2018ko urriaren 8ko bilkura
NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, URRIAK 8, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, urriak 8–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:
Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:
FORU LEGE PROPOSAMENAK:
- Mahaiak erabaki du Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko Foru Lege proposamena, zeina 2018ko urriaren 4ko Osoko Bilkuran aintzat hartu baitzen, izapidetzen jarraitzea eta zuzenketak aurkezteko epe bat irekitzea.
- Mahaiak erabaki du Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko Foru Lege proposamena, zeina 2018ko urriaren 4ko Osoko Bilkuran aintzat hartu baitzen, izapidetzen jarraitzea eta zuzenketak aurkezteko epe bat irekitzea.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, zeinaren bidez adierazi baitu ez dagoela ados Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin.
- Ingurumenaren babesari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Mikel Buil García jaunak eta María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu dute.
MOZIOAK:
- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da maisu-maistren kidegorako lan-eskaintza publikorako deialdia segurtasun juridikoz egin dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da foru lege proiektu bat igor dezan Parlamentura, apustuekin eta, bereziki, kirol apustuekin zerikusia duen guztia arautzeko xedez. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.
AGERRALDIAK:
- Erretiratzea Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariak egin beharreko agerraldia, azaltzekoa entitate horrek zer jarrera daukan Toki Maparen aldaketari dagokionez. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
- Erretiratzea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak egin beharreko agerraldia, Kasedan irailaren 18an izandako gertakariak eta 112ak egindakoa azaltzekoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.
- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, SuperSer zenak Cordovillan zeuzkan lursailetan IKEA enpresa kokatzeari begira Nafarroako Gobernuaren, NASUVINSA enpresa publikoaren eta IKEA enpresaren arteko elkarrizketen eta negoziazio prozesuaren xehetasunak eman ditzan. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.
- Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakariarena, 2017ko Jardueren Memoria aurkez dezan. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakari Juan Luis Beltrán Aguirre jaunak aurkeztu du.
- Nafarroako Gobernuaren erabakia, 2018ko urriaren 3koa, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita Gelagri Ibérica, SLk sustatutako enpresa-inbertsioaren proiektua.
LAN-BILKURAK ETA BISITAK:
- CSI-CSIF eta APS irakasle-sindikatuen eta irakasle-elkartearen ordezkariekin, Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko 2018-2022 urteetarako itunari buruzko iritzia eman dezaten. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
- Kurdistango Ilargierdi Gorriaren ordezkaritza bat, Siriako iparraldeko gerraren testuinguruan sorturiko beharrizanak azaltzeko. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
BATZORDE BEREZIAK ETA PONENTZIAK:
- Mahaiak erabaki du Parlamentuaren Zerbitzu Juridikoei eskatzea txosten bat egin dezaten Corinaren grabazioei eta Juan Carlos I.a errege emerituak eginiko balizko irregulartasunei buruzko ikerketa batzorde bat eratzeko eskaera dela-eta. Eskaera EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Txosten juridikoa eskatzearen aldeko botoa eman dute Ainhoa Aznárez Igarza lehendakariak, Unai Hualde Iglesias lehen lehendakariordeak, Alberto Catalán Higueras bigarren lehendakariordeak eta Maribel García Malo bigarren idazkariak; aurkako botoa eman du, aldiz, Maiorga Ramírez Erro lehen idazkariak. Eledunen Batzarrean txosten juridikoa eskatzearen alde agertu dira UPN, Geroa Bai, PSN eta I-E; aurka azaldu dira, berriz, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai.
Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoek txostena egiten dutenean emanen dute zuzendaritza-organoek ekimenaren onargarritasunari buruzko iritzia.
AHOZKO GALDERAK:
- Gerra Zibileko eta diktadurako artxiboak berreskuratzeari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.
- Laborategi bateratuaren egoerari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.
- Nafarroako Gobernuak Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua biltzeari buruz daukan aurreikuspenari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.
- Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen eta Funtzio Publikoaren Estatutuaren nahiz garapen-arauen indarreko foru araudiaren arteko desadostasuna konpontze aldera bideratutako jarduketei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mariano Herrero Ibáñez jaunak aurkeztu du.
- Familia Ugariei buruzko 2003ko Foru Legea eguneratzeari dagokionez Nafarroako Gobernuak daukan aurreikuspenari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.
- Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak Nafarroako ingurumena hobetze aldera aurreikusten dituen ekintzei buruzkoa. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.
GALDERA IDATZIAK:
- Erlijio islamikoaren ikasgaiari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
- Ezgaitasun psikikoa duten pertsonentzako garraiobideari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.
BESTELAKO GAIAK:
- Mahaiak jasotzat eman du foru parlamentari Irizar Jauregui jauna Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioan eta Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordean, Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordean, Eskarietarako Batzordean eta Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Justizia eta Barne Batzordean sartu dela.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALETARAKO PROPOSAMENAK:
-Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du erakunde demokratikoak indarrez hartzea, segurtasun-indarrei eraso egitea edo ordezkari demokratikoei jazarri edo esestea dakarren indarkeriazko ekintza oro. UPN talde parlamentarioak aurkeztu du.
Adierazpenaren alde bozkatu dute UPNk, PSNk, PPNk eta I-Ek; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta Podemos Ahal Dugu-Orain Baik, aldiz, aurka bozkatu dute.
Adierazpenak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du erakunde demokratikoak indarrez hartzea, segurtasun-indarrei eraso egitea edo ordezkari demokratikoei jazarri edo esestea dakarren indarkeriazko ekintza oro”.
UPNk aurkeztutako adierazpen instituzionalak beste hiru puntu zeuzkan, baina ez dira onartu. Geroa Baik EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek bigarren eta hirugarren puntuen aurka bozkatu dute; UPNk eta PPNk horien alde bozkatu dute eta PSN, berriz, abstenitu egin da. Eta laugarren puntua Geroa Bairen, EH Bildu Nafarroaren eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen aurkako botoarekin baztertu da. UPNk, PSNk eta PPNk alde bozkatu dute, eta I-E abstenitu egin da.
Hona onartu ez diren puntuen testua:
“2.- Nafarroako Parlamentuak orobat arbuiatzen du Kataluniako Gobernuaren ordezkari gorenak erradikalei hauspoa ematea erakundeak estutu ditzaten, beren asmo politikoak lortzeko xedez.
3.- Nafarroako Parlamentuak ohartarazi nahi du bizikidetasuna haustea eta herritarren arteko liskarrak dakartzala erradikalizazioa sustatzen duen estrategia orok, Kataluniako Gobernuaren ordezkariek baliatutakoak kasu.
4.- Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du bateraezinak direla legeak eta auzitegiak gutxiestea eta demokrazia, eta gutxiespen horrek jokabide totalitario bat islatzen duela”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela Kataluniako gizartean dauden jarrera politikoen artean hitz egitea eta negoziatzea. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta I-Ek alde bozkatu dute; UPNk eta PPNk, berriz, aurka.
Adierazpenak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela Kataluniako gizartean dauden jarrera politikoen artean –independentistak, federalistak, autonomistak...– eta Kataluniako erakundeen eta Espainiako Gobernuaren artean hitz egitea eta negoziatzea, dagoen gatazka politikoari konponbide politiko bat eman ahal izan dakion”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak askatasunarekiko, demokraziarekiko eta eskubide zibil eta politikoekiko konpromisoa adierazten du. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek aurkeztu dute.
Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerrak alde bozkatu dute; UPN eta PPNk aurka, eta PSNk, berriz, lehenengo puntuaren alde eta bigarrenaren eta hirugarrenaren aurka bozkatu du.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak askatasunarekiko, demokraziarekiko eta eskubide zibil eta politikoekiko konpromisoa adierazi nahi du, elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustua berretsi bidenabar, horiexek baitira gatazka politikoak ebazteko bide bakarrak”.
2. Nafarroako Parlamentuak berriro ere salatu nahi du Kataluniako herritarrek zilegitasunez eta demokratikoki hautatu zituzten Kataluniako Gobernuko kideen –eta bestelako indar politiko eta sozialei lotutako pertsonen– behin-behineko espetxeratzeak eta erbesteratzeak dakarten salbuespen demokratikoko egoera. Hartara, horiek denak berehala askatzea beharrezkoa dela adierazi nahi du.
3. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua eta Estatuko botereak premiatzen ditu beren errepresio-estrategia albo batera utz dezaten eta elkarrizketaren nahiz errespetuaren bidea jorra dezaten – Kataluniako erakundeen ordezkarien eskubide zibil eta politikoekikoa– , egoera hau bideratzeko”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere egiten du elkarrizketa soziala, Nafarroako Foru Komunitaterako garapen ekonomiko eta sozial orekatu bat lortzeko osagarri funtsezko eta estrategiko gisa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
Alde bozkatu dute UPNk, PSNk eta PPNk. Geroa Bai abstenitu egin da. Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik aurka bozkatu du. EH Bildu Nafarroak bigarren, hirugarren eta laugarren puntuen alde eta bosgarrenaren aurka bozkatu du eta abstenitu egin da lehenengoan. Izquierda-Ezkerrak, berriz, hirugarren, laugarren eta bosgarren puntuen alde bozkatu du eta abstenitu egin da lehenengoan eta bigarrenean.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak bere egiten du elkarrizketa soziala, Nafarroako Foru Komunitaterako garapen ekonomiko eta sozial orekatu bat lortzeko osagarri funtsezko eta estrategiko gisa.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua defendatu eta babesten du, eragile ekonomiko eta sozialen eta Foru Administrazioaren arteko topaketa, parte-hartze eta negoziazio instituzionalerako hiruko organo gisa.
3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du elkarrizketa soziala indar dezan bere eskumenen esparruan, hura sustatzeko politikak eta baliabideak sortuz.
4. Nafarroak Parlamentuak babestu egiten du 2017ko urtarrilaren 25ean Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluko batzorde iraunkorrak sinatutako akordioa, Enplegu Plana negoziatzeko ibilbide-orria ezartzen duena.
5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Legebiltzar honek 2018ko maiatzaren 24an onetsitako erabakiak bete ditzan. Haien bidez, Nafarroako Gobernua premiatu zuen Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua dei zezan urgentziaz, betearazte aldera 2017ko urtarrilaren 25ean sinatutako akordioa, bai eta 2019tik 2023ra bitarteko Enplegu Plana, aldez aurretik Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan adostua, bidal zezan ere.
- Ez da onartu adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak uste baitu VOX alderdiak egindako ekitaldiak edo Tuteran eginiko banderaren zin-egite zibilak Memoria Historikoaren arloko legedia indardunaren oinarrian dauden printzipioak urra ditzaketela.
Eledunen Batzarrak ez du onartu adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak uste baitu VOX alderdiak egindako ekitaldiak edo Tuteran eginiko banderaren zin-egite zibilak Memoria Historikoaren arloko legedia indardunaren oinarrian dauden printzipioak urra ditzaketela. Proposamena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
UPNk, PSNk eta PPNk aurka bozkatu dute, Geroa Bai abstenitu egin da eta EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek alde bozkatu dute.
Onartu ez denº erabaki proposamenak honako hau zioen:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Uste du ekitaldi horiek Memoria Historikoaren arloko legedia indardunaren oinarrian dauden printzipioak urra ditzaketela.
2. Deitoratu egiten du enblema frankistak dauzkan bandera baten zin-egitea –”América 66” Infanteriako Erregimentuarena–, ez bailuke, hortaz, Nafarroako inolako erakunderen babesa izan beharko.
3. Uste du ekitaldi hori balio demokratikoetatik urrun dagoela eta, are, frankismoaren gorazarretik gertu egon litekeela”.