2020ko urtarrilaren 27ko bilkura
NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, URTARRILAK 27– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, urtarrilak 27–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:
FORU LEGE PROIEKTUAK:
- Ezetsi egin da Navarra Suma talde parlamentariak aurkeztutako idazkia, zeinaren bidez eskatzen baitu Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea luza dadin. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aurka bozkatu dute, eta I-E abstenitu egin da.
- Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren idazkia, Garesko Udalak sustaturiko “Gares Energia” trantsizio energetikorako proiektu aitzindariaren finantzatze-beharrizanei aurre egiteko kreditu berezi bat ematen duen azaroaren 20ko 25/2019 Foru Legea dela-eta.
Kontu-hartze Orokorrak aurkeztutako eragozpen-ohar bati dagokionez, kontseilariak eskatzen zuen eledunek aipa zezatela 25/2019 Four Legearen barruan diruz lagun zitezkeen kontzeptu gisa jasotzen zirela pilotalekuaren estalkia aldatzea, instalazio fotovoltaikoa eta proiekturako laguntzak eta haren idazketa. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek onartu egin dute hori; Navarra Sumak, bere aldetik, adierazi du Nafarroako Parlamentuak eskumenik ez duela Kontu-hartze Orokorraren eragozpen-oharrak direla eta.
FORU LEGE PROPOSAMENAK:
- Hezkuntza Batzordearen irizpen negatiboa, Erlijioaren irakaskuntzari eta haren ordezkoei buruzko Foru Lege proposamena dela-eta.
INTERPELAZIOAK:
- Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea dela-eta garatuko den politika orokorrari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Alberto Bonilla Zafra jaunak aurkeztu du.
- Gardentasunaren eta Gobernu Irekiaren arloko politika orokorrari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko José Suárez Benito jaunak aurkeztu du.
- Trantsizio energetikoaren arloko politika orokorrari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Virginia Magdaleno Alegría andreak aurkeztu du.
- Turismoaren arloko politika orokorrari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.
MOZIOAK:
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da ukitutako toki entitateetako udalekin lankidetzan jardun dadin, behin betikoa izan dadin ADIFek eta RENFEk Castejóngo, Tafallako eta Altsasuko tren-geltokietako txarteldegiak berriro irekitzeko behin-behineko erabakia. Geroa Bai talde parlamentarioko Pablo Azcona Molinet jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Estatuko Gobernua premiatzen da egin beharreko zuzemenak egin ditzan Frantziako Gobernuaren aitzinean, Francisco Franco diktadoreari Ohorezko Legioaren saria erretira dakion. Geroa Bai talde parlamentarioko Mikel Asiain Torres jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da N-121-A errepidetik ibilgailu astunen zirkulazioa murrizteko edo mugatzeko har litezkeen neurriak azter ditzan. Geroa Bai talde parlamentarioko Blanca Isabel Regúlez Álvarez andreak aurkeztu du.
- Horren bidez, Estatuko Gobernua eta Nafarroako Gobernua premiatzen dira zenbait neurri har ditzaten lindano izenarekin ezagutzen den pestizida dela-eta. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da 142/2004 Foru Dekretua alda dezan, gure erkidegoko etxebizitza-premia berriei erantzuteko. Navarra Suma talde parlamentarioko Jorge Esparza Garrido jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da zain dezan Espainiako Konstituzioaren 27.1 artikulua –”denek dute hezkuntzarako eskubidea, eta irakaskuntza-askatasuna aitortzen da”– eta 27.2 artikulua –hezkuntzaren helburua pertsonaren nortasuna osotara garatzea izanen da, bizikidetzaren printzipio demokratikoen errespetuan eta oinarrizko eskubide eta askatasunen errespetuan– betetzen direla. Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat egin dezan, etorkinak D nahiz A ereduan sar daitezen. Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztu du.
AGERRALDIAK:
- Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariarena, departamentuak Emanzipa eta DaVid programen lehendabiziko urteari buruz egiten duen ebaluazioa azal dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Jorge Esparza Garrido jaunak aurkeztu du.
- Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariarena, Parque de la Naturaleza de Navarra SAren plan estrategikoari, inbertsio-planei eta jarduketei buruz informa dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
LAN-BILKURAK ETA BISITAK:
- Gazkalo-Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioko ordezkariekin, Nafarroan etxebizitzaren egoera zein den azal dezaten. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
- ADELUNA-Lupus gaixotasuna dutenen Nafarroako elkartearen ordezkariekin, lupusa duten nafarrekin –haur nahiz helduekin– egiten dituzten jarduerak azal ditzaten. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Patricia Fanlo Mateo andreak aurkeztu du.
- Alkateen ordezkariekin, N-121-A errepidean urgentziaz ezarri beharreko neurriak azal ditzaten. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
- “Son nuestros hijos” elkartearen ordezkariekin, Espainian haurduntza subrogatua zertan den eta praktika horretara jo duten espainiar familiek duten egoera azal dezaten. Navarra Suma talde parlamentarioko Alberto Bonilla Zafra jaunak aurkeztu du.
- Esku-hartze sozialeko entitateen Nafarroako elkartearen ordezkariekin, Nafarroan lan-baldintzak arautzen dituen esku-hartze sozialeko autonomia-hitzarmenaren negoziazioa zertan den azal dezaten. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
- Iratxeko monasterioan egindako indusketa arkeologikoko obretara bisitan joateko eskaria erretiratzea. Navarra Suma talde parlamentarioko Isabel Olave Ballarena andreak aurkeztu du.
AHOZKO GALDERAK:
- Polizia-gehiegikeriei buruz Nafarroak eta EAEk onetsitako legeen aurka PPk, Cs-ek eta Voxek aurkeztutako errekurtsoak Konstituzio Auzitegiak izapidetzeko onartu izanari buruz Nafarroako Gobernuak zer balorazio egiten duen jakite aldera aurkeztutako galdera erretiratzea. Geroa Bai talde parlamentarioko Jabi Arakama Urtiaga jaunak aurkeztu du.
- NA-121-A errepidean egin beharreko jarduketen lehentasunari buruzko galdera erretiratzea. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.
- Iruzur fiskalaren aurkako borrokari buruzkoa. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.
- 2030eko Agenda garatzeko konpromisoa bultzatze eta sendotze aldera aurreikusitako jarduketei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Nuria Medina Santos andreak aurkeztu du.
- Espainiako Gobernuak larrialdi klimatikoa deklaratu izanari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Virginia Magdaleno Alegría andreak aurkeztu du.
GALDERA IDATZIAK:
- Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren esparruan jakinarazpen elektronikoen zerbitzua nola eman arautzen duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 31ko 99/2019 Foru Aginduari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.
- Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Jorge Esparza Garrido jaunak aurkeztu du.
KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:
- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egindako aurrekontu-aldaketak, zeinak 2019ko azaroan sartu baitziren erregistroan.
BESTELAKO GAIAK:
- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, onetsi egin ditu Nafarroako Parlamentuko Lehendakariaren 2020rako ordainsariak (73.380,44 euro), Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kide diren lanaldi osoko foru parlamentarienak (60.337,14 euro), lanaldi osoko foru parlamentarienak (53.631,52 euro), lanaldi osorik gabeko Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kide diren foru parlamentarienak (45.252,62 euro) eta lanaldi osorik gabeko gainerako foru parlamentarienak (40.223,68 euro). Ordainsari guztiak ehuneko bi igo dira 2019ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean.
Halaber, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, foru parlamentarien bertaratze-ordainsariak onetsi ditu 2020rako, halako moduan non ehuneko 2 igoko baitira 2019ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean: 146,30 euroko dieta, deituak diren ekitaldi parlamentarioetara bertaratzeagatik, egoitza Iruñean edo Iruñetik 25 kilometrora bitarteko herrietan daukaten foru parlamentarientzat; 173 euroko dieta, deituak diren ekitaldi parlamentarioetara bertaratzeagatik, egoitza Iruñetik 25 kilometro baino gehiagora dauden herrietan daukaten foru parlamentarientzat.
Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, Nafarroako Parlamentuko behin-behineko langileen ordainsariak onetsi ditu, zeinek ehuneko 2ko igoera izanen baitute 2019ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko: lehendakariaren kabineteburua, 54.946,22 euro; lehendakariaren idazkaria, 41.332 euro; Mahaiko kideen idazkaria, 33.444,32; eta talde parlamentarioen laguntzaileak, 33.444,32 euro.
Bestalde, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, talde parlamentarioentzako 2020ko diru-laguntzak onetsi ditu, zeinek inongo igoerarik ez baitute izanen 2019ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko:
8.091 euroko diru-laguntza finkoa hilabeteko eta talde parlamentarioko; eta diru-laguntza aldakor bat, kontzeptu hauen baturaren araberako zenbatekoa: Funtzionamendu-gastuak: 1.462,00 euro hilabeteko eta parlamentari bakoitzeko; antolaketa-gastuak: 1.117,00 euro hilabeteko eta parlamentari bakoitzeko, eta langile- eta jarduera-gastuak: 4.172,00 euro hilabeteko eta talde parlamentarioko bost parlamentari bakoitzeko edo zatikiko.
Halaber, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, foru parlamentarien bidaia ofizialen eta Legebiltzarreko langileek lanaren kariaz egiten dituztenen ondoriozko ordainsarien araubidea onetsi du 2020rako, eta ordainsari horiek ehuneko 2ko igoera izanen dute 2019ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko: 51 euro eguneko Nafarroatik kanpora eginiko bidaiengatik (mantenurako gastu arruntak) eta 81,60 euro eguneko atzerrira eginiko bidaiengatik (mantenurako gastu arruntak). Lokomozio-gastuengatiko ordainsariak: kilometro bakoitzeko 0,32 euro. Hauek dira kargarik gabeko zenbatekoen mugak 2020rako: mantenurako gastuengatik, 53,34 euro egun bakoitzeko Espainiako lurraldean eginiko bidaiengatik eta 91,35 euro egun bakoitzeko atzerrira eginiko bidaiengatik, eta lokomozio-gastuengatik, 0,32 euro kilometro bakoitzeko gehi justifikaturiko bidesari eta aparkaleku gastuak ere.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak ez dute onetsi Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikorako Nafarroako Parlamentuko ordezkari gisa bi kide hautatzeko arauak aldatzeko proposamena, Navarra Sumak aurkeztutakoa. PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurka bozkatu dute; EH Bildu eta I-E, berriz, abstenitu egin dira. Gainera, otsailaren 6ra arteko epea ireki da, 17:30ean, bi bokal horiek izendatzeko hautagaitzak aurkezteko. Ezarritako arauen arabera, bozketa sekretua izanen da, eta boto-paper bakoitzean gehienez bi izen sartu ahal izanen dira, aukeratu beharreko karguak adina.
- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, jasotzat eman du Podemos Ahal Dugu talde parlamentarioari IX. legegintzaldian esleitutako dirulaguntzak ordaintzeko eta dirulaguntza horiei buruzko espediente ekonomiko-administratiboa bukatzeko eskariari buruzko txostena. Txostenaren amaieran, Mahaia premiatzen da deklara dezan “dirulaguntzak huts egin duela” eta “Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 13/2007 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren 3. apartatuari jarraituz, hura itzul diezaion Foru Komunitatearen altxorrari”. Hori guztia "Mahaiaren eskumena" dela argi utzi ondoren, "Eledunen Batzarrak ere horren berri izatea baztertu gabe". 2019ko ekainaren 18an, saldoa 468.663,20 eurokoa zen.
GAI EKONOMIKOAK, BARNE ANTOLAMENDUKOAK ETA KONTRATAZIOARI BURUZKOAK:
- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamendu Ekonomiko-finantzario berria onetsi du, aurrekoa 2000koa baitzen. Horren arrazoia da haren edukia egokitu egin behar zaiola Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeari, Mahaiaren 2012ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez onetsitako Kontabilitate Publikoko Plan Orokor berriari eta Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeari.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi Navarra Sumak aurkeztutako adierazpen instituzionaleko proposamena, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuko presidentea premiatzen baitu Venezuelako Batzar Nazionaleko Zuzendaritza Batzorde Berriaren zilegitasuna aitor dezan eta Madurok egindako kolpe saiakera gaitzets dezan.
PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu dute; eta Navarra Sumak alde bozkatu du.
Onetsi ez den adierazpen instituzionalaren proposamenak honako hau zioen:
“1. Espainiako Gobernuko lehendakaria premiatzen da lehenbailehen aitor dezan Venezuelako Batzar Nazionaleko Zuzendaritza Batzorde berriaren zilegitasuna, eta Juan Guaidó Venezuelako presidente arduradunari adieraztea Gobernu osoaren eta Espainiako herri osoaren berariazko babesa duela Venezuelan demokrazia berreskuratzeko bultzatzen eta gidatzen ari den prozesurako.
2. Espainiako Gobernua premiatzea zalantzarik gabe gaitzets ditzan Madurok egindako kolpe saiakera eta indar demokratikoetako diputatuen eskubide zibil eta politikoak eta adierazpen eta informazio askatasunerako eskubideak, kazetarienak zein venezuelarrenak, behin eta berriz urratu izana.
3. Espainiako Gobernua premiatzea Europar Batasunean liderra izan dadin Maduroren erregimeneko goi-funtzionarioei zigorrak ezarri, haien kontuak blokeatu eta Venezuelan hauteskunde demokratiko, aske eta gardenak egitearen alde egiteko".
Archivos adjuntos