2018ko urriaren 29ko bilkura
NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, URRIAK 29, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, urriak 29–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:
Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:
FORU LEGE PROIEKTUAK:
- Eledunen Batzarrak erabaki du Nafarroako Kontseiluari eskatzea irizpena eman dezan, jakiteko ea Memoria Historikoaren Tokiei buruzko Foru Lege proiektua Estatuko ordenamendu juridikoaren eta oinarrizko araudiaren araberakoa den. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
FORU LEGE PROPOSAMENAK:
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren iritzia, zeinaren bidez adierazi baitu ez dagoela ados Ikasleak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan nahiz itunduetan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasketetan eskolatzea arautzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzearekin.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren iritzia, zeinaren bidez adierazi baitu ados dagoela Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1992 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzearekin.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, zeinaren bidez adierazi baitu ez dagoela ados Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzearekin.
- Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina hein batean aldatzen duena. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa izateari buruzkoa. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
MOZIOAK:
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Gobernuaren autokontsumo eta biltegiratze elektrikoari buruzko plan bat taxutu dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da harrera espezializtuaren modalitate gisa har dezan urgentziazko harrera. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Domenech Linde andreak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du hezkidetza hezkuntzaren zutabeetako bat izatea, eta heziketa afektibo-sexuala Nafarroako ikastetxe guztietan errealitate bat izatearen aldeko apustu egiten du. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.
AGERRALDIAK:
- Erretiratu egin da Nafarroako Auzitegi Nagusiko lehendakariak egin beharreko agerraldia, xede zuena auztegiaren 2017ko jarduerari eta funtzionamenduari buruzko oroitidazkia azaltzea, kasua bada, azken ebazpen judizialek eragin bide duten herritar-atxikimendu eza baloratzea. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.
- Osasuneko kontseilariarena eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren zuzendari-kudeatzailearena, Drogei eta Adikzioei Aurrea Hartzeko Plana aurkez dezaten. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
- Nafarroako Gobernuko lehendakariarena, nafar amentzako amatasun-prestazioen PFEZeko atxikipenei buruz informa dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.
- Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariarena, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko Foru Lege proiektua azal dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Inmaculada Jurío Macaya andreak aurkeztu du.
- Nafarroako Gobernuaren erabakia, 2018ko urriaren 24koa, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita SUNO Energía 4 SLk eta SUNO Energía 5 SLk sustatutako enpresa-inbertsioaren proiektua.
- Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariarena, Skolae programari buruzko balorazioa egin dezan, berdintasunean oinarritutako harremanetan aurrerabidea egitearen ikuspuntutik. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.
LAN-BILKURAK ETA BISITAK:
- LAB, ELA eta STEILAS sindikatuen ordezkariekin, Skolae Berdin Bidean programari buruzko balorazioa egin dezaten. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.
- Ekuadorko Biltzar Nazionaleko elkartearen ordezkariekin, herrialde horretako azken gertakari sozial, politiko eta judizialak azal ditzaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
- Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiaren komunikazioa, Iruñeko espetxera bisitan joateari buruzkoa.
BATZORDE BEREZIAK ETA PONENTZIAK:
- Mahaiak jasotzat eman du talde parlamentarioek eta foru parlamentarien elkarteek nor izendatu duten Sodena enpresa publikoaren jarduketei buruzko ikerketa batzorderako: UPNk, Sánchez de Muniáin eta Mariano Herreo (ordezkoa); Geroa Baik, Rafa Eraso eta Jokin Castiella, eta Virginia Alemán (ordezkoa); EH Bildu Nafarroak, Maiorga Ramírez eta Arantza Izurdiaga, eta Adolfo Araiz (ordezkoa); Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, Carlos Couso, eta Laura Pérez (ordezkoa); PSNk, Guzman Garmendia, eta Ainhoa Unzu (ordezkoa); PPNk, Ana Beltrán, eta Javier García (ordezkoa); eta I-Ek, José Miguel Nuin, eta Marisa de Simón (ordezkoa).
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute erretiratu egin dela Corinaren grabazioei eta Juan Carlos I.a errege emerituak eginiko balizko irregulartasunei buruzko ikerketa batzorde bat eratzeko eskaria. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztu du.
AHOZKO GALDERAK:
- Nafarroan ABLE-en bidezko kontratazio gehiegi egiten dela-eta CCOOk egindako salaketari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.
- Jakiteko ea zertan den honako erabaki hau: Nafarroako Gobernua premiatzen da azterlan bat egin dezan, jakiteko zertan diren hertsadura-teknikak Nafarroako Foru Komunitatean halakoak erabiltzen dituzten zentroetan. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.
- 2018ko urriaren 21ean sei startupsek Merkataritza Ganberarekin eta CEINekin New Yorkera egindako bidaiari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.
- Skolae Programak gizonen eta emakumeen berdintasunean daukan eraginari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Koldo Martínez Urionabarrenetxea jaunak aurkeztu du.
- Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Legeak biktima guztiei eta beren seme-alabei aitortzen dien arreta integralerako eskubideari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Nuria Medina Santos andreak aurkeztu du.
- Jakiteko ea zertan den indarkeria matxistaren biktimei laguntza psikologikoa emateko partida eta zeintzuk diren kontratuaren baldintzak. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.
- Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaingo Garraioaren Hirian hondakinak tratatzeko planta bat ezartzeko erabakiari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak aurkeztu du.
- Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntza integrala emate aldera Nafarroako Gobernuak hartuko dituen neurriei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Ana San Martín Aniz andreak aurkeztu du.
GALDERA IDATZIAK:
- Hezkuntza Departamentuko Langileen Kontratuen Atalburutzari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
- Hezkuntza Departamentuko Deialdien Atalburutzari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
- Jakiteko ea zer jarduketa aurreikusi diren honako erabaki hau betetzeko: Nafarroako Gobernua premiatzen da egiazko negoziazio-prozesu bat bultza dezan, gardena eta fede onean oinarritua, Tracasa eta Tracasa Instrumental enpresen zuzendaritzaren eta bi enpresa horietako langile-batzordeen artean. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Aranzazu Izurdiaga Osinaga andreak aurkeztu du.
- Egoitza geriatrikoen itun-eredua aldatu izanaren ondorioei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.
- Egoitza geriatrikoen itun-eredu berrian tarifak aldatu izanaren ondorioei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.
- Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Agentziako zuzendariak 2017aren hasierarako iragarri zuen tarifa-sistema berria ezartzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.
GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):
- Urriaren 24ko 1/2018 Foru Lege-dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen arloko neurriak onesten dituena.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroan Produkzio Ekologikoa Sustatzeko Plana (2018-2020).
KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak 2018ko irailean egindako aurrekontu-aldaketak.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALETARAKO PROPOSAMENAK:
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko bere konpromisoa adierazten baitu. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Izquierda-Ezquerrak adierazpenaren alde bozkatu dute; Unión del Pueblo Navarrok eta Nafarroako Alderdi Popularrak lehenengo eta bigarren puntuaren alde eta hirugarrenaren eta laugarrenaren aurka bozkatu dute.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“1.- Nafarroako Parlamentuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko bere konpromisoa adierazten du.
2.- Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du politika publikoek –bereziki, hezkuntza-politikek– berebiziko garrantzia daukatela genero-berdintasun horretara hurbil gaitezen.
3.- Nafarroako Parlamentuak bere babesa ematen nahi dio Hezkuntza Departamentuak Osasun Departamentuaren eta Nafarroako Gobernuko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzarekin taxutu eta bultzatutako SKOLAE programari, bai eta programa Nafarroako hezkuntza-sistema osoan ezartzen eta hedatzen lan egiten ari diren profesionalei ere.
4.- Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten ditu SKOLA programak eta bere arduradunek azken egunotan jaso dituzten erasoak, bai eta haren helburu, eduki eta prozedura errealak direla-eta zenbait sektore politiko eta mediatiko egiten ari diren manipulazioa ere
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak aitortzen baitu familiek eskubidea dutela beren seme-alabek beren sinesmenen araberako prestakuntza erlijiosoa eta morala jaso dezaten. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioak aurkeztu du.
UPNk, Geroa Baik eta PPNk lehenengo puntuaren alde bozkatu dute, eta EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta I-Ek, berriz, aurka. Bigarren puntua aho batez onetsi da.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“1.- Nafarroako Parlamentuak aitortzen du familiek eskubidea dutela beren seme-alabek beren sinesmenen araberako prestakuntza erlijiosoa eta morala jaso dezaten.
2.- Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du horrek hezkuntzan duen garrantzia”.
UPNk aurkeztutako adierazpen-proposamenak beste bi puntu zeuzkan, baina ez dira onetsi. Hona bi puntu horiek:
“3.- Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen du Nafarroako ikastetxeek familiekin eta ikastetxeetako irakasleekin lankidetzan berdintasunaren arloan eta programa afektibo-sexualetan egiten duten lana.
4.- Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du Skolae programa, uste baitu familien askatasunaren aurka doala eta ikasgeletan pentsamendu bakarra eta doktrinatzea ezartzeko saiakera bat dela, halako moduan non familiak eta irakasleak gutxiesten baititu”.
UPNk eta PPNk aldeko botoa eman dute, eta Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek, berriz, aurkakoa; horrenbestez, baztertu egin dira.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak lehentasun gisa dakusa Nafarroan taxi-sektorea defendatzea. Adierazpena UPN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Lehena.- Nafarroako Parlamentuak uste du lehentasuna dela Nafarroan taxiaren sektorea defendatzea, arlo horretako ezein eskumen berri garatzerakoan; izan ere, garraio publikoko zerbitzu bat da, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean ezartzen denez gero.
Bigarrena.- Nafarroako Parlamentuaren ustez, Nafarroako lurraldean errespetatu egin beharko litzateke, baldin eta baimen horiek emateko eskumena baliatzen bada eta baimenak ematen diren unetik aitzina, Lurreko Garraioak Antolatzeari buruzko uztailaren 30eko 16/1997 Legearen 48.3 artikuluan –apirilaren 20ko 3/2018 Errege Lege-dekretuak emandako idazketaren arabera– ezarritako proportzioa; horren arabera, “ez da baimen berririk emanen ibilgailu gidaridunen errentamendurako baldin eta helbideratu nahi duten autonomia erkidegoko lurraldean daudenen eta lurralde horretan berean helbideratutako turismo-ibilgailuetako bidaiarien garraiokoen arteko proportzioa haietako bat eta hauetako hogeita hamarrekoa baino handiagoa bada”.
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi PPNk aurkeztutako adierazpen instituzionaleko proposamen bat. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Foruaren Hobekuntzarekiko bere konpromisoa adieraziko luke, gaztelania Nafarroa osoko hizkuntza ofizial bakarra izanen dela ezartzen baitu, eta euskara, berriz, eremu euskalduneko hizkuntza ofiziala.
UPNk, PSNk eta PPNk proposamenaren alde bozkatu dute; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek, berriz, aurka.
Baztertutako proposamenak honako hau zioen:
“1. Nafarroako Parlamentuak Foruaren Hobekuntzarekiko bere konpromisoa adierazten du, gaztelania Nafarroa osoko hizkuntza ofizial bakarra izanen dela ezartzen baitu, eta euskara, berriz, eremu euskalduneko hizkuntza ofiziala.
2. Nafarroako Parlamentuak errespetua adierazi nahi die euskara ez ikasteko hautua askatasunez egiten duten nafar erdaldunei.
3. Nafarroako Parlamentuak errespetua adierazi nahi dio euskarari, Nafarroako hizkuntza berekia den aldetik, eta errefusatu egiten du euskara ikasteko inposizio oro”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten baitu ikasgeletan doktrinatzeko saiakera oro. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du ikasgeletan doktrinatzeko eta pentsamendu bakarra inposatzeko saiakera oro”.
UPNk, PSNk, PPNk, eta I-Ek alde bozkatu dute; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, berriz, aurka.
PPNk aurkeztutako adierazpen-proposamenak baztertu diren beste bi puntu ere bazeuzkan. Puntu horien aurkako botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta I-Ek, eta aldeko botoa, berriz, UPNk eta PPNk. Hona bi puntu horiek:
“1. Nafarroako Gobernuak Nafarroako ikastetxe publiko eta ikastetxe itundu guztietan inposatu nahi duen Skolae programa erretiratzea exigitzen du Nafarroako Parlamentuak, ikasgeletan genero-ideologia inposatzea bilatzen baitu.
2. Nafarroako Parlamentuak gurasoen askatasunarekiko errespetua exigitzen du, beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza aukeratu ahal izan dezaten, Espainiako Konstituzioak askatasun hori babesten baitu”.
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errefusatu eta gaitzetsi egiten baitu Iruñeko emakume baten urriaren 23ko ustezko hilketa. Adierazpena UPN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Adierazpenaren alde bozkatu dute UPNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Izquierda-Ezquerrak; PPNk 1., 2., 3. eta 5. puntuen alde eta 4. eta 6. puntuen aurka bozkatu du.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“- Nafarroako Parlamentuak errefusatu edo/eta gaitzetsi egiten du Iruñeko emakume horren ustezko hilketa, eta bere elkartasuna adierazi nahi die hildakoaren familiari eta ingurune hurbilari une latz honetan.
- Beste behin ere berresten du errefusatu edo/eta gaitzetsi egiten duela gure gizartean gerta daitekeen eraso, indarkeria nahiz jarrera sexista oro, eta konpromisoa hartzen du emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazten, segurtsuna hobetzen eta emakumeek ingurune orotan askatasun osoa baliatu ahal izatea bermatzen laguntzeko.
- Erakunde publiko bat eta herritar aktiboak garen aldetik, beharrezkoa da konpromisozko jarrera bat izan dezagun eraso matxisten aitzinean, eta Parlamentu honen asmoa da horretan lanean jarraitzea.
- Beharrezkoa da, halaber, lan egitea gizarteak kultur eredua alda dezan; izan ere, eredu horrek erasotzailea babesten du eta emakumeak errudun egiten ditu, emakumeei etorkortasuna exigitzen baitie piropoak, eragozpenak nahiz jazarpenak onartzeko, festaren edo ohituren aitzakian.
- Herritarrei gonbit egiten die ez daitezen ezer egin gabe gelditu emakumeen aurkako indarkeriaren eta erasoen aitzinean, eta emakumeek beren harremanei, gorputzari eta sexualitateari buruz erabaikitzeko eskubidea dutela erreklamatzen du.
- Bat egiten du Iruñean egiten diren deialdiekin eta komunikatuekin, eta herritarrei dei egiten die mugimendu feministak deitzen dituen protesta-ekitaldietan parte har dezaten”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten baitu bakearekiko eta bizikidetasunarekiko konpromisoa Nafarroako herri guztietan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta Izquierda-Ezkerrak aldeko botoa eman dute. UPNk, PSNk eta PPNk lehendabiziko puntuaren aldeko botoa eman dute. UPNk eta PPNk bigarren eta hirugarren puntuen aurkako botoa eman dute, eta PSN abstenitu egin da.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du bakearekiko eta bizikidetasunarekiko konpromisoa Nafarroako herri guztietan, eta zeharo prest dago helburu hori lor dadin lan egiteko.
2. Nafarroako Parlamentuak zeharo salatzen ditu zenbait sektore politikok eta mediatikok Altsasuko herriari eragindako eta oraindik ere eragin nahi dizkioten instrumentalizazioa eta manipulazioa, eta errefusatu egiten ditu herrian behargabeko sumin eta tentsio giroa sortu nahi duten jarrerak eta jokabideak.
3. Nafarroako Parlamentuak bere babes osoa adierazi nahi dio Altsasuko herriari, eta aintzat hartzen du hango bizilagunek bizikidetasunaren, normalizazioaren, justiziaren eta proportzionaltasunaren alde bi urte hauetan izandako jarrera gizalegezkoa eta eredugarria, eta dei egiten die bide horretan lan egiten jarrai dezaten”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak kezka adierazten baitu ultraeskuina mundu osoan gora egiten ari delako. EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek aldeko botoa eman dute; Geroa Bai eta PSN abstenitu egin dira, eta UPNk eta PPNk ez dute bozketan parte hartu.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Kezka adierazten du ultraeskuina mundu osoan gora egiten eta hedatzen ari delako, eta errefusatu egiten du demokrazia eragozten duen sistema kapitalistak elikatzen duen faxismoa.
2. Uste du Dilmaren aurkako kolpearen edo Lula da Silva espetxeratzearen aitzinean nazioarteko erkidegoak erreakzionatu ez izanak erraztu egin duela Bolsonaroren garaipena eta, horrenbestez, herrialdean demokrazia murriztea, eta nazioarteko erkidegoa premiatzen du lehendakari berriari exigi diezaion sistema demokratikoa eta herritar guztien giza eskubideak zorrotz errespeta ditzan.
3. Elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkie Brasilen gaurgero erresistentzia demokratikoa baliatuko dutenei; batik bat, Langileen Alderdiari.
4. Errefusatu egiten ditu Latinoamerikako herrialde desberdinei egiten zaizkien etengabeko erasoak, Estatu Batuek sustatutako eta EBren isiltasun konplizea izan duten kanpo politiken bitartezkoak, zeinen helburu bakarra baita dinamitatzea herrialde horien emantzipazio prozesuak, kontra egiten diotenak interes politiko eta ekonomiko oso garrantzitsuak baina kasuko herrialdearen kontrakoak aldezten dituzten transnazionalen eta nazioarteko sektoreen espoliazioari”.