‘Exigimos la Igualdad Trans’ kanpainarekin bat egin du Nafarroako Parlamentuak
Unai Hualdek, oraindik ere diskriminazio egoerak eta errealitateak daudela jakitun, azpimarratu du Ganberak konpromisoa duela pertsona guztientzako eskubide-berdintasunarekin
Nafarroako Parlamentuak Exigimos la Igualdad Trans kanpainari atxikitzeko ekitaldia egin du gaur eguerdian, 8/2017 Foru Legeak, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoak xedatutakoari jarraiki, erakunde ordezkari gisa pertsona guztien eskubide guztiak legez aitortzeko duen konpromisoa azpimarratzeko, kasu honetan, bitarrak ez diren pertsonen kolektiboarena.
Hala adierazi du Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak, eta aitortu du "azken urteetan aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ere diskriminazio egoerak eta errealitateak" daudela. “Argi geratzen da ganbera honek pertsona guztien eskubide-berdintasuna aitortzeko duen konpromisoa, zehazki trans pertsonena, LGTBI+ Foru Legean egiaztatzen den bezala”.
Hala, Espainiar Estatuko Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Federazioaren ekimena eta Nafarroan LGTBI+ kolektiboak biltzen dituen "erreferentziazko erakunde" gisa Kattalingorrik egiten duen lana eskertu ondoren, Unai Hualdek Eledunen Batzarrak hilaren 9an onartutako adierazpen instituzionala aipatu du, bertan “Trans pertsonen eskubideak babestuko dituen Estatuko lege bat onartzea" eskatzen baita.
Ondoren, Nafarroako LGTBI+ kolektiboek manifestu bat irakurri dute, transgeneroek jasaten duten "diskriminazio legal eta sozialari” amaiera emateko eskatuz. Horretarako, "identitatearen autodeterminazioa aitortuko duen lege bat eskatzen da, oso intimoa eta pertsonala den zerbait baita, hirugarrenen iritziaren edo erabakiaren menpe egon behar ez dena".
Ainhara Onrubia (Transkolore), Lara Guerrero (Naizen), Edurne Koch (Naizen) eta Alizia Izal (Ilotoledo) ordezkarien esanetan, 8/2017 Foru Legearen onarpenak eta Transbideren sorrerak (teorian tansexualitatea despatologizatzen duen zerbitzua) ekarritako "aurrerapenak" mugatuta geratzen dira, legea erabat garatu ez delako. "Foru legeak sexu eta/edo genero identitatea autopertzepzioarekin lotzen du, txostenik eta frogarik gabe, aurreiritzitik eta ezjakintasunetik abiatu gabe, eta hori funtsezkoa da. Baina Legea bere osotasunean garatzea geratzen da, aldarrikatzen dituen eskubide guztiak errealitate bihur daitezen".
Estatu mailan, LGTBI+ kolektiboek Madrilen ordezkaritza duten taldeei exijitu diete "Kongresuan eta Senatuan Nafarroan defendatu zutena defendatzeko, identitatearen autodeterminazioa aitortuko duen legea. Koherentzia eskatzen dizuegu, irmoki joka dezazuen, atzerapauso orok erakundeen transfobiaren konplize egiten zaituztelako", eredu garbia dira “matxismoan eta ezjakintasunean oinarritutako gorrotozko diskurtsoak”.
Exigimos la Igualdad Trans kanpainari babesa emateko ekitaldia Unai Hualde lehendakariaren eta eledunen sinadurarekin hasi da, transexualen bandera handi batean sinatu baitute; izan ere, ekimen hori Estatuko erakundeetan zehar zabaltzen ari da. Gainera, Nafarroako Parlamentuak trans bandera ikusgai izanen du egun osoan.