomiko bakoitzaren ondoren aurkezten dituen Nafarroako Kontu Orokorrei buruzko txostena egiten du, lehenengo eta behin.
Era berean, Nafarroako udal eta kontzejuen -eta haien menpeko erakunde edo entitateen- kontuei eta kudeaketa ekonomikoari buruzko txostenak egiten ditu.
Kontu Epaitegiari ere bidaltzen dizkio bere txostenak; izan ere, azken epaitegi horri dagokio funts publikoak erabiltzen dituztenek izan dezaketen kontabilitate-erantzukizuna galdatzea. Aholkuak ere ematen dizkio Parlamentuari, gai ekonomiko eta finantzarioetan.
Toki administrazioari buruzko Foru Legeak, bere aldetik, hauxe erabaki du: Comptos Ganberari dagokiola Nafarroako toki entitateen -eta haien menpeko erakunde edo entitateen- kontuak eta kudeaketa ekonomikoa kontrolatzea.
Ganberaren organo dira lehendakaria, auditoreak eta idazkari nagusia.
Nafarroako Parlamentuak aukeratzen du Comptos Ganberako lehendakaria, sei urteko agintaldirako. 2022ko apirilaren 8an egindako bilkuran, José Ignacio Cabezas del Salvador jauna aukeratu zuen Comptos Ganberako lehendakari.
Ganberak hiru auditore ditu. Oposizio-lehiaketaz hautatutako funtzionarioak dira, eta txostenak egin eta lehendakariari bidaltzeko ardura dute, hark erabakia har dezan.
Ganberako legelarien artean aukeratzen du lehendakariak Comptos Ganberako idazkari nagusia.