2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea
Osoko bilkuran onetsia. 2020ko abenduaren 23an
Nafarroako Parlamentuak gaur onetsi du, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin 2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea. 4.870.520.378 euroko kredituak bildu dira, horietatik 4.481,4 milioi euro gastu ez-finantzarioari dagozkio eta 389,1 milioi euro gastu finantzariori. Navarra Sumak aurkako botoa eman du.
Legearen 1. artikuluan jasorik dagoenez, 2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek, zeinetan 4.870.520.378 euroko kredituak bildu diren, atal hauek dituzte: Parlamentuaren, Kontuen Ganberaren eta Arartekoaren aurrekontuak; Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aurrekontua; Nafarroako Kontseiluaren aurrekontua; Foru Komunitateko fundazio publikoen aurrekontuak; eta Foru Komunitateko sozietate publikoen aurrekontuak.
Bigarren artikuluan ageri denez, 4.481,4 milioi eurokoa da gastu ez-finantzarioaren muga, 2020koarekin alderatuz % 5,28 gehiago. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 34. artikuluan dago araututa muga hori. 2020rako aurrekontuarekin alderatuz, desberdintasuna 224,8 milioi eurokoa da.
Aurrekontu-egonkortasunaren arloko helburuak betetze aldera, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat, 3.665.393.195 euroko muga ezarri zaio gastu ez-finantzarioari, behin Toki Ogasunen Funtsa deskontatuta.
Hirugarren artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen aginduen araberakoak izanen dira aurrekontu-kredituen aldaketak, onetsitako foru legeak agindu horiek aldatzen ez dituen heinean.
Hala ere, ez dira aurrekontu-aldaketatzat hartuko partiden arteko funts mugimenduak, baldin eta, partida horietan agertzen diren kredituek helburu bera izanik, partida ezberdinetan kokatuta badaude Europar Batasunak gastuen erabilera hobeto kontrolatze aldera halaxe exijitzeagatik, gastuak hein batean hark kofinantzatuak izatearen ondorioz.
Europar Batasuneko programen aurrekontu-aldaketei dagokienez, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak txostena egin ondoren, aurrekontuetan behar diren aldaketak egiteko baimena eman ahal du, EBk kofinantzatutako programa eta proiektuak ekitaldian zehar ahalik eta hobekien betetzeko, Europako Batzordeak hasierako dokumentuan onetsitakoari edo ondoren jarraipen batzordeek edo Batzordeak berak eginiko aldaketei jarraituz. Aurrekontu-aldaketak gastuen egoera-orrietan agertzen diren edozein motatako kredituen bidez finantzatu beharko dira.
Gaur Osoko Bilkuran onetsitako 3 in voce zuzenketak jasotzen ditu legeak, aldez aurretik abenduaren 14 eta 18 bitartean Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean eztabaidatu (599 zuzenketa eztabaidatu ziren) eta irizpenean jaso diren 274 zuzenketei gehituz (horiek guztiak PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek konbinazio desberdinetan aurkeztuak). Onetsitako zuzenketen balioa, gaurkoak gehituz, 13.698.158 eurokoa da.
Osoko bilkurako eztabaidan beraz Navarra Sumak mantendutako 235 zuzenketa eztabaidatu dira, gehi aurkeztutako 5 in voce zuzenketak, horietako 2 Navarra Sumak aurkeztuak, beste 2 PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk sinatuak eta beste bat hiru talde hauek eta EH Bilduk sinatuta.
Osoko bilkurak eztabaidatutako in voce zuzenketak hauek dira:
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentua
- Gastuak handitzeko zuzenketa, 11.000 eurokoa, Kattalingorrirekiko hitzarmena, LGTBI kolektiboari arreta-zerbitzua emateko izeneko partidarako. Helburua da “Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko hitzarmenaren esparruan elkarte horrek eskaintzen duen zerbitzu juridikoari eustea”. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontingentzia Funtsa partidaren kargura finantzatuko da. Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin onetsi da.
Osasun Batzordea:
- Gastuak handitzeko zuzenketa, 8.300 eurokoa, O-NOZeko eta Osasun Publikoko langileen jaiegun berezietako guardien ordainsariak izeneko partida berrirako, “ordainketa horren zenbatekoa zehazte aldera”. Osasun Departamentuaren Produktibitate-osagarria partidaren kargura finantzatuko da. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.
- Gastuak handitzeko zuzenketa, 7.400 eurokoa, Barneko mediku egoiliarren prestakuntzarako ordainsariak izeneko partida berrirako, “ordainketa horren zenbatekoa zehazte aldera”. Osasun Departamentuaren Produktibitate-osagarria partidaren kargura finantzatuko da. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.
Eztabaida bukatuta, 2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea bozkatu dute.
-
Foru Lege Proiektua (124. NPAO, 2020-11-12koa)
-
Zuzenketak (131. NPAO, 2020-11-23koa)
-
Zuzenketak (139. NPAO, 2020-12-11koa)
-
Irizpena (147. NPAO, 2020-12-23koa)
Archivos adjuntos
BOPN nº 149, del 29 del diciembre de 2020
149. NPAO, 2020ko abenduaren 29a
BOPN, nº 124, del 12 de noviembre de 2020
124. NPAO, 2020ko azaroaren 12a
BOPN nº 131, del 23 de noviembre de 2020
131. NPAO, 2020ko azaroaren 23a
BOPN nº 139, del 11 de diciembre de 2020
139. NPAO, 2020ko abenduaren 11