Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Martxoak 11

‘Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna’ dela eta ekitaldi instituzionala egin du Parlamentuak

Ainhoa Aznarezek “memoria kritiko eta inklusiboa eraikitzeko” deia egin du, “biktima bakoitzaren berariazkotasuna aitortuz”

2004 urtean Europar Parlamentuak ezarritako Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta, Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur, ekintza terroristen biktima izan direnak oroitu eta aitortzeko. Legebiltzarreko Lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak adierazi du omenaldi honek “indarkeria mota guztien gaitzespena egitea duela helburu, bereziki ETAren indarkeria, lurralde honetan gehien sufritu duguna izan baita”.

 

Ekitaldia atalondoaren goikaldean izan da, Javier Muroren Hirugarren Atea eskulturaren ondoan, izan ere 2014ko azaroaren 27tik Parlamentuan dagoen eskultura honek Foru Komunitatean terrorismoaren biktima izan direnei omenaldia egin nahi die. Ekitaldian parte hartu dute talde parlamentari eta parlamentarien elkarte guztietako ordezkariek.

 

Legebiltzarreko Lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, “memoria kritiko eta inklusibo bat eraikitzearen aldeko” deia luzatu du, “biktima bakoitzaren berariazkotasuna aitortuz, justiziaren eta erreparazioaren bidetik aurrera jarraitzen lagunduko diguna, ahal den heinean gorrotorik gabe, zintzotasunetik. Eskubideen eta minaren ikuspegitik, biktima guztiak berdinak dira, nahiz eta sortu dituzten indarkeriak berdinak ez izan, ezta hauen esanahia eta lortu duten erantzun soziala ere”.

 

Esparru horretan, Lehendakariak “elkarri begiratuko dion gizarte bat eraikitzearen aldeko” apustua egin du, “egiaren, justiziaren eta erreparazioaren defentsatik, topaleku izango diren espazio elkarbanatuak sortzeko. Nafarroan adibidetzat ditugu aniztasunean oinarritzen diren eta ildo horretan lan egiten duten elkarteak, hemendik gure aitortza adierazi nahi diegu”.

 

“Herrialde honek pairatu duen atentatu ankerrenean” (2004, M-11) zendutako 193 pertsona eta zaurituak izan ziren 2.000 pertsona  gogora ekarri ditu Aznarezek, ohartaraziz terrorismo yihadistak bizirik dirauela, eta “egoera honek nazioarteko elkarlana eskatzen duela, elkartasun eta elkarbizitzan oinarrituta, gure bizitza beldurrez bete nahi duten haien erradikalizazioa ekiditeko”.

 

Ildo horretan, gobernu batzuek adierazten dutenaren eta benetan burutzen dituzten ekintzen arteko distantzia kritikatu ostean, Lehendakariak “talde terroristen hornidura logistikoa eta ekonomikoa moztuko duten politikak” eskatu ditu, baita “bortizkeri hauen ondorioak pairatzen dituztenentzako babes politikak ere, errefuxiatuentzat, esaterako”.

 

Amaitzeko, Europa premiatu du “Europar Batasunak bere erantzukizunarekin lagundutako gerra bortitzek eragin dituzten erbesteratuei bakea, itzulera eta justizia barma diezaien”, eta Parlamentuaren konpromisoa berretsi die biktimen familiei, "hamarnaka adierazpenetan argi utzi izan dugun bezala”.

 

Nafarroako Lehendakariaren hitzen ostean, minutu bateko isilunea burutu dute eta ondoren lore eskaintza bat egin dute Ainhoa Aznárez Igarzak eta Unai Hualdek, Parlamentuko Lehendakariordeak. Ignacio garcía Núñez musikariak txeloarekin Txorien kantua (Kataluniako abesti herrikoia) eta Alemanda (Bach) jo ditu.

 

Ekitaldian egon dira Mahaiko kide diren Unai Hualde, Alberto Catalán, Maiorga Ramírez eta Maribel García Malo, baita hurrengo eledunak ere: Carlos García Adanero (UPN), Koldo Martínez (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai), María Chivite (PSN), Ana Beltrán (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).